“Azken urteotan, iraun ahal izateko, baserritarrok geure buruari soldata kenduz ari gara”

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mai. 18a, 18:59

Baserritik saioko protagonista Eneko Karrera amezketarra da. Umetatik du gustuko baserria, eta hamahiru urterekin eskola utzi eta esnetarako behiekin hasi zen lanean. Beltz marraztu du gaur egungo egoera: "Momentu honetan esnearen sektorea oso egoera larrian dago”. Era berean, "nik herri hau ez dut ulertzen baserritarrik gabe", esan du.

Txiki-txikitatik izan du gustuko lana baserrikoa, eta hamahiru urterekin eskola joateari utzi eta baserriko lanari heldu zion Eneko Karrera amezketarrak. Lizeaga baserrian esnetarako behiak ditu.

Lehen urteetan ekoiztuz gero, saltzeko arazorik ez zutela izaten kontatu du. Garai zailak ere pasa behar izan zituztela ekarri du gogora, baina txikia izan arren margen gehiago izaten zutela.

Baserria bizitzaren zati handitzat du. Ogibidea bertatik ateratzen du. "Gu baserriarentzat bizi gara, edo baserria guretzat bizi da”, dio. Tandem baten moduan ikusten du.

Umetatik paperak ez zitzaizkiola gustatzen aitortu du Karrerak, eta orain ere, baserriko lanean, gutxiena horixe gustatzen zaio. Bete beharreko paper guztiek gogaitzen dute, eta eskakizun gero eta handiagoak dituztela-eta, hori ez du ondo eramaten, batik bat, gero beraien produktuei egiten zaien errekonozimendu eskasagatik.

Momentu gogor asko pasa dituztela kontatu du, eta gaur egun ere pasatzen ari direla esan du, baina ez zaio inoiz burutik pasa baserriko lana uztea: “Une honetan gure buruari soldata kenduta ari gara”. “ordu pila, izugarri sartuta ari gara ateratzen jornala, eta honek honela jarraitzen badu bere ondorioak izan ditzake aurrera begira”.

Egoera asko okertu dela salatu du. Duela sei-zazpi bat urte esnearen prezioa, baxua izanagatik ere, jaitsi egin zela esan du, eta bere horretan mantentzen dela gaur egun. Eta kostuak, aldiz, izugarri igo direla azaldu du. “Egoera momentu honetan oso-oso larria da”, dio, batez ere, udazkenaz geroztik, pentsuaren prezioa ikaragarri igo delako, eta esnearen prezioa oso baxua delako. “Momentu honetan esnearen sektorea oso egoera larrian dago”. Ez duela lotsarik aitortzeko esan du: “Azken urteotan, iraun ahal izateko, baserritarrok geure buruari soldata kenduz ari gara”.

Esperientzia "oso ona" izan zuen sindikatuan, eta lan talde on batez inguratua egon zela azpimarratu du. Hori bai, inongo momentutan baserritik deskonektatu gabe. Bi lanak uztartu behar izan zituen.

Sektorean jaitsiera nabarmena

Sektoreak izan duen beherakadan jarri du azpimarra. 40 urtean, 4.000 baserritan esnea ateratzetik, egun, Gipuzkoan 150 baserritan esnea ateratzera pasa dira.

Gizartea lo dago Karrerarentzat, eta pandemia egoera honek garbi utzi duela dio gauza batzuk bai edo bai, ezinbestekoak direla. "Horietako bat da janaria", argitu du. "Jendeak jan gabe egon behar du?" galdera luzatu du, eta atzetik: "Egunean behin baino gehiagotan jendeak ahora eraman behar duen elikagaiekin horrela ibili daiteke jolasean? Jendea kontziente da janaria asko eta asko kanpotik datorrela?".

Erakunde guztiak sartzen ditu barruan, udaletxeetatik hasi eta Eusko Jaurlaritzaraino: “Baserritarraren eguneroko esfortzu horretatik ikusita, gaur, sektoreak gehiagorako laguntasunik ez izatea, hori lotsagarria da”. Eta, kasu bat jarri du mahai gainean: Tolosako hiltegiaren egoera.

"Nik herri hau ez dut ulertzen baserritarrik gabe", dio. Nekazariek egiten duten lan hori "derrigorrez" babestu, indartu eta aitortu egin beharra dago amezketarrarentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!