Pello Zabala hil da

Ataria 2022ko ots. 2a, 18:09

Pello Zabala fraide frantziskotarra hil da gaur, 78 urte zituela. EITB-k jakitera eman duenez, COVID-19ak lehendik zituen osasun arazoak areagotuta hil da. 

Pello Zabala, 1943an jaio zen, Amezketan. Arantzazun bizi zen umetatik, hasieran ikasle gisa ibili baitzen bertan, eta gero fraide frantziskotar moduan. Idazlea, irrati aurkezlea, musikazalea eta meteorologoa zen. 2018. urtean Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen.

Oñatiko santutegiko aurpegi ezagunenetako bat zen. Hainbat urtez esatari lanetan aritu zen Euskadi Irratian, lehenik Klasikoak gaur saioan eta ondoren eguraldiaren berri emanez. Oraindik ere, eguraldia iragartzen zuen larunbat goizetan Landaberri saioan.

Umetatik izan zuen irakurtzeko zaletasuna, eta horri esker, amarekin asko ikasitakoa zen, «oinez ikasi aurretik kasi», zioen berak. Naturaren mintzoa liburuaren aurkezpenean, 2000ko abenduaren 1ea, hala esan zuen Euskaldunon Egunkaria-n: «Frailetza ikasten ari nintzela zein frailetzan nenbilela, musika eta euskara izan nituen beti afizio nagusi, eta harrapatzen nuen guztia irakurtzen nuen». 7 urterekin eskatu zuen Arantzazura joatea eta 10 urterekin sartu zen Arantzazuko apaiztegian, nahiz eta Amezketako apaizak Donostiara joateko esan; hiriburua urrun geratzen zitzaiolako joan zen Arantzazura.

1958an egin zen fraide. Filosofia ikasi zuen Erriberrin (Nafarroa), eta ondoren Teologia, Arantzazun. Santutegiko organista izan zen 1978ra arte. Mezetarako zenbait pieza konposatu zituen. Musika txikitatik ikasi zuen, Amezketako parrokian. Musikazale handia zen, eta 2000. urtean azaldu zuenez, 3.000 CD zituen. Euskadi Irratian musika klasiko saio bat egiteko deitu ostean sortu zen Klasikoak gaur saioa.

Berez ez zuela meteorologo formaziorik, baina Arantzazuren izena zabaltzeagatik eguraldiaren berri ematen hasi zen. Aurrena hilean behin tenperatura ematen, gero astean behin, eta azkenean egunero eta iragarpenak eginez. Tenporei buruz ikasten hasi eta sakontzea erabaki zuen. Hasieran jendeak gaizki hartu ziola zioen, baina gero toki askotatik deitzen ziotela horri buruz jakin nahi zutelako, baita hedabideetatik ere. Euskal Herriko Klimatologia eta Meteorologia Elkartea ere bultzatu zuen, 2000ko martxoan aurkeztuta, Euskal Herri osoko eguraldi adituak elkartzen saiatuz.

Euskaraz gain, latina, gaztelera eta frantsesa hitz egiten zituen, eta Arantzazuko apaiztegiko irakasle izan zen 1990era arte. Gainera, hainbat egunkari eta aldizkaritan idatzi zuen, besteak beste, Arantzazu, Ardatz, Egan, Habe, Jakin, Zeruko Argia eta Berrian. Mendiko Behatokitik bloga ere idatzi zuen Berrian.

Bi liburu idatzi zituen: Naturaren mintzoa: Egunez egun, sasoien gurpilean (Alberdania, 2000) eta Zeruan zer berri: Arantzazuko talaiatik eguraldiari begira (Alberdania, 2006).

2018. urtean ATARIA-k elkarrizketa egin zion amezketarrari Arantzazun bertan. Elkarrizketa horretan, Arantzazu bere etxea zela azaldu zuen: "Amezketatik hona etorri nintzenetik, beste herri batzuetatik pasatu arren. Erriberri, adibidez, oso arraroa egiten zitzaidan. Han dena gaztelaniaz, eta hona etorri eta hemen nire txokoan nengoen". Amezketarekin gero eta harreman gutxiago zuela zioen, lehenago ere ez zuelako ia harremanik izan: "Abitua hartu edo fraidetu nintzenetik ez nintzen Amezketara joan meza berria eman arte. Zortzi urte pasa ziren. Meza berria eman nuenean nire etxean sentitzen nintzen, eliza hartan akolito izan nintzelako. Eliza jendez betea zegoen. Herri txiki hura benetan izan da niretzat berezia".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!