Bertso eskolek 'Gelatik Plazara' egingo dute jauzi

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 7a, 07:58

Saioetako bat Amezketan egingo dute martxoaren 31n. Guztira 170 bertsolari gaztek hartuko dute parte ekimenean zazpi saiotan banatuta.

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bertso eskolekin elkarlanean Gelatik Plazara ekimena antolatu du. 14 urtez azpiko ikasleei jendaurrean trebatzeko aukera eskainiko dien aisialdiko ekimen bat izango da. "Bertsoarekin gozatzeko gune bat izango dute bertso eskoletako gaztetxoek eta Eskolarteko txapelketara iritsi aurretik plazarako zubi lana egiten laguntzea da asmoa" esan dute antolatzaileek. Amezketan egingo dute saio horietako bat, martxoaren 31n.

Tokian tokiko bertso eskolak saio berean elkartuta ikasleek elkar ezagutzeko aukera izango dute ekimenaren bitartez, guztira, 3-4 lagunez osatutako taldeetan arituko baitira. 170 bertsolari gaztek hartuko dute parte Gelatik Plazara ekimenean eta zazpi saio antolatu dituzte.

Talde bakoitzak ondorengo lanak egin beharko ditu: prestatutako agurra; puntu erantzun koplan (oina emanda edo oinik eman gabe); gaia eta bi edo lau oin emanda kopla edo bertsoa osatu; eta bertsolari bati erantzuten, gaia emanda, kopletan. Saioaren bukaeran talde guztiek jasoko dute sariren bat, eta saioak aurkezteaz zein gaztetxoen lana epaitzeaz bertso eskoletako irakasleak arduratuko dira. 

Saioak Zumaian (martxoaren 3an), Oñatin (martxoaren 10ean), Elgoibarren (martxoaren 24an), Azkoitian, Lasarten, Ordizian eta Amezketan (martxoaren 31n) egingo dira. Amezketan egingo duten saioa Zazpi iturri elkartean egingo dute eta Gelatik Plazara saioarekin batera, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren kanporaketa ere egingo dute bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!