Finalik errazenetakoa jokatu du gaur Jokin Altunak. Iazkoa Ezkurdiaren aurka tanto batengatik galdu zuen, final gogoangarri batean, eta aurtengoa bestelakoa izan da. Amezketarrak oso ondo hasi du finala, Etxeberriari nola jokatu jakinez eta eginez. Lehenengo bi sakeak egin ditu, eta hirugarrengoan Etxeberriak berak ez du eraman sakea. 3-0 aurreratu da Altuna, eta Etxeberriari ikusten zitzaion ez zegoela eroso. Nafarrarentzat bere lehen finala izan da lehen mailan, eta horrek nahi baino gehiago eragin dio. Hala ere, hurrengo bi tantoetan Etxeberriak erakutsi du zertarako gai den, bi tanto eder eginez. Baina ilusio moduko bat izan da, ondoren 9-2 jarri baita markagailua.
Sei tanto egin ditu segidan Altunak, baina denak Etxeberriak galdutakoak izan dira. Hor hasi da ikusten gero finala zertan bilakatu den. Altunak pilota oso ondo mugitzen zuen, botera jokatzen zion Etxeberriari, bere aireko jokoa ekiditeko, eta nafarrak ez zuen asmatzen. Hurrengo tantoa Etxeberriarentzat izan da, hirugarrena, baina berriro ere tantoak erreskadan egin ditu amezketarrak eta 15-3raino iritsi da. Tartean 12. tantoko atsedena izan da, eta aldageletara joan da Etxeberria. Joseba Ezkurdia pilotari eta laguna berarekin sartu da, eta ondoren azaldu duenez, presa gehiegirekin jokatzen ari zela esan dio Etxeberriak, ez zegoela eroso eta tentsioa ezin kenduta zebilela. Altunarentzat zortzigarren finala zen gaurkoa Lau eta Erdikoan, eta, beraz, eskarmentu askoz handiagoa zuen alde. Horixe baliatu du amezketarrak bere jokoarekin jarraitu eta tantoak batzen joateko.
Bigarren atsedenaldira 18-6 iritsi dira, Altunak ondo jokatutako tanto bat lortu ondoren. Amezketarrak sendo jarraitzen zuen partidan, eta nafarrak ez zirudien partidari buelta emateko gai izango zenik. Etxeberriak partida osoan bezala, tanto ederrak eta hutsak tartekatu ditu partidaren bigarren zatian, baina hutsak gehiago zirenez, markagailua gero eta aldapan gorago jartzen zitzaion. Partidak antzeko norabidearekin jarraitu du, eta 19-7 zegoela markagailua Altunak ezker sorbaldarekin pareta jo du. Mina hartu du, baina jokatzen jarraitu du; hala ere, ezkerrarekin ez zen hain gogor jotzen ari. Abuztutik ari da ezker sorbaldako lesioarekin, eta txapelketan zehar bi aldiz hartu du min amezketarrak leku berean. Partidak aurrera jarraitu du, eta 20-9koa iritsi denean, Etxeberriak bere azken tantoa izango zena egiterakoan, Altuna aldageletara joan da, medikuak aztertu zezan. Azkar itzuli da amezketarra kantxara eta partidan ez du eraginik izan. Izan ere, hurrengo tantoan huts egin du beste behin Etxeberriak eta azkenekoan Altunak zabalera oso ondo ireki du, partida irabazi eta txapela jantziz. Azkenean 16 tanto galdu ditu Etxeberriak, horietatik bost errestoan. Altunak sekulako marka egin du, ez baitu hutsik egin partida osoan. Horiek izan dira finaleko bi gakoak: Etxeberriak ez du asmatu eta Altunak oso burutsu jokatu du, uneoro zer egin behar zuen jakinez.
Amezketarrak bere laugarren txapela jantzi du Lau eta Erdiko Txapelketan; zortzigarren finala jarraian jokatu du gaurkoan modalitate horretan. Guztira lehen mailako zazpi txapelen jabe da orain amezketarra, kaiolako lau txapelez gain, buruz buruko bi eta binakako bat baititu. Guztira 13 final jokatu ditu amezketarrak; 27 urte ditu eta sekulako zenbakiak pilatzen ari da Altuna III.a
Gaurko finalean eskualdeko protagonista gehiago izan dira Bizkaia frontoian. Batetik, Jon Ander Peña tolosarra podiumera igo da txapelketako hirugarren postua lortu ondoren. Bestetik, Ander Goikoetxea tolosarra epaile nagusi bezala aritu da finalean. Aurten hasi da epaile moduan pilota profesionalean, eta bere lehen final handia izan da.