Urteko lehen irakurle taldea, Oihana Iguaranekin

Ataria 2022ko urtarrilaren 28a

Amezketako Irakurle Taldeak urtea Oihana Iguaran amasarraren 'Hormak' liburua irakurriz hasi du. 

2022. urteari Oihana Iguaranen Hormak eleberria irakurriz ekin zioten zenbait amezketarrek, eta asteartean jaso zuten amasarraren bisita. Amezketako liburutegian, idazleaz gain, hamar irakurle bildu ziren aurtengo lehen saioan, eta ordu eta erdi luzez aritu ziren hizketan.

Amasarrak irakurleen egarria ase zuen nobelaren sorburuaz hitz eginez, pertsonaia bakoitzaren izaeraz, nobela idazteko prozesuaz, eta baita beste hainbat bitxikeriaz ere. Irakurleek egindako galderak gustura erantzun zituela Iguaranek adierazi dute irakurle taldetik, eta "erantzun askok ireki zioten bidea gogoetari". Irakurleek nobela irakurri ahala izan dituzten bizipenak kontatu zituzten, baita pertsonaia bakoitza nola irudikatu duten ere.

Hurrengo liburua

Otsailaren 22an izango dute bigarren zita. Ordura bitartean Bertol Arrietaren Gezurra berdaderoa nobela irakurriko dute, eta ondo bidean, zarauztarraren bisita izango dute egun horretan. Amezketako Irakurle Taldekoek diotenez, ateak zabalik daude bertaratu nahi duen edonorentzat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!