Puzgarriak haurrentzat eta txakolina helduentzat

Irati Saizar Artola 2023ko abu. 23a, 15:30

Umeen eguna ari dira ospatzen Amezketan; arratsaldean ere puzgarrietan ibiltzeko aukera izango dute txikienek eta afalaurrean, Eneko, Braulen eta Laturen eskutik Mingañe txulora lehiaketa izango da.

Atzotik festan murgilduta dabiltza amezketarrak. Itzaletik ibiltzeko moduko eguna da gaurkoa, baina etxean geratzeko asmorik ez dutela erakutsi dute herritarrek. Haurren eguna izanik, puzgarrietan ibiltzeko aukera izan dute txikienek, eta arratsaldean ere izango dute horretarako aukera.

Helduentzat, berriz, txakolin dastaketa prestatu dute frontoian, eta batek baino gehiagok gogoz edan du txakolina, beroari aurre egiteko. Bien bitartean, parrilak piztu dituzte eta bertan bazkaltzera animatu dira herritarrak. Etxetik eramanda edo aurrez parrilarako eskatuta, pilotalekuan jarritako mahaietan egin dute otordua. 

Arratsaldean ere jarraituko du festak. 17:00etan haurrentzat merienda izango da Zazpiturri elkartean eta jarraian, Gora Bihotzak ikuskizuna, frontoi zaharrean. Afalaurrean, berriz, Eneko, Braulen eta Laturen eskutik Mingañe txulora lehiaketa izango da, 19:00etan hasita. Eta afalostean, Muxutruk taldearen eskutik erromeria egingo dute plazan, eta atsedenaldian bingoan aritzeko aukera izango da.

Egitaraua

ABUZTUAK 24, OSTEGUNA, SAN BARTOLOME EGUNA

  • 11:15. Meza Nagusia, San Bartolome elizan.
  • 12:00. Herriko haur eta gaztetxoek eskainita, Herri Kirolak, plazan.
  • 17:00. XXXIII. Amezketako Buruz Buruko Txapeldunen Txapelketako finalak, Larrunarri frontoian.
  • 19:00. Eingo taldearekin erromeria ibiltaria, plazatik hasita.
  • 22:00. Bertso-saioa, Altuna Anaiak frontoian. Sustrai Colina, Maialen Lujanbio, Bixente Gorostidi, Anjel Mari Peñagarikano, Jexux Mari Irazu eta Nerea Ibarzabal. Gai-jartzailea: Imanol Artola Arretxe felix.
  • 23:00. Erromeria Zutik-ekin, plazan.
  • Atsedenaldian. Bingoa.

ABUZTUAK 25, OSTIRALA, X. KUADRILLA EGUNA

  • 10:00. Herriko gaztetxoen arteko pilota finalak eta XX. Herriko Pilota Txapelketako finalak, frontoi zaharrean.
  • 13:00. Trikipoteoa, plazatik hasita.
  • 14:15. X. Kuadrilla eguneko argazkia, frontoi zaharrean.
  • 14:30. Kuadrillen Bazkaria, Larrunarrin.
  • Ondoren. Poteoa DJ J&Jrekin, plazatik hasita, herriko tabernetan zehar.
  • 20:30. Zahagi sagardoa, Larrunarrin.
  • 22:15. Bideo muntaiaren emanaldia.
  • 23:00. Erromeria Iratzarrekin, plazan.
  • Atsedenaldian. Bingoa.
  • 01:00/03:00/05:00. Autobus zerbitzua Tolosaraino.

ABUZTUAK 26, LARUNBATA

  • 12:00. Herri-kirolak, plazan. Aizkoran: Xabier Zaldua eta Aratz Mugerza. Harri-jasotzen: Ainitze Zumeta eta Lur Errekondo.
  • 13:00. Paella lehiaketa, Larrunarri frontoian (Behar den guztia norberak eramanda, 14:00tarako prest egon behar dute).
  • 14:30. Sari banaketa. (150, 100 eta 75 euro lehen hirurentzat).
  • 16:30. Joseba Erasoren omenezko artzain txakur erakustaldia San Martinen, Alejandro Ibarra, Ignacio Irakulis de Amorebieta eta Xabi Gastañaga Alzolaren eskutik.
  • 17:30. Petti-ren kontzertu akustikoa, San Martinen.
  • 19:00. LaskoTxaranga, plazatik hasita herriko kaleetan zehar.
  • 20:30. Sagardo dastaketa, plazan.
  • 22:30. Erromeria Bide Batez taldearekin, plazan
  • 01:00. Elbiaren entierroa, plazan.
  • Ondoren. Bingoa eta Akelok Guraso Elkartearen aldeko zozketa.
  • 02:00. DJ Mikel Sevillano, herriko plazan.
  • 01:00/03:00/05:00. Autobus zerbitzua Tolosaraino.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!