2022ari dagozkion udal zerga, tasa eta prezio publikoak onartu ditu Amezketako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 19a, 12:11

Amezketako Udalak urriaren 28an eginiko bilkuran onartu zituen, behin behinekoz, 2022ari dagozkion ordenantza fiskalak, hau da, udal zerga, tasa eta prezio publikoen inguruko zenbait erabaki. "2021. urtean nabaritu da pandemiak ekarritako krisi ekonomikoa, batik bat, Kontsumorako Prezioen Indizeari dagokionez, azken urteetako handiena izaten ari baita", azpimarratu dute.

Amezketako Udalak hurrengo urterako udal zerga, tasa eta prezio publikoak onartu ditu. Urriaren 28an egindako bilkuran aho batez adostu zituzten 2022ko Ordenantza Fiskalak, behin behinekoz. Dokumentua jendaurrean ikusgai dago udal bulegoetan, eta edozein herritarrek 30 egun balioduneko epean egoki ikusten dituen alegazioak egin ahal izango ditu.

Urtero egin izan den proposamenetan Kontsumorako Prezioen Indizearen –KPI– bilakaera eta beste herriek dituzten tasak izan dituzte kontuan. Horrez gain, zerbitzu publiko berrien tasa eta prezio publikoen doiketak egiten dituzte. Irizpide horiek aztertuta, pandemiagatik 2020. urtea zaila izan zen zela adierazi dute, eta "2021. urtean nabaritu da pandemiak ekarritako krisi ekonomikoa, batik bat, Kontsumorako Prezioen Indizeari dagokionez, azken urteetako handiena izaten ari baita", argitu dute udaletik. Bestetik, beste herriek dituzten tasen inguruan, Amezketa bezalako herri txikien presio fiskala 633koa dela esan dute, eta Gipuzkoako bataz bestekoa 602koa dela. Amezketak, aldiz, presio fiskal txikiagoa du, 407koa, hain zuzen ere. Guzti honen gainean, Amezketako udal ordezkariek beraien hausnarketak egin dituzte "herritarren ahalmen ekonomikoaren" eta udalak eskaintzen dituen "zerbitzu publikoen arteko oreka izateko".

Ordenantza fiskalen inguruan erabakiak hartzeko Amezketako Udalak, urtero, Gipuzkoako KPIaren abuztuko urte artekoa hartzen du kontuan. 2022. ekitaldiari dagokionez, aipatu KPIaren igoera %3,3koa izan da. Horrela, ondasun higiezinen gaineko zerga; jarduera ekonomikoen gaineko zerga; trakzio mekanikozko ibilgailuen gaineko zerga; eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, %3,3 igoko dituzte 2022an. Hiri-lurren balioaren gehikuntzaren gaineko zerga deritzona, berriz, Amezketako Udalak ez du aplikatzen.

Esandako zerga gehienek beren hobariak dituztela adierazi du, ordea, Amezketako Udalak. Azken urteetan onartutakoak eta aplikatzen dituztenak dira, hala nola, familia ugarientzat, energia berriztagarrien ekoizpenerako sistemak instalatuta dituzten etxebizitzentzat, edota kotxe elektriko eta hibridoentzat. Hobari horietatik 2020an baserri zaharrak berritzeko obren gaineko zergan %50eko hobaria ezarri zuela udalak azpimarratu dute, eta zaharkituta dauden etxeak berritzen laguntzeko asmoarekin, 2022tik aurrera hirigunean dauden eta 1980. urtetik eraberrituak izan ez diren etxeen eraberritze integrala egiteko %50eko hobaria ezarriko zaiela adierazi dute. "Herritarrei gogorarazi nahi zaie hobari horien onuradun izan daitezkeela".

Udal zerbitzu publikoetan aplikatzen diren tasen inguruan, aldiz, gehienak bere horretan mantentzea erabaki dute: "Ez dago igoerarik hondakinen tasan, udalekuetako prezioan edota etxez etxeko laguntza zerbitzuan". Salbuespena gimnasioaren zerbitzuari dagokionean egin dute. Bataz beste, 10 euro igoko dute bazkide izateko kuota herritarrentzat. Udalak igoera hori justifikatu du prezioa, oro har, "herrikoia" delako "eskaintzen den zerbitzu onarekin alderatuz". Zerbitzuaren gastua bazkideen kuotekin orekatu nahi dute.

Ur hornikuntza

2021ean egin duten moduan, 2022an ere, ur hornikuntzaren hobariaren kasuan, 2015. urteaz geroztik abonatu guztiei aplikatzen zitzaien hobaria %25 jaitsiko dute, baina salbuespen gisa, "Arazketa kontzeptuagatik kobratzen zaien abonatuei hobaria bere horretan mantenduko zaie", azaldu dute. Iaz arrazoitu zuten bezala, "udalak uste du progresiboki uraren prezio publikoak beste udalerrietan bezalakoa izaten joan behar duela", eta arrazoitu dute: "Uraren saneamendu azpiegituraren lanak, ondo bidean, 2022. urtearen bigarren sei hilabetean hastekoak dira, eta udalari inbertsio garrantzitsuak suposatuko dizkio".

Udal zerga eta udal zerbitzuen tasa eta prezio publikoak aurreikusi dituzte, eta Amezketako Udalak ordenantza fiskalek duten garrantzia azpimarratu du: "Hauek udal aurrekontuaren sarreren %40 inguru suposatzen dute".

Bukatzeko, udalak, "erabateko prestutasuna" agertu du gai honen inguruan udaletxera hurbiltzen diren herritarrei "behar diren azalpen guztiak emateko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!