Guztira bost txapel ditu amezketarrak, egun aktiboan dauden pilotarien artean gehiena, eta 25 urte bakarrik ditu. Rezustaren aurka irabazi du buruz buruko finala, 22-5, eta Lasori lau eta erdikoan irabazi dio, 22-20, tentsio handiko final lehiatuan. Jokatutako azken hiru finalak irabazi ditu, 2020ko Lau eta Erdiko Txapelketa ere irabazi zuelako, eta datu horri garrantzia eman dio Altuna III.ak.
Buruz buruko finalean amezketarrarekin batera Iñaki Artola alegiarrak egon behar zuen, eskualdekoen arteko lehia ikusteko. Baina Rezustari irabazi zion finalerdian lesionatu egin zen Artola eta azkenean ezin izan zuen jokatu final handia; lehen mailan bere lehenengoa izango litzateke.
Bere lehen final handia jokatu duena Jon Ander Peña tolosarra izan da. Bere lehen parte hartzea izan da titular moduan lehen mailako binakako txapelketan, eta Albisurekin batera finalera iritsi da. Aurkari gogorrak izan dituzte finalean, Elezkano II.a eta Zabaleta, eta azkenean galdu egin zuten 22-7.
Erik Jaka lizartzarrarentzat gazi-gozoa izan da urtea. Batetik, Aspe enpresatik Baikora pasa da, baina elastiko berriarekin jokatu behar zuen bere lehen partida ez zuen bukatu eta gero perikarditisa izan zuela jakin zen. Beraz, ezin izan du iaz buruz burukoan lortutako txapela berriz lortzeko lehian egon.
Urte berezia izan da Beñat Urretabizkaia ikaztegietarrarentzat: lau urte egin ditu Baiko enpresan, eta bizkarreko lesio batengatik bere ibilbidea amaitu zaio.
Olaizola II.a txapeldun handiak pilota profesionala utzi du eta frontoi nagusi guztietan agurra egin diote. Tolosako Beotibar frontoian ere pilotari bezala azken txaloak jaso ditu harmailak bete dituzten zaleen aldetik, bere ibilbideko azken aurreko partida jokatuz.
Miren Larrarte bidaniarrak nazioarte mailako hainbat txapelketetan emaitza nabarmenak lortu ditu. Elite World OneWall Tour txapelketan txapeldunorde geratu da. Bestetik, Europako Front Ball Txapelketan garaile izan da. Horrez gain, Europako OneWall Txapelketan izan da, Euskal Selekzioarekin, eta 19 urtez azpiko mailan irabazi egin zuen binaka, Leire Garai bikotekidearekin.
Odei Arregi tolosarrak erremonte profesionalean debuta egin du, Hernaniko Galarreta frontoian, Oriamendi enpresarekin. Arregik Goikoetxea V.arekin jokatu du, Zaldua anaien aurka 40-34 galduz.