Inauteri pertsonaiak ikusgai Amezketan

Aitor Arroyo Askarai 2025ko ots. 12a, 11:59

Euskal Herriko inauterietako hainbat pertsonaia zein jantzi bildu eta erakusketa osatu dute Amezketan. Pernando Amezketarra kultur etxeko areto nagusian jarri dute eta asteon egongo da ikusgai.

Asteon Euskal Herriko inauterietako pertsonaiak ikusteko aukera izango dute Amezketako Pernando Amezketarra kultur etxean. Areto nagusian bildu dituzte hainbat pertsonaia eta lekurik ere egin diete herriko berezko Talai dantzariei. Ez alferrik, aurten 50 urte betetzen baitira dantza eta ohitura berreskuratu zituztenetik.

«Gure inauteriak Euskal Herrikoen parte direnez, testuinguruan jarri nahi genituen beste iruditegi guzti honekin», horrela hitz egin du Jokin Artola erakusketaren eta Talai dantzen urteurrena ospatzeko ekitaldien antolakuntzako kideak esposizioaren inguruan. Eta hari berari tiraka azaldu du Talai dantzariei buruzko zatia: «Urteurrenaren aitzakia aprobetxatu dugu argazki zaharretan begiratu eta Talaietako janzkera urte hauetan nola aldatu den islatzeko; argazkietatik jaso dugunaren arabera, behintzat».

Egitasmoaren jatorria
Urteurrena antolatzen hasi zirenean proposatu zuen herritar batek erakusketa egiteko ideia, eta hari horri tiraka erabaki zuten egitea. Zentzu horretan, esposizioa «interesa duen edonorentzat egokia» dela nabarmendu du antolakuntzako kideak.

Astelehen arratsaldean zabaldu zuten esposizioa eta ikusgai egongo da larunbat eguerdira bitarte, goizetan, 11:00etatik 13:00etara; eta, arratsaldeetan, 15:30etik 19:30era. Artolak aipatu du erakusketak «leku handia» hartzen duela: «Amezketan beste areto handirik ez daukagu, eta honek beste erabilera asko ere baditu».

Horrez gain, azaldu du Iruñeko Donibane auzoko San Juan Xar auzo elkartearena dela erakusketa, eta «inoiz baino eskaera gehiago» jaso dituztela aurten: «Amezketatik zuzenean Lekunberrira eramango dute eta, handik, Irunera». Zentzu berean adierazi du ez dutela zailtasunik izan erakusketa antolatzeko: «Elkarteko kideekin harremanetan jartzea nahiko da. Aurrekontu bat dute eta guk espazioa jarri dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!