Altuna III VS Rezusta _ Buruz Buruko Finala 2021

Opari politena, ikusleen itzulera

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko eka. 26a, 11:59

Amezketako Udalak eta Zazpitturri Pilota Eskolak antolatuta, omenaldia egin zioten, atzo, Jokin Altuna buruz buruko txapeldun berriari Amezketako Larrunarri pilotalekuan.

Amezketako Larrunarri pilotalekuan atzo jokatutako jaialdia ez zen beste edozein jaialdi Jokin Altunarentzat. Musukoaren atzean ere, poza nabari zitzaion buruz buruko txapeldun berriari, eta noski, baita herriko pilota eskolako haurrei ere, bere idolo eta irakaslea dena, bertatik bertara zutela ikustean. Pilotariak izan ohi dira frontoiko protagonistak, baina Amezketako Udalak eta Zzpitturri Pilota Eskolak elkarlanean antolatutako omenaldi xumeak hartu zuen pisua atzokoan, eta beraz, Altuna bera izan zen protagonista handiena.

Zazpitturri Pilota Eskolako ikasleek egindako pasilloa zeharkatu zuen lehenik, eta beste aldean agurra dantzatzeko zain zituen Eider Agirre eta Nahia Aranburu. Hauen emanaldiaren atzetik, Igor Goñik eta Mikel Balerdik, lore sorta eta oroigarria eman zioten, Zazpitturri Pilota Eskolaren izenean. Iñaki Amundarain Amezketako alkateak, berriz, txapel bat oparitu zion, amezketar guztien izenean. Azkenik, herritar batek hartu zuen hitza: Anjel Mari Peñagarikanok. Hiru bertso kantatu zizkion, eta horietan gogoan izan zituen duela gutxi zendu den Jokin Altunaren aitona Joxe eta, lesio bat tarteko, buruz buruko finala jokatzerik izan ez zuen Iñaki Artola pilotari alegiarra.

Atzokoan, gainera, bazuen beste berezitasun bat jaialdiak. Izan ere, ikusleak berriro harmailetara itzuli ziren. Aurrerantzean, %60ko edukiera beteta izango dute frontoiek, eta pilotari guztiek eskertuko dute berotasun hori. Omenaldiaren amaieran, Altunak hartu zuen hitza, eta herritarrak nahiz udala eskertzeaz gain, pilotazaleak goraipatu nahi izan zituen: "Niretzako oso berezia da gaurko eguna, ez soilik txapeldun izan naizelako, eta egin didazuen omenaldiagatik, baizik eta zuek, afizioa, pilota munduan garrantzitsuenak zaretenak, berriz hemen zaudetelako. Besarkada bat guztiontzat!".

Atzokoan, ordea, txapela ez zuten nahi bezala ospatu amezketarrek, eta ondorioz, data zehatzik oraindik ez baldin badute ere, aurrerago, Xalton Zabala Amezketako Pilota Eskolako zuzendari eta entrenatzaile ohiak eta Altunak, merezitako eguna izango dute; Amezketako Udala ari da guztia prestatzen. Hain justu, Jokin Altunak, Beñat Belokik eta Ibai Amundarainek hartu zuten iaz Xalton Zabalaren lekukoa, Zazpitturri Pilota Eskola hiruren artean aurrera eramateko; Altuna bera da eskolako lehendakaria eta astean behin joaten da umeak entrenatzera.

San Fermin torneoa, martxan

Partida hasi aurretik, Altunak adierazi zuen, hitz egiteko orduan, kantxa udaletxeko balkoia baino gustukoagoa duela, eta ederki asko utzi zuen agerian hori. Erakustaldi handia eskaini zuen, Tolosa bikote zuela, Urrutikoetxea eta Aranguren Baikoko pilotarien aurka. Gainera, garaipen batekin borobildu zuen omenaldia: 22 eta 18 izan zen azken emaitza. Jaialdiko lehen partidan, berriz, Peio Etxeberriak 22 eta 16 irabazi zion Dariori, Lau Eta Erdiko San Fermin Txapelketaren kanporaketan.

Hain justu, bihar jokatuko du Jokin Altunak, txapelketa horretako kanporaketa, Salaberriaren aurka, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. 17:00etan hasiko da jaialdia, eta bigarren neurketan ariko dira Altuna eta Salaberria. Gaur, ordea, eskualdeko beste pilotari baten txanda izango da. Jon Ander Peña tolosarrak, Lasoren aurka jokatuko du, Leitzako Amazabal pilotalekuan. 17:00etan hasiko da jaialdia, eta hirugarren eta azken partida jokatuko dute bi aurrelariek. 

Erlazionatuak

"Elbiak asko daude, holakoak gutxi"

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 eka 26 Amezketa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!