Euriteek kalteak eragin dituzte Amezketan ere

Ataria 2024ko urr. 21a, 16:22

Joan den asteko euriteen une bat, Amezketan. AMEZKETAKO UDALA

Joan den asteko euriteek Amezketan ere «kalte larriak» eragin zituzten. Asteazken gauetik ostegun goizera urak gainezka egin zuen herriko zenbait gunetan eta Amezketako Udalak adierazi du azken urteetako euri jasa «handiena» izan dela.

Udalak lagundu zuten «herritar guztiei» eskerrak eman dizkie: «Hainbat eta hainbat herritar ikusi genituen aitzurrak eta palak hartu eta urari bideak irekitzen. Zuen elkartasuna eta lan egiteko prestutasuna oso baliagarriak izan dira egun hauetan». Zentzu berean, «aitortza berezia» egin udal langileei ere: «Opor egunak alde batera utzi eta lanean aritu diren langileak ere izan dira, eta hori eskertzekoa da». Eta hari berari tiraka, eskerrak eman dizkie Jaizubia enpresako langileei ere «herriari laguntzeko erakutsi duten borondateagatik».

Ubideen mantenuari buruz, berriz, «hainbat herritarren iritziak entzun ondoren» udalak «gogorarazpen» bat ere aipatu du: «Gogorarazi nahi dugu duela urte batzuk etxe inguruko lurretan ubideak egiteaz eta mantentzeaz norbera arduratzen zela. Azken urteetan askok ardura hori alde batera utzi dute eta, horrek, asteazkeneko euriteen antzeko egoeretan kalteak nabariagoak izatea ekartzen du. Beraz, guztion artean, etxe inguruko ubideak garbi mantentzea garrantzitsua da, eta etorkizunean kalteak murrizteko lankidetzan aritzea, beharrezkoa».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!