Makila hotsa ozen, Txindokiren magalean

Ataria 2022ko otsailaren 27a

Talaiek Amezketako etxe atari guztiak bisitatu dituzte atzo eta gaur artean; inauteri giroan ibili dira, umore onez eta lagun artean.

Bueltatu dira talaiak Amezketara. Urtebeteko etenaren ostean, arropak eta makilak armairutik atera eta etxez etxe ibili dira, atzo eta gaur, dantzan. Atzoko eguna baserriz baserri pasa zuten, bi taldetan banatuta. Batzuk Amezketako baserrietan barrena ibili ziren eta besteak Bedaio inguruan. Azken dantza, ohiko moduan, bi ilaratan egin beharrean, borobilean amaitu zuten.

Eta gaur goizean fin asko atera dira berriro ere. Batzuk Ugartetik abiatu dira, eta beste taldea Zubillaga auzoko baserrietan barrena ibili da. Okindegi inguruan elkartu dira eta herrigunea guztiek elkarrekin gurutzatu dute. Indarrak amaitu aurretik geldialdiak egin dituzte tarteetan, mokadu bat edo beste ere jan dute, eta ondoren ozen jo dituzte makilak elkarren kontra; hautsi ere egin dira batzuk. Arratsaldean amaituko dute ibilbidea, etxe guztien atariak alaitzen dituztenean.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!