Errenteriarra jaiotzez, baina azken 40 urtean amezketarra. Iragan otsailaren 24an hil zen gaixotasun bat medio Nekane Bautista.
«Feminismoaren alde sutsuki» lan egindakoa izanik, Martxoaren 8aren data baliatu nahi izan du Amezketak omenaldia eskaintzeko. Zumadi komunitateaz gain, Amezketa Kantarik, Amezketako irakurle taldeak, talde feministak eta Akelok guraso elkarteak, besteak beste, parte hartu dute omenaldian. Azken finean, errenteriarra presente egon da herriko eragile talde guztietan. Eta talde horiek guztiek bere esker ona bueltan eman diote gaurko omenaldian.
Omenaldia minutu bateko isilunearekin hasi dute eta ondoren kantu, bertso eta dantzen tartea izan da. Urte hauetan guztietan, bere ikasle izandakoek agurra dantzatu dute Nekane Bautistaren argazkiak aurrean zirela eta sendia ondoan zutela.
Jarraian, Agustin Amiano irakasleak hartu du mikrofonoa eta «Errenderiko damatxo bat, Amezketako zaindari» hitzak eskaini dizkio. Lerroz lerro aletzen joan da Nekane Bautistaren izaera: hezkuntza eta euskararekiko grina, lanerako prestutasuna... «Begiak erne, pausuak adi, Zumadi, gidari. / Eskerrak zuri, utzitako gidoiari / emandako laguntzari, erakutsitako bideari. / Errenderiko damatxo bat / Amezketako zaindari».
Amezketan dantza ezaugarri bat baldin bada horixe da Talai dantza. Nekane Bautista Zumadi eskolan urtez urte Talai dantza ikasleei hedatzen, zabaltzen eta maitatzen erakutsi duenetariko bat da. Honela, ezinbestean gaurko omenaldian ezin zuen hutsik egin Talai dantzak. Lankide eta ikasleek makilak astindu eta azken Talai dantza eskaini diote.
Kantak eta bertsoak ere ez dira falta izan. Akordeoiak lagunduta, bertaratutako guztiak kantuan jarri ditu Nekane Bautistaren irudiak, Txindoki atzean zutela. Horrela, Bixente Goristidi bertsolaria gidari zutela herritar guztiak kantuan amaitu dute irakasleari eskerrak emanez, ETAren su-etenetik doinupean:
Nekane Amezketara
iritsi zinen gaztetan,
Zumadin aritu zera
geroz berrogei urtetan,
belaunaldiz-belaunaldi
gure zaintzan, heziketan.
Ze lan ona egin dezun
eskolan urte luzetan.
Eskerrik asko Nekane
eskerrik asko benetan.
Beti izango zaitugu
gure buru-bihotzetan
ta zure arrastoa luze
biziko da Amezketan.
Bizitzan zail da uztartzen
bokazio eta lana,
zuk horixe lortu dezu
ta ilusioz egin dana,
haurrak nola hobeto hezi
izan da zure afana,
ze zorte izan zen heltzea
zu amezketarrengana.
Hemengo asko hezi gaituzu
ta lagundu banan-bana,
Zumadi osoan muxuak
maitasunez zuregana,
amezketar askok izan
zaitugu bigarren ama.
Omenaldia amaitzeko, bere familiak Amezketan topatu duen babesa eskertu du lore sorta eta oroigarria jasota.