Garai bateko argazkien bigarren sorta

Ataria 2025ko api. 3a, 09:14

Aurreko bildumako erakusketaren irudia, kultur etxearen sarreran.

Pernando Amezketarra kultur etxeko sarreran jarriko dituzte, berriz ere, ikusgai; oraingoan, ikastetxeetako umeen eta familia ugarien talde-argazkiak bildu dituzte.

Jendaurrean apirilaren 10ean jarriko dute Amezketako argazki zaharren bigarren bilduma. Pernando Amezketarra kultur etxean egongo da ikusgai, eta oraingoan ere herritarrek parte hartu ahal izango dute irudietan ageri den jendea identifikatzen laguntzen; horretarako, orri bana egongo da argazkien azpian.

Herritar talde bat iazko urte amaieran hasi zen Amezketako garai bateko irudiak biltzen, eta lehen erakusketako argazkietan ikus zitekeen, besteak beste, nolako eragina izan zuen erlijioak iraganeko herritarrengan, jaunartzeen eta gogo-jardunen argazkiak baitziren. Oraingoan, berriz, beste bi gai jarri dituzte jendaurrean: familia ugariak eta eskolako umeen talde-argazkiak. 

Atzera, osatzeko gonbidapena
Arduradunek, oraingoan ere, izenak osatzen laguntzeko deia luzatu dute: «Horiek ikustearekin batera gure pentsamendua edo gogoa beste garai batera joango zaigu seguru asko, Amezketako historiara, ezagutzea merezi duen gure historiara. Denon lana izango da baita ere, behar bada, izenak zuzentzea eta falta direnak osatzea».

Lehen begi-kolpean ikusgai bilduma berria egongo bada ere, ez dituzte gordeko orain artean ikusgai egon direnak. Kontrara, goiko solairura mugitu eta han egongo dira, herritarrek ikusteko moduan.

Erlazionatuak

Iragan uneen bilduma

Aitor Arroyo Askarai 2024 abe 30 Amezketa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!