Jaioterrian omenduko dute Pello Zabala, igandean

Ataria 2022ko mar. 14a, 17:00

Amezketako Udalak Pello Zabalaren familiarekin batera antolatu du oinezko omenaldia. Igandean, udaberriari ongietorria emanez, 12:00etan, eskolako jolastokian elkartuko dira ibilaldiari hasiera emateko. "Merezi duen" agurra egingo diote Zabalari, eta herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete.

Pello Zabala duela hilabete hil zen, eta Euskal Herriak agurtu bazuen ere, orain, herrian omenaldia egingo diote. Bere jatorria Amezketa zuen Pello Zabalak, nahiz eta 10 urterekin Arantzazura joan. Udaletik adierazi dute "oso estimatua" zela herrian.

Hori horrela, familiarekin batera "merezi duen" agurra prestatzen aritu dira denbora honetan, eta udaberrira sartzeko eguna aukeratu dute omenaldirako. Hilaren 20rako, Zabalaren haurtzaroa, familia, eta garai hartako Amezketa oroituko dituen oinezko omenaldia prestatu dute.

Oinezko omenaldi hau, eskolako jolastokian hasiko dute. Pello Zabalaren eta bere ama zenaren jaiotetxea den Errementain etxearen aurrean, hain zuzen ere. Ostean, Zabalaren aitaren jaiotetxea den Jakuetxetik pasako dira omenaldia eginez, eta errota zaharrean amaituko dute. Ibilbidean zehar, Zabalaren pasio ziren musika, kultura eta natura uztartuko dituzte. Eta omenaldi guztian zehar gidari lanetan Iker Galartza herritar artista ariko da.

Udalak Pello Zabalak idatzitako azken liburua, Natura labur mintzo, banatu du etxez etxe: "Bere lana etxe guztietan egon dadin". Bukatzeko, liburuarekin batera omenaldirako gonbita luzatu diete herritar guztiei, "amezketarrok merezi duen agurra egin diezaiogun". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!