Iragan uneen bilduma

Aitor Arroyo Askarai 2024ko abe. 30a, 20:59

Dagoeneko ikusgai dago argazki zaharren erakusketa Pernando Amezketarra kultur etxean, eta bizpahiru hilabetez bisitatu ahal izango da. Guztira 6.000 irudi jaso dituzte; jendaurrean, berriz, 25 jarri dituzte, momentuz.

Amezketako herritar talde batek urtebete egin du argazki zaharrak biltzen eta, orain, jendaurrean jarri dute emaitza, hain zuzen, garai bateko argazkien erakusketa. Pernando Amezketarra kultur etxean jarri dituzte ikusgai, eta bizpahiru hilabetez bisitatu ahal izango da.

Jesus Iñurrita eta Antton Amondarain aritu dira, besteak beste, argazkiak jasotzen eta azaldu dute garai bateko irudiak biltzen hasi zirela «berez ere garrantzitsuak» direlako, eta hori egin ezean, galdu egin zitezkeelako. Dagoeneko 6.000 argazki inguru bildu dituzte guztira, eta jendaurrean, berriz, 25 jarri dituzte, momentuz. Irudi horietan ikus daiteke, besteak beste, nolako eragina izan zuen erlijioak garai bateko herritarrengan, jaunartzeen eta gogo-jardunen argazkiak baitira. 

Amezketako Udaleko kultura batzordearekin elkarlanean ari dira aurrez aipatutako herritarrak eta pixkanaka irudi gehiago jarriko dituzte jendaurrean ikusgai. Dagoeneko lanean ari dira hurrengo argazki sorta aukeratzen eta aurreratu dute familia-argazkiak eta ezkontzetako irudiak izan daitezkeela landuko dituzten gaietako bi.

Lanketa zabala
Proiektua, ordea, ez da erakusketak egitera mugatuko. Arduradunek azaldu dutenez, Amezketari eta amezketarrei buruzko argazkien datu-base digital handi bat osatzea da asmoa eta, gerora, hori jendaurrean eskuragarri jartzea. Horretarako, argazki zaharrak digitalizatzeaz gain, sailkatzen ari dira hainbat kategoriaren eta gairen arabera; eta, modu horretan, helburu dute irudi zahar zehatz bat bilatzeko garaian, azterketa erraztea eta eraginkorragoa izatea. 

Irudiak biltzen hasteko lehen pausoa etxez etxe joatea izan zela ere kontatu dute, eta horretan ari zirela jakin zuten bazirela argazki bilduma batzuk Alberge Bixenten, Euskal Herriko mendizaleen aterpe eta bilgune izandakoan. Bertako arduradunengana jo zuten irudiak eskuratu asmoz, baina haiek esan zieten dohaintzan eman zizkietela elkarte edo museo bati, baina ez zekitela zehazki nori.


Amezketako Mikel Arteaga alkatea eta EMMOA Fundazioko Antxon Iturriza lehendakaria, dohaintzaren akordioa sinatzeko unean. AMEZKETAKO UDALA

Azkenean jakin zuten bilduma horiek EMMOA Fundazioak zituela eta, ordurako, digitalizatuta zeudela. Harremanetan jarri eta bueltan eskuratu zuen dohaintza Amezketako Udalak. Hari horri tiraka eta ondarea babestea helburu, dohaintza akordioa sinatu zuten Amezketako Mikel Arteaga alkateak eta EMMOA Fundazioko Antxon Iturriza lehendakariak. 

Etorkizunera begira
Aterpetxearen hariari heldu zioten bezala, tira egiteko beste mutur bat topatu zuten Alegian. Azaldu dutenez, herri horretako Intxausti sendiko hiru belaunaldi argazkilari izan dira eta haiek ateratakoak ere bildu nahi dituzte. Elkarlanean proiektua gauzatzeko Altzoko, Alegiako eta Amezketako alkateak bildu zituzten, eta nabarmendu dute laguntzeko borondatea azaldu zutela guztiek ala guztiek. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!