Altuna III VS Artola _ Buruz Buruko Finala 2025

Bederatzigarrenean ere, harrera beroa

Ataria 2025eko ekainaren 2a

Ehundik gora amezketar bildu dira herriko plazan, Jokin Altuna buruz buruko txapeldunari ongi etorria egiteko; pilotariak berak ere eskertu zuen babesa.

Jokin Altuna pilotari amezketarrak gertukoak gogoan izan zituen igandean, buruz buruko txapela jantzi berritan egin zioten elkarrizketan: «Ibilbide guztian nirekin egon den jendeari eman behar dizkiot eskerrak; txikitatik lagundu nauen jendea, familia eta lagunak».

Bilbotik etxera bueltan, harrera beroa egin zioten ehundik gora herritarrek, Amezketako plazan. Altunak lehen mailan jantzi duen bederatzigarren txapela da aurtengo buruz burukoa, eta beste behin ere, herritarrek gogoz aitortu diote lortutako garaipena.

Hasteko, buruz buruko txapeldunak hunkituta gurutzatu zuen talai dantzariek egindako arkua. Ondoren, aurten mende erdia bete duen talai dantza eskaini zioten. Behin dantza amaituta, Mikel Arteaga alkateak hartu zuen hitza, eta Bixente Gorostidi herrikide eta bertsolariak bi bertso bota zizkion Altunari.

Opari bat ere jaso zuen pilotariak. Hain justu, aurten ere 50. urteurrena betetzen ari den Zazpi Itturri Pilota Elkarteko kide diren eta garai batean pilotari profesional izan ziren Haritz Saez de Nanclaresek eta Eneko Galartzak eman zioten. Argazki bat zen, apirilaren 5ean, elkartearen 50. urteurrena ospatzeko festa egunean jokatu zuten partidakoa. Harrerari amaiera emateko, Altunak berak hartu zuen mikrofonoa, jasotako babesagatik herritarrak eskertzeko.

Ondoren, 160 lagun inguru elkartu ziren Larrunarri pilotalekuan, afaltzeko. Tartean, pilotariak ere izan ziren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!