Altuna III VS Artola _ Buruz Buruko Finala 2025

«Horrelako finalak irabaztea askoz gehiago baloratzen da»

Ataria 2025eko ekainaren 1a

Olaizola, Beloki edota Atano III.aren pare jarri da buruz buruko laugarren txapela eskuratuta. Azkena lortzeko, baina, gogor borrokatu behar izan du amezketarrak.

Partida gogorraren ostean, txapela azkenean Amezketara.

Bai. Sekulako finala izan da. Oso gogorra. Ikaragarria izan da. Oraindik sinistu ezinda nago.

Partidak zati desberdinak izan ditu. Lehenengoan zu izan zara nagusi, eta 10-3 aurreratu zara. Orduan Artolak egin du gora, 15-19 jarri arte. Eta, azken txanpan zuk irauli duzu markagailua.

Bigarren zatian berak agindu du, eta niri oso gogorra egin zait. Azken tantoetan, berriz, nik agindu dut. Une batean bazirudien bera fisikoki gehiago zela, baina azkenean nik aurrera egin dut. Partidaren zati handi batean aurrera eta atzera ibili naiz. Oso urruti ematen zion berak eta korrika atzera egiten nuen. Hori fisikoki oso gogorra da, batez ere hankentzat. Azken zatian, baina, alderantziz izan da. Nik eskuinarekin gogor eman diot. Gehien eman diodan partidako unea horixe izan da. Eta, orduan, bera ibili da aurrera eta atzera. 

Eusten jakin duzu.

Banekien bukaerara arte guztia emango nuela. Azken zatiko tanto batean, Iñakik bi pareta egin eta nik bi pareta batekin erantzun diot tanto eginez. Hortik aurrera ez diot aukerarik eman. Partida guztiak topera jokatzen ditugu, baina agian lagunartekoa balitz ezingo nituzke azken unean atera ditudan indar horiek atera. Gaurko partidan, ordea, urteko txapelketarik garrantzitsuena dela kontuan hartuta, etxera dena emanda itzuli nahi duzu. Oso harro nago. Final batzuk erraz irabaztea egokitu zait, baina gaurkoa bezalako finalak irabaztea askoz gehiago baloratzen duzu, eta oso pozik nago.

16-19ko tantoa izan al da gakoa? Hortik aurrera denak jarraian egin dituzu 22ra iritsi arte.

Bai, partidako tanto gakoetako bat izan da. Horrekin batera, beste gakoetako bat hasieran 10-3 irabazten nindoala hutsetik egin didan tantoa ere gakoa izan dela esango nuke. Izan ere, tanto hori egingo ez balu, agian 12-3 jarriko nintzateke eta ondoren 16-3. Buruz burukoak hori dauka. Beste tanto bat ere izan da, ni agintzen ari nintzen unean bote-lasterrean egin didana. Partida xehetasun horiek zehazten dute. Beti bukaerako tantoekin geratzen gara, baina, hasierakoek ere pisu handia izaten dute partida batean. 

Sei final jokatu, eta laugarren txapela irabazi duzu.

Nork esango luke. Hasi nintzenean oso zail ikusten genuen buruz buru horrelako maila ematea. Eta, urte batzuk geroago, 29 urterekin, lau txapel irabazita. Hori hor geratzen da. Gehiago irabazten ez baditut ere, egindakoa hor geratuko da, eta ikaragarria da. Baina, gehiagoren bila joango gara, beti. 

Artolaren inguruan zer nabarmenduko zenuke?

Partidaren zati batean gainetik pasa nau. Sekulako indarrarekin ematen zion, eta erabat korrika ibili naiz. Asko bukatu du, eta berak duen indarrari bukatzea batzen badiozu, pentsa! Izugarrizko pilotaria da. Bukaeran ere, partida amaitu denean, erakutsi du hori. Izan duen jarrera goraipatu nahiko nuke. Irabaztean baino, galtzean erakusten da hori, eta podiumean erakutsi duen jarrera nabarmentzekoa da. 

Aitari eskaini diozu txapela.

Izan ere, behar dudanean beti ematen didate gurasoek babesa. Ez nintzateke ailegatuko iritsi naizenera beraien laguntzarik gabe. Eta hori, gaur [atzo] bertan esan diet, bai gurasoei, bai eta arrebari ere. 

Berriki joan den Joseba Larreta 'Latu' ere gogoan izango duzu. 

Nire ibilbidea oso gertutik bizi izan du, eta azken txapelketan asko lagundu dit. Txapelketa hasterako lesionatu egin nintzen, eta fisioterapeutarengana eta entrenamenduetara ere laguntzen ninduen. Egunero, goizean goizetik kotxez eramaten ninduen batera eta bestera. Finalaurrekoa irabazi eta hurrengo egunean zendu zen. Berari ere eskaini nahi diot txapela. Asko maite dugu Amezketan, eta gaur beragatik, topera ospatzen saiatuko gara.

Beraren laguntza eta familiarenaz gain, norena eskertu nahiko zenuke?

Ibilbide guztian nirekin egon den jendeari eman behar dizkiot eskerrak. Nire prestatzailea, egunero nirekin eta beti laguntzeko prest dagoen Jokin Etxaniz, Xalton Zabala... Txikitatik lagundu nauen jendea, familia eta lagunak. 

Gorka botileroaren lana ere ezinbestekoa izango zen.

Asko lagundu dit. Sekulako babesa da niretzat. Partida aurretik hitz egin dugu guztirako prest egon behar genuela. Egia da esatea erraza dela, eta gero hor egon behar duzula. Partidaren azken zatian, tanto bat egin nahi nuen eta sakea berreskuratu. Une horretan bere lana oso garrantzitsua izan da. Uneoro hor egon da, irabazi ahal genuela esaten zidan. Babes hori oso inportantea da niretzat.

Nola ospatuko duzu?

Frontoira joango gara, herritarrekin batera ospatu eta bertan afaltzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!