«Naturari irakurritakoa jakituria handia da benetan»

Imanol Garcia Landa 2018ko ots. 25a, 11:04
Pello Zabala amezketarra, Arantzazun.

Arantzazu leku berezia dela ezin da ukatu. Ingurunea bera da ikusgarria eta, besteak beste, bere eliza euskal ondare kulturalaren erreferentea da. Bertan aurkitu du bere etxea Pello Zabala frantziskotarrak (Amezketa, 1943), eta bere talaia horretan egin diogu elkarrizketa hainbat gai ukituz.

Hamar urte zenituela iritsi zinen Arantzazura. Gogoan duzu nola izan zen erabaki hori?

Bai, bai, barruan dut hori, nolabait ere nire zutoinak hor baitaude. Gaur ez litzateke beharbada hain erraz ulertuko, baina garai hartan, 1953. urtean, Amezketatik Arantzazura salto handia zegoen. Amezketa herri txikitik bi irteera genituen urtean. Bat eskolakoa, Donostiara. Bestea, familiakoa. Amezketako paper fabrikan aita, beste bi osaba eta koinatua zeuden kamioietako txofer moduan. Urtean behin Arantzazura kamioian etortzen ginen lau familiak.

Arantzazuko bisita hori hain iltzatuta nuenez, amona urtero erromesaldian etortzen zenean, ni harekin etortzen nintzen. Zazpi urterekin, bazkari batean, Arantzazu aipatu zen eta nik esan nuen gustura joango nintzela ikastera. Aitak esan zuen lagunduko zidatela ahal zuten bitartean. Eta apaiz batekin hasi nintzen ikasten, latina eta guzti, eta hona etortzerako askoz ere aurreratuago etorri nintzen besteak baino. Musikan ere aurreratua eta prestatua etorri nintzen. Lastima, hona etorri baino urtebete lehenago aita zena hil zela ezbeharrean fabrikan. Beraz, tristura horrekin, baina Arantzazura lotuta nengoen eta hamar urterekin etorri hona eta kito. Amezketa ahaztu nuen hor. Arantzazukoa egin nintzen, Arantzazuko izateko.

Nola egin zinen fraide?

Hamabost urterekin Zarautzen nobizio, eta hortik aurrera fraide bizitza egin dut. Hiru urte Erriberrin filosofia egiten, eta gero beste lau hemen Arantzazun. Eta oso gustura. Nik ez nuen behin ere dudarik izan horixe zela nire bidea, eta ez nuen planteatzen aterako nintzen ala ez. Pozik eta nire ikasketetan, euskara eta musika landu, eta segi hortxe.

Nolakoa izaten da egun bat Arantzazuko Santutegian?

Goizean 06:45ean jaikitzen gara normalean, igandetan 07:30ean. Goizeko otoitzekin hasten gara, batzuetan meza, eta gosaldu ondoren bakoitzak goiza bere lanetan pasako du. Nola badakizun bazkaria hantxe jarrita ondo dagoela, eta afaria ere bai, ez daukazu arduratu beharrik. Ilunabarrean bezperak errezatu, meditazioan edota pentsatzen beste minutu batzuk. Ez zaigu ezer falta, eta sobra ere ez.

Kontzilioaren ondoren, hemengo bizitza pixka bat gehiago zabaltzen joan zenean, orduan beste planteamendu batzuk egin genituen. Ordutegiak aldatu eta mugitu batetik bestera, eta beste komentu batzuetan lanak egin eta... Baina ni beti Arantzazuko nintzen eta bertako izaten saiatu nintzen eta tranpatxo bat ere egin nuen hemendik ez ateratzeko.

Kontatu dezakezu tranpa?

Bai, bai. Ikasketekin batera musika karrera egiten ari ginen. Pianoko zazpi urte eginak nituen eta zortzigarrena lantzen ari nintzen, eta pentsatu nuen ez nindoala azterketa egitera. Zortzigarrena eginez gero titulua nuen, eta ikusi nuen horrekin agian beste komentu batera bidaliko zidatela. Beraz, titulua atera gabe Arantzazun jarraitu nuen. Hemen dagoeneko organista nintzen eta hemen lotuta geratu ginen. Gustura aritzen naiz, eta konturatu nintzen orain urte batzuk 23 urte pasa nituela igande bat Arantzazutik faltatu gabe.

Gaur egun zenbat zaudete?

28 gaude gaur egun, 80 urtetik gorakoak 21, eta gainerakoak 72 urtetik gorakoak. Beraz aiton kuadrilla oso umore onekoa. Eta umore on hori zaintzen dugu eta gustura. Denak ere kontentu. Zahartzaro horretan batzuk ez dute asko ikusten eta batez ere entzuten ez dutenak ematen digute pena, bakarti gelditzen direlako, nahiz eta gurekin egon. Beraz, lehenago umeekin lan egin behar genuenok, orain beste umeekin, eta denok ere nahiko ume... Eta esandakoa, umore onarekin, familia ona egiten dugulako.

Eta frantziskotarren komunitateak hemen jarraituko du?

Ahal den bitartean bai. Nahiz eta zahartu, erabaki genuen bertan zaintzea eta horregatik gaixozainak ekartzen ditugu.

Zer suposatzen du zuretzat Arantzazuk?

Nire etxea da, Amezketatik hona etorri nintzenetik, beste herri batzuetatik pasatu arren. Erriberri, adibidez, oso arraroa egiten zitzaidan. Han dena gaztelaniaz, eta hona etorri eta hemen nire txokoan.

Orokorrean eliza eta erlijioa nola ikusten duzu? Jendeak jarraitzen du Arantzazura joaten?

Lehenagoko erromesaldi haiek, Tolosatik hamalau autobus etortzen zirenekoak, ez daude egun. Orain beste modu batera bizi da Arantzazuko harremana gure Euskal Herrian, naturalagoa ere bai. Jaunaren hitzari zukua talde txikian hartzen zaio. Puntu horiek oso ondo ikusten ditut Arantzazun. Igandean meza, kantuak eta sermoia ere bai, baina Arantzazuko eliza handiegia da gauzak goxo ospatzeko.

Uste duzu krisian dagoela eliza eta kristautasuna?

Alde batetik esango nuke krisiaren argazki handia dagoela, espaziala. Parrokia batzuetan laikoei ere tokia eta lana ematen zaie; Tolosako komentuan lana oso ondo egiten dute horretan. Gertutasun horrekin gauzak oso ondo doaz. Nik uste dut gaur egun elizan bertan eta elizako hizketaldietatik baino gehiago jendeak irakurriz jasotzen duela. Asko irakurtzen da, eta liburu asko eramaten dira Arantzazuko dendatik, teologia ukitua dutenak. Mendira jende asko joaten da, eta menditik bueltan elizara sartu eta hor egonaldi txiki bat egiten du, eta horrek asko balio du. Horrek badu nolabait ere meza baten ordezko mamia. Hori gero eta gehiago ikusten da. Orain jendea ondo dago prestatuta barrualdetik, erlijio aldetik, lehenagoko sermoiekin-eta baino. Ondo goaz alde horretatik. Beraz, argazki handia hor dago, baina badaude xehetasun eta puntu batzuk gaurko martxa bedeinkatzeko modukoak direla esaten digutenak.

Komunikabideetan azkenaldian pederastia kasuak ateratzen ari dira. Zer iritzi duzu horren inguruan?

Nik pentsatzen dut agertzen direnean Ameriketan ez dakit zer, Argentinan eta Brasilen... Hemendik joan diren misiolariak egin behar izan dute dena: herriak eraiki, etxeak egin batzuetan, elizatxoa ere egin, hangoa martxan jarri... Eta jendearekin harremana beti izan dute, eta txikiekin eta gainerakoekin. Eta jendea ere denetarik dago, emakumeak bezalaxe umeak ere, batzuk dira askoz zaleagoak zurekin egoteko, eta orduan, zor diezu zer edo zer. Guk ez dugu horrelakorik egin izan baina... Ulertzen dut batek edo bestek preferentziaren bat batekin izan eta... Gero, ez dela behar bezala frenatu... Toki bakoitza, eta kasu bakoitza, eta pertsonaia bakoitza, eta zenbateraino lapatu zaizun beste hori, edo gaztea, edo emakumea. Kasu bakoitza da zaila, ezin dira estanpa berean ikusi. Nik ikusten dut hori bera ere, hainbeste nola atera den eta, dagoeneko frenatuko dela, eta behar bezala beteko dela.

Eta gero, gainera, apaizak gero eta gutxiago dira, fraideak gero eta gutxiago, eta beharko dira laikoak. Ameriketan dezente dira igandeko ospakizunak egiten dituztenak, emakumeak ere bai, eta toki batzuetan meza eman ere bai. Eta hori ere pixkana etorriko da gehiago zabaltzen. Herriak eskatzen du, eta batez ere inguru haietako leku zabaletan askoz libreago dira, eta meza bat emakume batek zuzenduta egiten dute. Horrek gehiago egiten du herriko taldea, eta azkenean hori da behar litzatekeena. Bide onetik doa, baino poliki. Orain dugun aita santuarekin-eta, ematen du beste zabaltasun bat eta jendea egiten joango da horretara, kostata hori bai.

Amezketa entzuten duzunean, zer etortzen zaizu burura?

Harreman gero eta gutxiago dut Amezketarekin, lehenago ere ez genuelako harremanik izan. Abitua hartu edo fraidetu nintzenetik ez nintzen Amezketara joan meza berria eman arte. Zortzi urte pasa ziren. Meza berria eman nuenean nire etxean sentitzen nintzen, eliza hartan akolito izan nintzelako. Eliza jendez betea zegoen. Herri txiki hura benetan izan da niretzat berezia. Eta gero joan izan naiz hiletatara. Amaren hiletara joan nintzen orain urte eta erdi, eta eliza dena bete-betea izan zen.


Musika zure pasioetako bat da.

Benetan ni eskertuta egon naiz beti Amezketan, hango apaizak, halako batean, arratsalde batean zazpi mutiko hartu eta solfeo ikasi behar genuela esan zigunean. Arantzazura etorri nintzen Solfeo de los solfeos liburua oso-osorik prestatuta. Bi etorri ginen solfeo genekienak, Felix Ibarrondo musikari handia, Parisen dagoen konpositore hori, eta ni. Eta bata bestearen lehian, zeinek gehiago ikasi, horrelaxe pianoko lehenengo urteak segituan ikasi genituen.

Nobiziatutik, hamabost urterekin, organoa jotzen ere ikasi nuen, eta meza laguntzen. Orduan hainbeste meza egiten ziren… Goiz batean agian zazpi meza laguntzen nituen organoarekin. Lehen dena latinez egiten zirenean, aldarean latinez ari zirenean organoz laguntzen zen, eta orduan organistak askoz ere lan gehiago zuen. Gero euskaraz hasi zenean, ez zeukan meza guztia jo beharrik. Baina aurretik, zenbat meza! Horrela ikasi genuen, behar horrek lagundu zuen. Organista gehiago ginen lehen, orain ez da kasik ikasten. 80tik gora kantu egin genituen, gero euskara sartu zenean, gehiago. Euskaraz ez zegoen kanturik, pare bat itzuli genituen, eta gero denak berriak egin eta aurrera.

Gaur egun ere jarraitzen duzu organista.

Bai, bai. Titularra ni naiz eta ordezko bat ere badaukat, baina gainerakoan beti ni aritzen naiz, eta gainera organo eder honekin gustua ematen du. Gero, ezkontza bat denean, hor aritzen gara soinu politenak jotzen eta pixka bat laguntzen ospakizunari.

Musika klasikoa zabaltzen ere egin duzu zure lana, 'Euskadi Irratia'-n 'Klasikoak gaur' saioarekin.

Urtean 300 bat saio egiten nituen eta 22 urtez aritu nintzen, beraz, milaka saio izan ziren. Lana egin behar izan nuen benetan. Eta oso pozik. Euskadi Irratia hasi zenean Joxe Mari Oterminek ematen zuen musika klasikoaren ordubetetxo bat. Esan nion gauza politak jartzen zituela, eta berak buelta batzuk eman zizkion buruari eta esan zidan nik egin behar nuela saioa. Nik erantzun ea nola egin behar nuen hori hemendik. Eta orduan esan zidan nik prestatzeko, grabatzeko aste osoa eta gero bidaltzeko garraiolariarekin. Orduan errazago ikusi nuen. Saioa oso gustura egiten nuen. Orain ezin dut musika klasiko gehiago entzun, hainbeste ordu pasa nituelako. Kotxean bai, kotxean behar dut musika, klasikoagoa edo arinagoa, baina gelan ezin dut egon musika entzuten, ezta hondotik ere, atentzioa berak ematen dit eta...

Zer eman dizu musikak eta zer ematen dizu?

Mundu izugarria. Hor bertan ezagutu ditudalako musikari guztiak. Batez ere Klasikoak gaur irratsaioan efemerideak egiten nituen azken urteetan, eta musikari baten jaiotza edota heriotza eguna baliatzen nuen bere obrak jartzeko. Beraz bere obra ezagutzen zenuen, eta gustatu eta gustarazi. Afizioa sortzen zen horrela. Esaten zidaten, 'gustua ematen du zurekin, motel'. Euskadi Irratiko publikoa oso gertu sentitzen nuen, eta hori ona da.

Eguraldiaren bitartez egin zara agian ezagunena jendearen artean.

Eguraldiak musikak baino gehiago lotzen du entzulea, behar duelako jakin.

Nola murgildu zinen eguraldiaren berri ematearen mundu horretan?

Gauza berezia izan zen, eta kontatzeko modukoa. Uda partean Euskadi Irratian goizean saioa osatu behar zutenek, pentsatu zuten eguraldiaren berri eman behar zela. Eta niri esango zidatela, eta egingo genuela erantzun nien. Eta lastima ez zegoela mugikorrik, ze horrekin edozein ordutan egitea zegoen. Gero etorri baitzen eskaera eguerdian egiteko. Eta nik esan nien ea nola egingo nuen eguerdiko hamabietan egoteko, haurrekin eskola bukatu eta mendira joaten nintzenean. Orduan grabatu egingo genuela, eta horrela egiten nuen eta arratsaldekoa ere bai. Inoiz zazpi aldiz ematen zen eguraldia goizean goizetik hasita. Horrela lotura bat sortu zen, ikusten zelako ere zer-nolako lotura sortzen zen publikoarekiko. Orduan ez zegoen maparik. Gero Madrileko telebistan mapa etorri zen. Orain edozein ordutan daukazu zazpi egunetako eguraldia.

Gero irratitik esan zidaten urtean zehar emateko eguraldia, eta ostiraletan grabatuko zidatela. Eta horrek lotu ninduen gehiago eguraldia eman behar horretara. Gero gauzak ondo jarri zirenean, zuzenean ematen genuen eguraldia larunbatetan. Baina ez neukan beste erremediorik, hango irrati esatari haiekin egon beharra neukan eta horrela sartu ninduten.

Nondik jaso zenuen ezagutza?

Ahal nuen guztia ikasi, eta gero Internet etorri zenean ez zegoen arazorik. Hemen galdetu, bestean galdetu, urteroko eguraldiaren egutegietan ilargia nola izango zen begiratu. Ilargiarekin lan asko egin nuen. Horri lotuta gehiago, Euskalmeten ematen zutena baino. Ilargiari kasu eginez, eta gero mapekin badakizu zer eguraldi datorren. Lehen ez genuen maparik eta orduan aritu behar izaten ginen nondik aterako, zer esan duen batek, zer besteak,…

Gaur egun jarraitzen duzu iragarpena ematen irratiz.

Bai, larunbat goizetan Euskadi Irratian. Baita ere astearte eta ostiral goizetan Irungo eta Iparraldeko irratientzat.

Ez omen zaude oso gustura nola ematen den gaur egun eguraldiaren berri. Zuk haizeari garrantzia handia ematen diozu eta hori ez dela aipatzen esan izan duzu.

Zaila da benetan irratiko esatari batek martxa hartzea eguraldiarekiko zer den garrantzitsua, eta zer eman behar den. Nahi dute esatea egunero hau eta hau izango da, eta kito. Nik ahal dudala behintzat esaten diet gaur zer dugun, baina bihar lasai izateko haizerik ez dela ibiliko. Horrek gehiago esaten dio baserritarrari gaur egiten diren iragarpenak baino. Haizea nondik nora ibiliko den, edo lainoak deigarriak direnean… Beraz, xehetasun batzuk nahikoak dira esan duzuna fidagarria egiteko. Irratietan hori falta zaie.

Tenporen gaia zurekin oso lotuta dago.

Euskalduna nola bizi zen lurrari eta inguruari lotuta, hortik konturatzen zen. Tenporak laugarren mendetik ospatzen dira. Elizak orduan egunero eta astero ez zuen ospakizunik. Baina ospakizun horiek jarri zirenean, gure baserritarrek bere eguraldi martxak bazituzten. Eta elkartzen zirenean elizara, hiru hilabeteetan zer egin zuen komentatzen zuten. Haiek bazakiten tenpora horietatik, hiru hilabeteetako eguraldi tankera bat. Hilabetea esatean ilargialdia esan nahi dut. Horiek denak bilduta zituzten. Horren martxan zer izan zitekeen tenpora egun horietan ikusten zuten. Gurean bezala, Frantzian eta Suitzan ere bai. Gehienak guk gorde genituen, Espainian ere galdu zelako. Penagarria da euskaldunok ez garela idazten saiatu. Ez dago ezer idatzita tenporei buruz.

Ez duela oinarri zientifikorik esan dizutenak izango zenituen. Zer erantzungo zenieke?

Eguraldiak ez duela ezer zientifikorik. Ematen diren datuak tokitxo batekoak dira. Bihar laino gutxi bada, Oñatin sekulako izotza eta hemen egongo gara 8-10 gradu positibotan. Ez dago legeetan jarrita. Nik hemen ezagutu dudan alde handiena sei gradu positibo izan da, neguan, goiz batean zeru garbiarekin, Gasteizen 12 negatibo, eta Oñatin 6 negatibo. Hau posible al da? Altura eta tokia beti berdina da, baina gauean ibili den haizea-eta ez dira berdinak. Eguraldiari beti erreparatu beharra dago. Toki bakoitzari begiratu beharra dago. Eguraldiak asko erakutsi dio gizasemeari, eta nola lotu izan duen eguraldi aldaketekin, eta nola jarri dituen esaeretan. Hori da naturari irakurri diotena, eta hori jakituria handia da benetan.

Aurten beteko dira Arantzazuko Biltzarraren 50 urte. Nola bizitu zenuen?

Niri ez zitzaidan tokatu gertutik. Seminarioan maisu geundenean, hemen arduratzen zirenak, Villasante eta horiek denak, talde bat baziren, eta beraiek egin zuten biltzarra, ez nintzen sartu. Ni asko arduratu nintzen eta besteak mugiarazi ere bai, adibidez Oliten geundenean. Horretan saiatu ginen eta ahalegindu ere bai. Orduan zaila zen, oso gutxik idazten zuten-eta euskaraz.

Euskarari beti garrantzia eman diozu.

Oso kuadrilla euskaltzalea izan ginen. Joxe Azurmendi genuen kuadrillakoa, eta hari laguntzen genion asko. Hura joaterakoan geroago etorri zen gazteagoa den Joan Mari Torrealdai. Beti ari ginen zer edo zer egiten: hemengo aldizkari erdaldunean artikuluak euskaraz sartzen saiatu, guk mugiarazi bat edo beste... Zaletasuna hor mantendu genuen eta ondo mantendu zen.

Ekainean 75 urte beteko dituzu. Atzera begiratuz zer balantze egiten duzu?

Ez daukat penarik eta ezer borratu beharrik. Seminarioko 25 urteetan, gazteekin aurrena joan ginen lehenagoko eran, oso zorrotz, eta haserretzen ginen edozer gauzagatik. Baina gero, ni izan nintzen enkargatu nengoena eta gehien lortu nuena, onean gauzak egiten eta onean eurak ere jarri zitezen. Eta lortu genuen urtebete zigorrik eman gabe, eta hamalau urteko gazteekin hori lortzea meritu handia zen. Eta ni konforme nago bai gazte urteekin, bai seminariokoekin, eta Arantzazun primeran. Afizioak izan ditut nik beti inguru honekin, eta beti nago pozik, eta egin dudan lana ere hortxe dago eginda eta oraindik ere jarraitzen dut, eta horrelaxe bizi naiz gustura.

Eta nola begiratzen diozu etorkizunari?

Lehen esan moduan, zaharrekin hortxe gaude lotuta. Giro onean, beraiei lagundu, eta horrelaxe bizi gara, animoso eta pozik. Eta adineko horiek hainbeste lan egin dutenak, orain izan dezatela behintzat zahartzaro goxoa eta gustukoa. Osasunak laguntzen digun artean behintzat.

Erlazionatuak

Pello Zabalarekin, luze eta zabal

Tolosaldeko Ataria 2018 ots 19

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!