Mondejuari gorazarre

Imanol Garcia Landa 2023ko irailaren 30a

Mondeju & Ardo Azoka egin dute gaur Amezketako plazan, eta herrian garrantzi handia duen jakiak izan du protagonismoa. Era berean, mondejugileek omenaldia jaso dute.

Jateko eta edateko aitzakiarik ez da falta izan gaur Amezketan. Mondejua jateko aukera izan da, hamar modutara. Izan ere, hamar postu izan dira herriarekin lotura berezia duen jakiak eskaini dituztenak. Gainera, mondejugile horiek omenaldia jaso dute udalaren eta herritarren aldetik. Postuetan norbanakoak izan dira: Mari Jose Murua, Xatur Zabala, Uxue Artola, Roxi eta Agurtzane, eta Olatz Balerdi; eta tabernak ere bai: Txindokitik Izaskun Altuna, Beartzanatik Joxi Arsuaga, Ametzatik Eva Altuna, Arkaitzpetik Jon Ruiz eta Goikoetxeako Nekane Goikoetxea.

Ardo, txakolin eta sagardo postuak ere oso bisitatuak izan dira. Euskal Herriko zazpi upategitako hamalau edari dastatzeko aukera izan da. Horrez gain, mondeju tailerra ere eskaini dute, eta ardi gisatua eta gazta dastatzeko aukera ere.

Eguerdian izan da mondejugileei egindako omenaldia eta agurra dantzatu aurretik, bertsoa eskaini zaie:

         Arkume, esne, gazta, ile... eman dituenak,
         Ardiki ta mondeju goxotan azkenak;
         Bertako ardi, barazki, arrautz eta senak
         Sortu ditu Aralarpen kutixi onenak.
         Mondejugile denei esker ta omenak,
         Mondejuei bizia eman dietenak,
         Amona-ama-izebak eta beste denak,
         Hamar ordezkaritan ehunkaren izenak,
         Zirenak, direnak ta izango direnak!

 

Erlazionatuak

Amezketako mondejugileei omenaldia

Imanol Garcia Landa 2023 ira 30 Amezketa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!