Jauregi Haundiko eremurako hirigintza hitzarmena sinatu du Amezketako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 6a, 15:00

Ostegunean, azaroaren 9an, bilera irekia egingo dute hitzarmen berriaren nondik norakoak azaltzeko. Kultur etxeko areto nagusian egingo dute, 19:00etan.

Jauregi Haundiko hirigintza-eremua «egokitzeko» eta bidegorrirako eranskina botatzeko hitzarmena sinatu du Amezketako Udalak oraingo jabeekin. Hitzarmen berri honetan adostu dute plan partzial bat egitea uholdegarritasun eremuan dauden etxeak lekuz mugitzeko eta hirigintza eremua moldatzeko. Udaletik azaldu dutenez, hirigintza eremu berritu hori hiru fasetan garatuko litzateke eta hurrengo 15-20 urtetarako Amezketako «etxebizitza berrien beharrak aseta geldituko lirateke». Lehen fasean aurreikusten dute lur azpiko garajedun 21 etxebizitza libre eta 12 etxebizitza tasatu egitea, eta udalak helburutzat jarri du legealdi honetan lehen fase horretako obrekin hastea.
 
Ostegun honetan bilera egingo dute prozesuaren faseak eta hirigintza hitzarmenaren nondik norakoak azaltzeko: «Plan partzial hau onartzeko prozesua luzea da, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako hainbat arlotatik pasa behar baitu». Bilera kultur etxeko areto nagusian egingo dute, eta 19:00etan hasiko da.
 
Bidegorrirako lurrak eskuratzeko prozesuari dagokionez, berriz, udalak adierazi du «esku-zabal» jokatu nahi duela ondorioak jasoko dituzten lur jabeekin: «Horren adierazle garbiena da lur-jabe guztiekin adostasuna lortu izana eta, Jauregiko eranskinaren kasuan, eranskin osoa bota beharrean karretera aldera dagoen zatia soilik botatzea adostu dela». Jabeek kalte-ordaina jasoko dute, eta botatzearen kostua udalak ordainduko du.
 
Aurretik datorren lanketa
2006an onartu zuten Plan Orokorrak Jauregi Haundiko eremua zehaztu zuen Amezketan etxe berriak egiteko gune nagusi gisa. Garai hartan onartu zen hirigintza jarduketa eremua lotuta zegoen Jauregi Haundi eraikineko eranskina botatzearekin, bertatik bidegorria pasa ahal izateko. Garaiko jabeekin adostu omen zuten etxe berriak egitearen truke eranskin osoa bota beharko zutela kalte-ordainik jaso gabe, eta eranskina botatzearen kostua jabeek ordaindu beharko zutela.
 
Gaur egun, ordea, garatu gabe jarraitzen du «bi arrazoi nagusigatik»: 2008ko krisi ekonomikoa eta Jaurlaritzak onartutako uholdegarritasun legea. «2008ko krisi ekonomikoa pasa bazen ere, bertan aurreikusitako etxe gehienak 100 urteko uholdegarritasun eremuan zeuden, eta proiektua modu horretan ez zen bideragarria».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!