ELKARRIZKETA

«Oso urte gutxitan hona izugarrizko desastrea etorriko da»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko eka. 4a, 07:58
Eneko Karrera baserritarra Amezketako Lizeaga baserrian. E. MAIZ

Amezketako Lizeaga baserrian jaio zen Eneko Karrera Aranburu. Umetatik tokatu zitzaion baserrian aritzea, eta txiki-txikitatik izan zuen garbi baserritik bizi nahi zuela. Hamahiru urterekin eskola utzi eta esnetarako behiekin hasi zen etxean lanean. 

Aitari ikasita, lurrari lotutako nekazaritza lantzen du. Gipuzkoako esne sektorearen argazki beltza atera du: 40 urtetan, 4.000 baserritan esnea ateratzetik, egun, 150 bat baserritan baino ez da ekoizten esnea.

Gazte garaian erraza egin zitzaizun baserriko bideari eustea?

Oso erraza egin zitzaidan. Eskolara joateari utzi nion nik nahi nuelako, eta baserrian jarraitu, nahi nuelako. Eta baserrian hasi nintzen ikasten, eta baserrian sekula ez da bukatzen ikasten.

Nola gogoratzen dituzu lehen urte haiek?

Nik eskola utzi eta segituan tokatu zen ganadu gehiago jartzeko ukuilu berri bat egin beharra. Ukuilu berriak zekartzan aldaketekin, ilusio horrekin, ganadu gehiago jarri eta esne gehiago. Hori zen gure ilusioa. Garai hartan ere momentu zailak tokatu egiten ziren. Pentsuaren prezioa zela, esnearen prezio baxua, eta orduan ere arazoak izaten ziren. Baina esango nuke, ekoiztuz gero, gaur egun baino arazo gutxiago zegoela saltzeko; marjinak nahiz eta baxuak izan, gaur egunean baino altuagoak ziren.

Asko aldatu da zure baserria?

Ez nuke esango asko aldatu denik. Lana egiteko era batzuk aldatu dira. Etxean lehen familia gehiago izaten zen. Gaur egun familiak txikiagoak izatearekin, jende gutxiago gara. Oraindik umeek ere adin gaztea dute, eta gu ibiltzen ginen moduan laguntzen ibiltzen diren arren, langile pare bat dauzkat. Alde horretatik aldatu da. Ganadu aldetik, bolumen aldetik bai, bestela ez da horrenbeste aldatu. Gehiago aldatu da eskakizun aldetik eta burokrazia aldetik. Gaur egun dugun zorroztasunik ez zen. Askotan pentsatzen dut, edozein enpresa handitan eta gu baino askoz ere fakturazio handiagoa eta mozkin gehiago dituztenetan baino paper gehiago ibili behar izaten ditugula, hemen behi batzuekin ibiltzeagatik bakarrik.

Nolakoa da zure egunerokoa?

05:45ak aldera jotzen du iratzargailuak. Norberak bere egunerokotasuna antolatu behar izaten du. Beti izan naiz goiz jaikitzearen aldekoa; goizean bere garaian hasi, eta iluntzean bere garaian lanak uzteko. Gero, askotan ilundu eta lanean jarraitu behar izaten badugu ere. Behiak jetzi, janak eman, instalazioak garbitu,... Emaztea-eta geratzen dira txekorren lanekin, eta ni kanpo lanerako preparatzen naiz. Lur asko erabiltzen dugu, eta kanpo lanean ere ordu asko dedikatu behar izaten ditugu. Emazteak eta ere, gero arratsalde aldera kanpo lanera joan behar izaten dute.


Urte sasoiak asko baldintzatuko du zuen lana.

Asko baldintzatzen du. Lur asko erabiltzeak, garai bakoitzean lan ezberdinak egin behar dituzula suposatzen du. Udaberri garaian lan gehiena kanpoan egin behar izaten dugu. Azkenean, urte guztirako elikagaiak produzitzen hasten gara. Ari gara belarretan eta bolak egiten. Belar asko egin behar izaten da urte guztia pasa ahal izateko. Artaberdea ere etxean ekoizten dugu, zati bat behintzat. Guzti hori ekoizteko lan asko egin behar da. Belarrak moztu, prestatu, bolak egin, ongarritu... Denboraldia asko luzatzen da.

Lehendik hor bada aldaketa bat. Lehen beranduago hasi eta lehenago bukatzen zen, belarrak ondu egiten zirelako, eta agian ganadua ere larrean gehiago ibiltzen zelako. Orain udaberrian garaiz hasten gara, eta udazkenean berandu bukatzen dugu. Denboraldia luzatu da, nahiz eta udaberri garaia izaten den kolperik handienekoa. Lan asko eta ordu asko, eta ia esateak ere lotsa ematen du, nahiz eta errealitatea den. Goizean seitan hasten gara eta edozein garaitan gaueko hamabietan hor gabiltza, ogitarteko bat edo beste janda. Egun horietan bai egiten da gogorra, eta era berean, eguraldiaren menpekotasuna dugu.

Zeruari asko begiratzen diozu?

Asko begiratzen diogu, baina gero eta gutxiago esango nuke. Gu ere jarrita gaude patrikan erabiltzen dugun gailuari begira. Lehen ohitura gora begiratzekoa zen, baina orain goizean jaiki orduko begiratzen diogu mugikorrari. Alde horretatik orain erraztasunak baditugu lan-golpeak egiteko. Lana antolatzeko asko laguntzen digu. Menpekotasun handia dugu eguraldiarekin, eta izugarri baldintzatzen du. Jendeak ez du imajinatu ere egiten gu zenbateraino gauden eguraldiaren menpe. Garaiaren arabera zein eguraldi egiten duen, baserritarraren errentagarritasunean izugarrizko eragina du.

Zer ematen dizu baserriak?

Baserria nire bizitzaren parte da. Zati handi bat. Hemen jaio nintzen eta hemen bizi naiz, eta askotan pentsatzen dut baserriarentzat bizi garela, nahiz eta ez den horrela. Gurasoek hemendik atera zuten bizimodua, eta emaztearen eta nire ogibidea da. Dena da, tandem baten modukoa da.

Inoiz burutik pasa zaizu dena uztea?

Ez. Hau uztearen aurretik, bizimodua ateratzeko ahalegin asko egingo nituzke baserria eta bere ingurua utzi gabe. Momentu gogor asko pasatu ditugu, eta gaur egun ere pasatzen ari gara. Momentu askotan geure buruari jornala kenduta, eta momentu horietako bat orain bertan bizitzen ari garela esango nuke.

«Gizartea lo dago. [...] Egunean behin baino gehiagotan ahora eraman behar ditugun elikagaiekin honela ibili liteke jolasean? Jan gabe egon behar du jendeak?»


Zein da esnetarako behien egungo egoera?

Asko okertu da. Lehen ere egokitzen ziren urte hobeak edo txarragoak, baina ganaduarekin aberastutako baserritarrik ez duzu aurkituko. Esnearen prezioa baxua izanagatik, duela sei-zazpi urte jaitsi egin zen eta azkenengo urte hauetan hor mantentzen da. Kostuak izugarri igo dira, eta egoera momentu honetan oso-oso larria da. Batez ere, udazkenaz geroztik, pentsuaren prezioak izugarri igo dira. Esnearen prezioa oso-oso baxua da, eta beste produkzio kostuak asko igo dira. Ganaduari 365 egunetan jaten eman behar zaio, jetzi,... ezin duzu deskonektatu, eta momentu honetan esnearen sektorea oso egoera larrian dago.

Igo beharrean jaitsita dago prezioa?

Bai eta igotzeko itxaropen handirik ez dago. Banatzaileek esnea gantxo moduan erabiltzen dute bezeroak erakartzeko, eta esnea balioa galdutako lehengai bat dela esango nuke distribuzioari begira. Kalkulua atzeraka egiten dute, eta geratzen diren hondarrak izaten dira baserritarrentzako, eta momentu honetan oso-oso baxua da.

Eguneroko soldata ateratzea ez da erraza orduan?


Azken urte hauetan, baserritarrok biziraun ahal izateko, geure buruari jornala kenduz ari gara. Eta ez dut edukiko lotsarik hori esateko. Hori horrela da.

Nolako esperientzia izan zen Gipuzkoako EHNE sindikatuko lehendakaria izatea?

Esperientzia moduan oso ona. Izugarri ikasten duzu. Baserri mundutik ez duzu deskonektatzen, ez da beste sindikatuen lan dinamika. Gure denbora libreari edo loari kentzen genion denbora. Alde batetik gogorra zen ordu asko eskaini behar zenizkiolako, baina beste aldetik oso ona. Lanerako lantalde on bat eduki nuen. Baserritar talde on bat ginen zuzendaritzan, eta harreman oso ona eduki genuen, eta gaur egunean oraindik ere mantentzen dugu. Lan asko egin genuen, eta saiatu gabe ez ginen geratu.

Bazterrean zaudetela uste duzu?

Ez dakit bazterrean gauden. Ia ez dakidana da bazterrean ba ote gauden ere. Hori horrela esatea oso gogorra da. Nire ofizioaz ari naiz, eta derrigorrean, aurrera begira ere behar delako, eta bizi dugun egoera honetan oraindik eta gehiago. Gizartea lo dago. Gizartea ez da konturatzen. Pandemia egoera honekin, jendea ez dakit nora begira dagoen. Gaixotasun honek garbi utzi du gauza batzuk bai edo bai, ezinbestekoak direla. Eta horietako bat da janaria. Orain musukoak eta eskularruak dira nahitaezkoak, baina egiteari utzi eta Txinatik ekartzen ziren merkeago zirelako, eta gabe geratu ginen. Eraman egoera hori janarietara. Honelako egoera larri baten aurrean, jendearen joera janaria erosten hastea da. Bada imajinatu ez dagoela. Ez dagoela hori ekoizten duen baserritarrik, eta erosi behar duzula ez dakit nondik eta jartzen dizuten prezioan. Eta ez dakizu ez nola ekoitzi den eta ezta nola erabilia izan den ere. Jendeak egunero, eta egunean behin baino gehiagotan ahora eraman behar dituen elikagaiekin honela ibili liteke jolasean? Jan gabe egon behar du jendeak? Jendea kontziente da gertatzen ari den guzti honekin? Janaria asko eta asko kanpotik datorrela?

Ez du horretan pentsatzen jendeak?

Itsasontzi bat ez atzera eta ez aurrera geratu dela eta mundu guztia aztoratuta. Zergatik? Kanpokoaz dependitzen dugulako izugarri. Baina janariaz ere kanpokoaz dependitu behar da hemen produzitzea edukita? Eta guk janaria bakarrik ez dugu produzitzen. Herrialdearen %80a eta herri txiki hauetan gehiago, guk gestionatzen dugu. Nekazariok kudeatzen dugu. Lehen sektorea, belardiak, basoak, soroak,... guk kudeatzen ditugu eta administrazioak ez dauka kapazitaterik. Administrazioak ez du dirurik hori kudeatzeko guk kudeatzen ez badugu. Hori guztia, momentu honetan airean dago, eta momentu honetan ez baldin bazaio sektoreari ematen behar duen garrantzia, guztia pikutara joateko arriskuan dago.

Errealitate honekin jendea ez baldin bada konturatzen, oso urte gutxitan hona izugarrizko desastrea etorriko da; eta urteetan bueltarik ematerik ez da egongo. Ezagutza hori galtzen erraza da, baina nola landu behar den eta nola lan egin behar den ez baita eskolan erakusten. Hori bertan ikasten da, egunerokotasunean. Gizarteak eta administrazioak buelta bat ematen ez baldin badute, hemen egoera oso-oso txarra etorriko da.

Instituzioek zerbait egiten dutela uste duzu?

Argazkian ateratzeko balio baldin badie bai. Hortik aurrera kontatzen hastekoa ere ez da. Zertaz hizketan ari garen balekite, administrazioek izugarrizko lana egin beharko lukete. Elikagaiez ari gara. Oraindik dendan ez dira falta. Hor falta ikusi bitarte, oraindik oso arinetik dabiltza. Hasi udaletxeetatik, eta behetik gora administrazio guztiak. Udaletxeek askotan esaten dute ezin dutela ezer handirik egin, baina kiroldegiak, frontoiak eta gimnasioak, eta nik ez dut horien kontra ezer, baina udaletxe txikienetik hasi eta denek dituzte. Baina adibidea jarriko dut: Tolosan hiltegi bat dago.

Zer gertatzen da?

Berrogeitik gora udalek osatzen dute mankomunitatea, eta eztabaida dago hori mantentzea asko kostatzen dela. Bertako haragia hor hiltzen da, eta bertako harakinetara banatzen da. Kate baten pieza giltzarri den hiltegi bat, hainbeste udaletxek kudeatzen dutena, eta indartu eta aurrera atera beharko luketena, gaur, oraindik, gehiagoko bultzadarik eman gabe egotea. Itxiko da, ez da itxiko. Udaletxe horiek horri heltzeko seriotasun gehiagorik ez daukate? Sektoreak gehiagorako laguntasunik ez izatea, hori lotsagarria da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!