Galdu-gordean diren ohiturak jaso dituzte

Aitor Arroyo Askarai 2024ko azaroaren 1a

Argizari argazki liburua aurkeztu zuten, atzo, Amezketako Pernando Amezketarra kultur etxean. Argizariak euskal hileta errituetan eta, oro har, tradizioan duen garrantzia jasotzea izan dute helburu.

Erdizka argiztatuta aretoa eta, taula gainean, argizaiolen tradizioa iraunarazi duten hamaika emakume. Argizari-Cera argazki liburua jendaurrean aurkeztu zuten, atzo, Amezketako Pernando Amezketarra kultur etxean. Argitalpena elkarlanean osatu dute Joseba Urretabizkaia argazkilariak eta Fernando Hualde historialariak, eta Xibarit argitaletxeak eraman du paperera.

Argizariak euskal hileta errituetan eta, oro har, kultura tradizionalean duen garrantzia jaso nahi izan dute argazki liburuan. Amezketa da argizaiolen erritua bizirik mantentzen duen herri bakanetako bat; eta ez da gutxiagorako: 115 argizaiola mantentzen dituzte. Bada, Agurtzane Garmendia amezketarrak sustatuta eta beste hainbat herritarren laguntzarekin, horietatik 112 zein baserri eta senditakoak diren identifikatzea lortu dute.

Emozioz betetako aurkezpena izan zen, eta izan zituzten horretarako zenbait motibo. Bi urtez aritu dira liburua osatzen eta, tartean, laguntzen aritu zaizkien bi herritar zendu dira. «Aurkezpena izateaz gain, haientzako omenaldia izatea ere nahi genuen», horrela hitz egin du Agurtzane Garmendia amezketarrak. Argizaiola bana piztu zieten eta Bixente Gorostidi herritarrak ere eskaini zizkien hiru bertso.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!