Gorka Etxeberriak irabazi du Albitzuri Handi Harria Txapelketa

Ataria 2023ko aza. 25a, 20:00

Bederatzi jasoaldi eman dizkio harri baldarrari. Aimar Galarragak ere jasoaldi horiek egin ditu, baina Etxeberriak gutxiago pisatzen duenez, berarentzat izan da txapela.

Emozio handiko harri jasotze txapelketa izan da Albitzuri Handi Harria Txapelketa. Azken urteotan lau urtez behin jokatzen da, eta aurtengoan 250 ikusle inguru izan dira Amezketako Larrunarri frontoian. Sei harri jasotzaile ausartu dira harri baldarrarekin, eta azkenean Gorka Etxeberria izan da irabazlea. Bederatzi aldiz jaso du Etxeberriak; jasoaldi horiek egin ditu ere Aimar Galarragak, baina Etxeberriak gutxiago pisatzen duenez, berarentzat izan da garaipena. Hirugarren eta laugarren postuan Beñat Telleria eta Gari Garmendia sailkatu dira hurrenez hurren; biek zazpi jasoaldi egin dituzte, baina Telleriak gutxiago pisatzen duenez, berarentzat izan da hirugarren postua. Bosgarrengoan, berriz, Xabier Aranburu Guzta sailkatu da, lau jasoaldirekin. Azkeneko postuan Imanol Royo Lartain geratu da, bi jasoaldi eginez. Ikusleen txalo zaparrada jaso dute harri jasotzaile guztiek, egindako esfortzua eskertuz.

«Sinistu ezinik» zegoen Gorka Etxeberria, txapela jantzi berritan: «Bakarka lehenengo txapela da harri jasotzen. Ez nuen espero gaur janzterik; dena ondo atera da eta gero besteek ez dute asmatu, eta oso gustura nago». Lehenengoa izan da parte hartzen Etxeberria, beraz, ez zuen besteen erreferentziarik. «Askotan esaten da harri baldarretan komeni dela lehenengoa izatea eta gero ahaztea, baina jakinda atzetik bost indartsu zetozela nire marka egiteko gai zirenak, bukaera arte itxaron behar izan dut. Nik bederatzi egin ditudanez, eta arinena nintzenez, besteek hamar egin behar zituzten, eta horrek presioa jarri die, eta ez dute asmatu presio hori kudeatzen». Bigarren aldiz parte hartu du aurtengoan Etxeberriak; orain lau urte hiru jasoaldi egin zituen: «Sei jasotzeko asmotan etorri nintzen, eta hiru jaso eta pott egin nuen. Gero bost minutu egin behar izan nuen harria jaso ezinik. Gaur berriro ere sei jasotzera etorri naiz. Ikusi dut aurreneko jasoaldian puntua hartu diotela, eta laguntzaileei esan diet zazpi edo zortzi egingo nituela. Gero, ondo ari nintzen eta pixka bat estutu dugu eta bederatzi jasotzea lortu dugu; beraz, oso gustura».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!