«Neurriak eskatzen dizkiogu enpresari berriro gerta ez dadin»

Ataria 2024ko abu. 30a, 13:04

Lanuztea egin dute Amezketako Aralar paper-fabrikan lan istripuan hildako langilearen heriotza salatzeko. 11:00etan elkarretaratzea egin dute enpresa atarian eta langileen ordezkariek hitz egin dute.

Astelehenean Amezketako paper-fabrikan istripua izan zuen langilea atzo hil zen jasandako zauri larrien ondorioz. LABek eta ELAk osatzen duten langile batzordeak 24 orduko lanuztea egitea erabaki zuten atzo heriotza salatzeko. %100eko jarraipena izan du eta lantegiaren jarduera gelditu egin da. Gaur 14:00etan amaituko dute protesta eta lanera itzuliko dira paper-fabrikako langileak.

Lan heriotzarik ez, langileen segurtasuna bermatu lelopean elkarretaratzea egin dute 11:00etan langileek, paper-fabrikakoek eta bertan aritzen diren azpikontratatutako enpresatakoek. Haientzako ere, segurtasun neurriak bermatu daitezen eskatu du langileen batzordeko lehendakari Aitor Izagirrek: «Guretzako paper-fabrikako langileak izango balira bezala da eta beraientzako segurtasun neurriak bermatu daitezen eskatzen dugu, ahalik eta hoberenak izan behar dute neurri horiek».

Ibarrako Argi Lanak enpresako langilea zen 30 urteko behargina, ormaiztegiarra, eta bere lankideak ere izan dira gaurko elkarretaratzean. Paper-fabrikak azpikontratatutako beste hainbat enpresatako langileek ere hartu dute parte kontzentrazioan eta lanuzteak egin dituzte gaur Amezketara gerturatzeko. Azpikontrata ezberdinak dauden prebentzio planak ondo ez egiteak dakartzan ondorioak salatu zituen atzo LABek ohar batean.

«Enpresari geroz eta neurri gehiago har ditzan eskatzen diogu, langileon segurtasuna bermatzeko eta horrelakorik berriro pasa ez dadin», esan du Izagirrek. Langileen ordezkariak esan du pasa izan direla istripu gehiago paper lantegian, baina behin ere ez, oraingoa bezain larria.

Ehun lagun baino gehiagok hartu du parte gaurko elkarretaratzean. Amezketako udal ordezkariek ere bat egin nahi izan dute protestarekin eta paper-fabrika atarian egin den elkarretaratzean parte hartu dute alkateak eta zinegotziek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!