Ez zen lan makala, baina erronkari eutsi eta lortu dute bigarrengoz ETE Liga irabaztea, gainera bidean bederatzi bandera astinduz. Euskotren Ligara igotzea izan da aurtengo helburu nagusia, baina horri ekin aurretik Kontxako Bandera zegoen jokoan. Ez zuten lortu ohorezko txandan sartzea, baina bigarrengo estropada bikainarekin azkenean laugarren postua lortu zuten. Igoera fasean zer gertatuko zen jakitea falta zen urtea biribiltzeko, eta lortu dute. Tolosaldea traineruko arraunlariek asteburu bikaina egin eta goi mailako Euskotren Ligara igo dira.
Goi maila horretan beste hiru traineru izango dituzte aurkari eta tartean eskualdeko arraunlariak ere izango dira. Aurtengoari dagokionez, Donostia Arraun Lagunak izan da protagonista absolutua, Euskotren Liga irabazteaz gain, Kontxako Bandera ere lortu dutelako, biak lehenengo aldiz. Eskualdeko hiru arraunlarik parte hartu dute lorpen horretan: Ane Sanchez anoetarra, Maider Zumeta ibartarra eta Xubane Uribarrena lizartzarra.