Aralar paper lantegian istripua izan zuen langilea hil egin da

Ataria 2024ko abu. 29a, 12:53

Astelehenean Amezketako lantegian istripua izan zuen 30 urteko langileak eta larri zauritu zen; Ibarra Argi Lanak enpresako langilea zen, eta mantenu lanak egiten ari zen Amezketako lantegian.

Abuztuaren 26an Amezketako Aralar paper lantegian lan istripua izan eta larri zauritu zen 30 urteko langilea hil egin da gaur, LAB sindikatuak jakinarazi duenez. Ibarra Argi Lanak enpresako langilea mantenu lanak egiten ari zen Aralar paper enpresan. Bada, istripua izan eta lau egunera hil da. Sindikatuak esan duenez, lan heriotza honekin 38 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak.

LABek adierazi duenez, «azpikontrata ezberdinak lanean ari diren enpresetan, enpresa nagusiari dagokio, hau da, Aralar paper lantegiari kasu honetan gremio ezberdinen arteko koordinazioa eta segurtasuna bermatzea». Sindikatuaren arabera, «hori egoki ez egiteak» ekarri du langilearen heriotza. «LAB sindikatutik askotan salatu izan dugu azpikontrata ezberdinak dauden enpresetan prebentzio plan egokiak ondo ez egiteak dakartzan arriskuak, eta heriotza honek agerian utzi du hori, beste behin ere», salatu dute.

Lan heriotza honen aurrean, 24 ordutako lanuztera deitu ditu langileak Aralar paper lantegiko enpresa-batzordeak, abuztuaren 29ko 14:00etatik abuztuaren 30eko 14:00etara. Horrez gain, elkarretaratzea egingo dute bihar, ostirala, hilaren 30a, 11:00etan, Amezketako enpresa atarian. Enpresa-batzordeak dei egin die Amezketako lantegian ari diren azpikontratetako langile guztiei mobilizazioan parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!