Altuna III VS Laso _ Lau eta Erdiko Finala 2021

Berriro txapeldun, final lehiatu eta ikusgarrian

Imanol Garcia Landa 2021ko aza. 14a, 20:14

Hirugarren txapela lortu du Jokin Altunak lau eta erdian, bigarrena jarraian, eta bosgarrena orokorrean, buruz burukoan dituen biak gehituta. Finalean Unai Lasori 22-20 irabazi dio.

Historia egiten ari da Jokin Altuna. Hogeita bost urte besterik ez ditu, eta bere bederatzigarren finalean, bosgarren txapela jantzi du amezketarrak. Hirugarrena jantzi du gaur lau eta erdian, Bizkaia frontoian jokatutako finalean. Eta bere ibilbidean bosgarrena jantzi du, buruz burukoan dituen biak kontuan hartuta. Aktiboan dagoen txapel gehien dituen pilotaria bihurtu da, beraz, Altuna III.a.

 

Partida tentsio handiarekin hasi da, Lasok sakez bi falta eginez, baina aldi berean oso gogor jokatuz. Lasok berak egin ditu tanto guztiak, aldekoak zein kontrakoak, eta 2-4 jarri da markagailuan aurretik. Altunak askatzea lortu du pixka bat bere tentsioa eta lehen tantoa egin duenean bete-betean ospatu du, 3-4 jarriz. Hortik aurrera bere jokoa inposatu du Altunak, pilota ondo mugituz kantxan zehar, eta tantoei bukaera nola eman asmatuz. Amezketarrak 9-4raino eraman du markagailua.

 

Hor ikusi da ere Lasok ez zuela amore emango, eta bi tanto egin ondoren, pixka bat gerturatu da pilotari nafarra. Altunak, baina, partida ondo ari zen eramaten, eta berriro ere abantaila bost tantotara jarri du, lehen atsedenaldira 12-7 iritsiz. Bazirudien amezketarrak partida mendean zuela, baina bigarren partean norgehiagoka irauli egin da, eta Laso hasi da agintzen. Tantoz tanto gerturatzen joan da, eta hamabira berdintzea lortu du.

 

Hortik aurrera, partida lehiakor eta gogorra ikusteko aukera izan da. Bazirudien Lasok abantaila zuela psikologikoki, partidari buelta ematea lortua zuelako, baina Altunak ez du etsi eta jokoan ez bazen nagusitzen ere, ez dio nafarrari alde egiten utzi. Markagailuan berdinketak bata bestearen atzetik etorri dira. 17na zeudenean, Lasok errestoan ez du asmatu, eta Altunak aukera izan du bigarren atsedenaldi nagusira abantailarekin joateko. Partidaren hasieran bizitako tentsioa zegoen berriro kantxan. Bi pilotariek freskotasun pixka bat galduta zuten, norgehiagoka gogorraren ondorioz, eta Altunak ezkerrarekin ez zuen nahi adina min egiten. Ez zuen gantxoarekin guztiz asmatzen, eta angeluak ezin zituen lehen bezala bilatu.

 

Partidak berdinduta jarraitu du eta 19na egin dutenean iritsi da partidako unerik bitxiena. Epaileek bertan behera utzi dute momentu batean finala. Publikoak “musukoa ez zuela behar bezala jarrita” izan da arrazoia horretarako, Joserra Garai Baikoko gerenteak partidaren ondoren azaldu duenez. Ez da luze joan etenaldia, baina pilotariengan zer eragin izango zuen ikusi behar zen. Hurrengo tantoan Lasok txapara bota du eta 22-19 aurreratu da Altuna. Nafarrak, baina, ondo jokatu du hurrengo tantoa eta berriro ere berdinketa iritsi da markagailura. Hor finaleko tanto erabakigarriena izan da, baita ikusgarriena ere. Laso ari zen agintzen, baina Altunak asmatu egin du txokoan utzi behar zuela pilota, eta amezketarra agintzera pasa da, azkenean tantoa lortuz.

 

Ondoren iritsi da azken tantoa, Altunak sake on bat eginez: Lasok ezin izan du ondo erantzun eta 22-20 bukatu da finala. Amezketarrak besoak gora jaso ditu. Azken finaletan publikorik gabe jokatu dute pilotariek, baina oraingoan bi mila pertsona baino gehiago zeuden harmailetan. Haiei begira ospatu du Altunak beste garaipen handi bat. Sufrituta, baino berriro ere txapela jantzi du Altunak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!