36ko gerrak Amezketan izan zituen ondorioen inguruko liburua aurkeztu dute

Ataria 2023ko martxoaren 21a

Igandean aurkeztu zuten Antton Amondarainek idatzi duen 'Amezketa (1936-1945). Zigorpean isilaraziei, merezitako aitorpena' liburua; kultur etxeko areto nagusia goraino bete zen.

Amezketan 36ko gerrak izan zituen ondorioak jasotzen dituen Amezketa (1936-1945) Zigorpean isilaraziei, merezitako aitorpena liburuaren aurkezpena egin zuten, igandean, kultur etxeko areto nagusia goraino beteta zela. Ekitaldian, Antton Amondarain idazleak eman zituen liburuan aurkituko denaren aurrerapen batzuk, eta Alaitz Artolaren musikak, Bixente Gorostidiren bertsoek, Imanol Artolaren aurkezpenak edota Izaskun Lazkanok gerrako biktimen omenez egin duen obraren aurkezpenak jantzi zuten ekitaldia. Amaitzeko, udalak luntxa eskaini zuen Zazpiturri elkartean. Amezketako etxe bakoitzak liburu bat hartu dezake, eta ekitaldian liburua hartu ez zutenek, udal bulegoetan izango dute eskuratzeko aukera datozen egunetan.

Hiru urte iraun dituen prozesu baten amaiera izan da liburuaren argitaratzea. Amondarainek informazioa aztertu, testigantzak bildu edota dokumentuak eskuratu ditu liburua osatzeko. Denbora tarte horretan etorri da liburu horretan oinarrituta zegoen eta herritarrek egin zuten antzerkia ere. «Amondarainek ezagutzera eman dizkigu Amezketan gertatu zirenak, eta betirako gordeta geldituko dira hurrengo belaunaldiek ere jakin ditzaten», esan dute udalekoek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!