ELKARRIZKETA

«Afizionatuetan edo profesionaletan epaile lana zeharo ezberdina da»

Imanol Garcia Landa 2023ko aza. 4a, 07:58

Ander Goikoetxea pilota epaile profesionala, Tolosako Beotibar pilotalekuan. I.G.L.

Hilabete batzuk daramatza Ander Goikoetxeak (Tolosa, 2001) pilota profesionaleko epaile moduan. Betidanik pilotari lotua egon da, eta egun, horrela jarraitzen du; epaile izateko deia jaso zuenean, ez zuen zalantzarik egin.

Pilotan jokatzerakoan arauak berdinak dira profesional mailan zein ez profesionalean, baina profesional moduan hasterakoan, Goikoetxeak ikusi du aldea badagoela: denborak, telebistaren eragina, txartel motak...

Noiztik zara pilota profesionaleko epailea?

Aurten inauterietan hasi nintzen, justu Astelenitan. Tolosarra izanik, eta inauteriak izanik, lehendik ere urduri banengoen, zerbait berria delako; kontuan izan behar da gainera, data horietan frontoia bete egiten dela. Urduritasun handiarekin nengoen, baina gero oso ondo joan zen.

Binakako txapelketaren partidak jokatu ziren?

Astelenitan eta Asteartitan izan ziren jaialdiak, eta bietan txapelketako partidak jokatu ziren. Astelehenekoan ez zuten ezer jokatzen, eta, beraz, lasaiagoa zen, eta asteartekoan jokoan bazen zerbait, eta orduan, presio gehiago sentitu nuen.

Nolatan sartu zinen epaile?

San Sebastian egunean enpresaren dei bat jaso nuen, eta esan zidaten Mikel Olaetxeak nire izena aipatu zuela epaile bezala aritzeko. Esan zidaten Gipuzkoan epaile falta zegoela, nire profila gustatu zitzaiela, eta ea interesatzen ote zitzaidan hastea. Pilota munduan sartuta egon naiz, beraz, baiezkoa eman, eta hortxe hasi zen dena.

Noiztik zaude pilota munduan?

Hiru urterekin pilotan jokatzen hasi nintzen, txiki-txikitatik, eta orain dela bi urte arte pilotan ibili naiz beti. Gero utzi egin nuen, baina beti egon naiz Tolosa-Aurrera pilota eskolan sartuta, bai haurren begirale moduan, entrenatzaile bezala, klubeko epaile bezala ere bai, eta beti segitu dut pilota munduaz inguratuta. Beraz, epaile izateko deia jaso nuenean, baiezkoa eman nuen. Mundu honetan ibiltzen den norbaiti, epaile moduan aritzea profesionalekin, eta partidak ikustea eta lanera etortzea aukera ederra da; poz handia hartu nuen eta oso gustura nabil.



Pilotari moduan afizionatutan ere aritu zinen.

Bai, bi urte egin nituen afizionatuetan. Gero COVIDaren kontua iritsi zen, eta ez genuen asko jokatu. Hortxe utzi nion pilotari ibilbideari.

Profesionalen partidetan epaile izateko eskakizunik bete behar da?

Klubeko epaile izateko ikastaro bat egin beharra dago, eta nik hori aterata daukat. Horrek ere balio du profesionalen epaile izateko. Arautegi bat bidaltzen dizute eta hori ikasi behar da.

Zer esan nahi du klubeko epaile izateak?

Federazioaren epaileak badaude, baina herrian bertan klubeko epaileak baldin badaude, lan hori erraztu egiten da bertako partidak epaitzeko. Gure klubean ni eta beste bi pertsona daude epaile aritzeko.

Asko aldatzen da pilotari federatuen eta profesionalen arteko partidak epaitzea?

Telebistan partidak ikusita-eta, pentsatzen nuen banekiela profesionalen partidetan epaile izaten. Epaile hasterakoan, eta araudia ikasterakoan, egia da ez dakizkigun gauza asko daudela. Jendeak pilota ikustetik eta kanpotik hitz egitetik, gero arautegia irakurtzerakoan eta ikasterakoan benetan nola dira gauzak ikustera aldea dago. Afizionatuetan edo profesionaletan epaile lana zeharo ezberdina da. Denborak daude, pilota aldaketak, telebistak asko agintzen du denboretan, eta gainera hainbat txartel mota ere badaude.

Zer lan izaten duzue, beraz, epaileek?

Bi epaile izaten gara; aurrekoa da epaile nagusia, eta atzekoa da denborak eta pilotak kontrolatzen dituena. Biok batera aritzen gara, baina aurrekoak pisu gehiago du; berak agintzen du. Zalantza bat dagoenean, aurreko epailearen iritziak balio gehiago du, baina bi epaile gara eta aurrekoak atzekoaren iritzia jakin nahi badu, elkartu gaitezke, eta bion artean erabaki bat hartu dezakegu. Azkenean, elkarri lagundu behar diogu, beraz, bion artean hartzen ditugu erabakiak.

Garai batean asko eztabaidatzen zen atxikiaz. Gaur egun ere horrela gertatzen al da?

Gaur egun, atxikiaren gaia berriro ere eztabaidagaia izaten ari da. Pilotari asko kexatzen dira, baina pilotari askok egiten duten gauza bat da, zer irtenbide eman aztertzen ari dira. Printzipioz ez dago ezer araututa. Atxikia egin dela esateko, pilotari bultza egin behar zaio, norabidea aldatu behar zaio pilotari, eta ez da pilotariek nahita egingo duten zerbait, baina pilotakada bat gainetik pasatzen bazaizu, zaila da kolpea jotzea. Nahigabe gertatzen den gauza bat dela iruditzen zait.

Botileroei mikrofonoa jarri zaie, telebistan entzuteko zer esaten duten. Epaileei ere jarriko al zaie?

Guri behintzat ez zaigu ezer iritsi horren inguruan. Gure artean ez dugu ia hitz egiten. Pilotariekin tarteka hitz egiten dugu pilota aldaketa egiterakoan, baina bestela ez dugu hizketaldirik izaten.

Nolakoa izaten ari da pilotariekin harremana?

Partida erabakigarria denean, txapelketa batekoa adibidez, denek izaten dute presio edo tentsio hori, beraz, polemika duen tanto bat izaten bada, denei ateratzen zaie protesta egitea, eta hori normala da. Pilotariekin harremana oso ona da; ni lehenago pilotan ibilita nago, eta askoren aurka jokatuta nago, lagunak ditut, baina partidan gaudenean, bakoitzak bere lana egin behar du eta listo. Pilotariek zein epaileek profesionalak izan behar dute partidan.

Harmailetatik protesta asko jasotzen dituzue?

Anekdota txiki bat bezala, epaile izan nintzen lehenengo egunean, zalantzazko tanto bat izan zen. Nire lehenengo eguna izan zen, eta oso urduri nengoen. Ona zela ikusi nuen garbi, baina urduritasunagatik-edo, eskua altxatzeko keinu moduko bat egin nuen, Beotibar bete-beteta zegoen, eta denak txistuka hasi ziren. Izerditan jarri nintzen, urduri, eta azkenean ontzat eman nuen, eta dena ondo joan zen. Gero, egia da, ohitu egiten zarela; ez zait inporta jendeak txistu egiten duenean, gu gure lana egitera goaz, eta ez diogu kasurik egin behar kanpotik datorrenari. Harmailetara ez dugu begiratu behar, guk gurera egon behar dugu. Orain ohituta nago, eta jendeak txistu edo buila egiten badu, ez dit eragiten.

Futbolean VAR sistema jarri da. Pilotan ere komeniko litzateke?

Gauza batzuk ikusteko aukera emango luke: bi bote, pilotak marra ukitu duen... Ez dakit jarri behar den edo ez, guri ez zaigu ezer iritsi. Beste kontu batz, adibidez traba egitearena, eta horregatik tantoa berriro jokatzea erabakitzea, hori momentuan erabaki beharko litzateke. VAR sistema jarriz gero, lana erraztu daiteke, baina ez digute horrelakorik aipatu.

Telebistan errepikapena ikusita ere, batzuetan ez da erraza jokaldia identifikatzea.

Niri pasa izan zait frontoiaren beste puntan dagoen lagun batek esatea bi bote egin dituela pilotak, eta ni han bertan egon, eta benetan ikustea zer izan den. Egia da batzuetan pilotariak pilota estaltzen dizula, eta momentuan posible da ez ikustea bi botekin izan den ala ez. Pilota oso azkar mugitzen da.

Orain arteko partida zailena zein izan da, debutekoa bera?

Debutekoa izan zen, urduritasunagatik, baina txapelketakoa izan arren, ez zuten asko jokoan eta partida bezala ez zen zaila izan epaile aritzeko. Gero udan dezente tokatu zait epaile aritzea, leku askotara joan naiz. Bestela, presio handikoa, Amezketan Jokin Altunak eta Iñaki Artolak jokatu zutena, Lau eta Erdiko Txapelketakoa. Tentsioa zegoen, baina oso polita izan zen epaile lanean aritzea; asko disfrutatu genuen. Aurreko igandekoa, Artola eta Peña II.a artekoa Tolosako Beotibarren, berezia izan zen, finalerdietara zein pasako zen erabakitzen zelako. Beotibar bete-betea zegoen eta giroa ikusgarria izan zen.



Nola erabakitzen da zein partidan izango zaren epaile?

Epaile bakoitza bere herrialdean aritzen da; ni Gipuzkoan aritzen naiz, beraz. Gipuzkoan bi epaile gara, eta gu ibiltzen gara erabat. Norbaitek huts egiten badu, kanpotik etorriko da norbait, Nafarroatik edo Bizkaitik. Eibarko Astelena pilotalekuko partidak epaile bizkaitarrek egiten dituzte. Beste herrialdetan eta Errioxan epaile gehiago daude. Gipuzkoan ez zuten inor topatzen, eta galdetzen joan ziren; nire izena atera zen, gustatu zitzaien profila, komentatu zidaten, eta horregatik eman nuen pausoa.

Txapelketetako finalak ez dira azken urteotan Gipuzkoan lehiatu. Toka dakizuke noizbait epaile izatea?

Finalei dagokionez, txandaka doa epaile guztien artean, denok aukera izan dezagun. Tentsio handikoa izan behar da, baina aldi berean baita polita ere. Ni epaile nagusi bezala egon nintzen Donostiako Aste Nagusiko txapelketaren finalean, eta ikustea frontoia beteta Donostian, Aste Nagusian, ikusgarria izan zen.

Beraz, Lau eta Erdiko Txapelketaren finalean epaile izan zaitezke?

Tokatu ahal zait, baina egia da aurten sartu naizela, eta oraindik ikasteko badudala, beraz, ziurrenik beteranoagoei utziko diete. Aukera izango nuke, baina uste dut oraindik ez zaidala tokatuko. Epaile guztietatik berriena eta gazteena ni bainaiz.

Eta gaztea izanik, gehiago kostatzen da pilotarien errespetua jasotzea?

Uste dut pilotan aritu naizelako, eta ezagunak ditudalako, errespetatzen nautela. Atsedena hartzeko denbora bukatzean, altxatzeko garaian, agian beteranoek denbora gehiago pasako dute, eta pilotari gazteek errazago egingo dizute kasu. Azkenean, denek egiten duten kasu, eta errespetatzen dute esandakoa.

Klubeko epaile izaten ere jarraitzen duzu, beraz.

Bai, Tolosako pilota eskolan begirale bezala aritzen naiz, Mikel Olaetxearekin batera. Bera federatuekin aritzen da, eta ni eskola mailakoekin. Batzuetan tokatzen da federatu zein eskola mailakoetan epaile izatea. Beste bi epaile ere badaude klubean, eta normalean beraiek aritzen dira, baina norbaitek huts egiten badu, ni nago beraiei laguntzeko. Pilotari asko daude klubean eta, beraz, partida asko izaten dira.

Profesionaletan epaile zarenetik, errazagoa da beste partidak epaitzea?

Profesionaletan bi epaile izaten gara partidan, eta orduan errazagoa izaten da alde horretatik. Federatuetan bakarrik aritzen gara, eta dena kontrolatzea zailagoa da. Egia da presioa txikiagoa dela eta ezberdina dela. Hori bai, bromak ere egiten dizkidate, esanez «epaile ona» eta «epaile ofiziala» dutela partidan, baina gustura aritzen naiz klubeko epaile moduan.

Tolosa-Aurrera klubean aritzen zara begirale. Zein da pilotaren osasun maila?

Orain aste gutxi hasi ginen. 70 haur etorri ziren lehenengo egunean, eromena izan zen; hortik aurrera hasi gara umeak sailkatzen. Aurten eskola mailako txapelketan, bai benjaminetan eta bai alebinetan ere, Tolosako klubak atera du bikoterik gehien. Horrek esan nahi du umeek izena ematen dutela, eta jokatzeko gogoz daudela. Egia esan, azken urteotan gorakada izan dugu. Aurtengo datu zehatzak ez dakizkit, baina aurreko urtean eskola mailan 116 pilotari izan genituen, eta oso gustura gaude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!