Eragozpenak trafikoan eta aparkalekuetan, saneamendu lanak direla-eta

Ataria 2024ko ira. 11a, 07:58

Lan hauek hamahiru aste iraungo dute eta bideetako norabideetan eta aparkalekuetan eragingo dute.

Saneamendu obraren planak aurrera jarraitzen du Amezketan, eta herriko beste leku batean ere hasi dira lanean. Atzo hasi zituzten lanak eremu berrian eta hamahiru astez arituko dira bertan.

Lanek iraun bitartean Bartolome Deuna kalera sartzeko ZubeldiaRent egoitzaren ondotik egin beharko da eta ateratzeko, berriz, papertegiaren edo ZubeldiaRent enpresaren ondotik. Hori horrela, beste eragin bat ere izango dute lanek: norabide bikoitza gauzatzeko behin-behinean kendu dituzte aparkalekuak Bartolome Deuna kaleko 23. eta 30. zenbakien artean eta Beltzaren Enparantza ondoko bidearen alde batean.

Neurri hori dela-eta, obrak iraun bitartean «ahalik eta eragozpen gutxien» eragiteko, udaletxe aurreko plazan aparkatu ahal izango dute herritarrek. Dena dela, Amezketako Udaletik nabarmendu dute plaza «libre» utzi beharko dela asteburuetan antolatutako jarduerentzako eta «beste lekurik ezean», saihesbidean aparkatu beharko dela.

Hainbat fase izango ditu obrak, eta aipatu dute aldiro «neurri berriak eta logikoak» hartuko dituztela «denak erosotasunez» ibiltzeko. Bide beretik, azaldu dute lanen azken fasean, hots, Bartolome Deuna kaleko 32. zenbakitik gora hasten direnean, trafikoak «normaltzera» egingo duela 23. eta 30. zenbakien artean eta ondoko bidean. 

Aurretik egin bezala, oraingoan ere «pazientzia» eskatu dute udaletik eragozpenen aurrean: «Zalantzarik ez dago egindako lan guztia amezketarron onerako izango dela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!