Erreportajea

Tiro hotsik gabeko gerra oihartzunak

Aitor Arroyo Askarai 2022ko abe. 14a, 19:59

'Amezketa (1936-1945). Zigorpean isilaraziei, merezitako aitorpena' idatzi du Antton Amondarainek; «zauriak behar bezala ixtea» da liburuaren helburuetako bat egileak berak esan duenez.

Hildakoak zaurituak, erbesteratuak… Fronterik ez omen zen izan Amezketan; horrek, ordea, ez zuen salbuetsi gerra eta haren ondorioak pairatzetik. Hain zuzen, horiek ikertzen aritu da Antton Amondarain (Legorreta, 1950) bizpahiru urtez, eta gogoangarri iritzi dion guztia bildu du liburu batean: Amezketa (1936-1945) Zigorpean isilaraziei, merezitako aitorpena. Abendu hasieran zen argitaratzekoa, baina gorabehera batzuk izan direla medio, urtarrilaren erdialdean onduko du.

«Zauriak behar bezala ixtea» da, Amondarainen hitzetan, liburuaren helburuetako bat: «Ez ditugu epaitzen alde batean edo bestean lerrokatu zirenak, aitzitik, kritikatzen dena gerra piztu zuena da». Hori horrela, herriarentzat egindako obra dela ere nabarmendu du, eta ez aditu mailakoa; egilea bera ez da historialari ofiziala, baina liburua elkarlanean egin du Aranzadi Zientzia Elkartearekin.

Denboran atzera egingo du irakurleak liburua zabaltzearekin batera, eta denetik topatuko du barruan: garaiko amezketarren argazkiak, dokumentuak, eta baita istorio gordinak zein bitxiak ere, kasurako, bando bakoitzeko bertsolari bana gauez elkartzen zirenekoa, gerrari buruz aritzeko. Horrez gain, atal bakoitzaren hasieran bertso pare bat darama liburuak, hausnarketa bultzatzea eta herritarrak omentzea xede.

Proiektua osatzeko informazio-iturri askotara jo du Amondarainek: batetik, hainbat artxibategitan izan da, horien artean, Amezketakoan, Tolosakoetan, Oñatikoan eta Lazkaoko Beneditarrenean; bestetik, internetez Sabino Arana Fundaziotik, PARESetik eta beste iturri batzuetatik ere informazioa jaso du; eta, azkenik, herritarren testigantzak ere jaso ditu. Azken horiekin, ordea, «berandu» hasi direlakoan dago: «Lanean hasi garenerako, ia desagertu egin da gertakari horiek gertutik bizi izan zituen belaunaldia, eta horiekin batera galdu dira testigantza asko».

Gainera, ez da hori izan traba bakarra, Covid-19ak eragindako salbuespen egoerak zaildu egin baitzien elkartzea, eta baita askatasunez mugitzea ere. Hala ere, egileak ez du bakarrik egin lan guztia, lagungarri izan ditu Jose Mari Oterminek 2006an herritarrei egindako elkarrizketak, Koldo Alijostesek azalerako eta kontrazalerako egindako diseinuak, Antton Iztuetak grabatutako eta txukundutako bideoak, eta Bixente Gorostidik atal bakoitzaren sarrerarako idatzitako bertsoak. Horiei eta, oro har, proiektuan lagundu dioten guztiei esker oneko hitzak zuzendu dizkie.

Gatazkaren itzal luzea

Denetariko ondorio lazgarriak uzten ditu gerra orok, eta aski jakina da hura ez zela salbuespena izan. Amondarainen ikerketaren arabera, gudak iraun zuen artean Amezketako 26 pertsona inguru hil ziren (gehienak frontean, baina badira zauritu edo gaixotu ondoren etxean zenduak ere) eta 36, berriz, zauritu. Horrez gain, zeharkako eragin handia ere izan zuen, eta hainbat gertakari deigarri bildu ditu egileak.

Horietako bat da Jose Antonio Puldain alkate zenaren kasua, zeinak mendira ihes egin behar izan baitzuen uko egiteagatik gerrara herriko gazteak bidaltzeari. Beste ezbehar lazgarri bat izan zen garaiko Aierbeneako [gaur egungo kultur etxea] haurren heriotza: etxera bidean objektu borobil bat eman zieten bi ahizpei, eta eskuan zutela lehertu zitzaien etxean jolasean zebiltzala.

Jasotako herritarren testigantzetatik jakin du idazleak kanpai-hotsen beldur izatera ere iritsi zirela gerrara joandakoen senideak, ezkilek adierazten baitzuten herriko norbait zendu zela frontean. «Gerrak sufrimendua ekarri zuen guztientzat, eta, hain zuzen, lanaren helburuetako bat da galtzaileei dagokien aitortza ematea». Egilearentzat «zerbait bizia» da historia, eta ikasi egin behar da bertatik, etorkizuna nola eraiki jakiteko zantzuak ematen ei dituelako.

Historia ezagutarazteko

«Beharrezkoa da historia ezagutzea eta ulertzea, bestela, handia baita errepikatzeko arriskua», Amondarainek azaldu duenez, hori izan da lana egiteko beste arrazoietako bat: gertatu zena jakinaraztea. Jabetzen da, ordea, mardula dela idatzi duen liburua, eta, agian, ez dela modu egokiena herritar guztiengana iristeko.

Hori kontuan hartuta, ordea, beste bi ekimen berezitu ere antolatu dituzte zabalpen-helburua lortzeko: ostiral honetan gaiaren azalpena eta tertulia Amondarainen eskutik; eta, larunbatean, Gerra omen zetorrek! antzezlana. Azken horren gidoia Agustin Amiano irakasle ohiak idatzi du, eta, guztira, 30 herritar inguruk hartuko dute parte. Berezitasun bat ere badu: bost ekitaldi ditu, eta kultur etxeko gela banatan egingo dute bakoitza. Ezaugarri hori dela-eta, lau emanaldi egitea aurreikusi dute: bina, goizean eta arratsaldean; bakoitzean ez baita ikusle asko kabituko.

Aurrerago, berriz, asmoa dute herriko kultur etxean oroigarri bat jartzeko, zeinak gerra zibilaren ondorioak pairatu dituzten herritarrak omenduko dituen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!