Heldu dira Sanbartolomeak!

Endika Apalategi Labayen 2023ko abuztuaren 20a

Abuztuaren 22an hasi eta 26an amaituko dituzte San Bartolome jaiak amezketarrek. Aurten ere, mota guztietako ekitaldiak antolatu dituzte, eta jaietara gerturatu nahi duenarentzat, autobusak jarri dituzte Tolosara itzultzeko ostiralean eta larunbatean.

Abuztuaren 22an hasi eta 26a bitarte murgilduko dira herriko jaietan Amezketako euliak. Gustu guztietarako ekitaldiak dituzten bost egun eder prestatu dituzte amezketarrek aurtengo San Bartolome jaietarako, eta horien artean, gauero egiten den bingoa eta XX. Pilota Txapelketa Herrikoiaren finalak nabarmentzen dira.

Jaiei hasiera emango dien suziria eta euliaren jaitsiera, 20:30ean izango dira abuztuaren 22an, eta lehen gaua alaitzeaz Izer eta Alabier, eta Ansorregi eta Larrañagaren erromeriak arduratuko dira. Bigarren eguna, umeei zuzendua izango da. Puzgarriak, jolasak, Gora bihotzak ikuskizuna, eta arratsaldean emango zaien merienda izango dira gaztetxoenei zuzendutakoak. Helduagoak direnentzat berriz, txakolin dastaketa eta Muxutruk taldearen erromeria izango dituzte gozagai.

Abuztuaren 24a, aurten, osteguna, San Bartolome eguna izango da. Amezketako Txapeldunen Txapelketako finalak, eta bertso saioa ikusteko aukera izango dute herritarrek, eta egunari erritmoa jartzeaz Eingo eta Zutik taldeak arduratuko dira. San Bartolome egunaren biharamuna, abuztuaren 25a, X. Kuadrilla Eguna izango da. Egunari ekiteko, XX. Pilota Txapelketa Herrikoiaren finalak jokatuko dira frontoi zaharrean. Kuadrillen bazkaria Larrunarri pilotalekuan egingo da, eta arratsalde osoz herriko tabernetan zehar, poteoa egingo da DJ J&J-ak lagunduta.

Azken egunean, herri kirolak eskainiko dituzte, eta paella lehiaketa egingo dute jarraian, 13:00etan hasita. Horren ostean, arratsaldean, San Martinen jarraituko du festak. Artzai txakur txapelketa egingo baita 16:30ean. Festei amaiera ematen joateko, herriko kaleetan zehar txaranga eta Bide batez taldearen errromeria izango dira. 01:00etan, euliaren entierroa egingo da, eta jaiak modu martxosoan amaitze aldera, DJ Mikel Sevillano izango da goizalderarte.

Urtero bezala, festek irauten duten bost egunetan, bingoaren hitzordua izango dute herritarrek gauero. Antolatzaileek bingoan parte hartzeko gonbita luzatzen diete herritar guztiei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!