Pernando Amezketarraren eguna ospatuko dute larunbatean

Ataria 2023ko azaroaren 28a

Bigarren mendea bete da bertsolaria zendu zela, eta haren izena emango diote herriko kultur etxeari.

Larunbatean Pernando Amezketarraren eguna ospatuko dute Amezketan.  200 urte bete dira bertsolaria hil zela, eta horren harira antolatu dute egitaraua. Goizeko hamaiketan hasiko dituzte jarduerak eta hurrenez hurren egingo dituzte Pernandoren ibilbidea, antzerkia eta bertsoak.

Ekitaldi nagusia 12:30ean egingo dute herriko kultur etxean; Pernandoren izena emango diote eraikinari. Jarraian Bixente Gorostidi eta Peña bertsolariak arituko dira, eta azken jarduera talo jatea izango da.

Antolatzaileek Pernando Amezketarraren «dohainak» ekarri dituzte gogora: «Alproja eta zirtolari ezaugarriak nabarmendu badira ere, Fernando hori baino askoz gehiago ere bazen: bertsolaritzan aitzindaria eta gizon zinez azkarra». Horrez gain, Amezketaren izena «lau haizetara» zabaldu zuela ere aipatu dute, eta «herri xehearen aldeko portaera» izan omen zuen, jauntxoen «sasi jakinduriaren» aurrean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!