(H)ari Naizela 200. saioa

«Nik neronek ere oraindik ez dakit nolatan iritsi garen hainbestera»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ots. 26a, 07:59

Imanol Artola ‘felix’ ‘(H)ari naizela’ irratsaioko esataria. E. MAIZ

Imanol Artola amezketarra duela bost urte hasi zen Ataria irratian (H)ari Naizela irratsaioa egiten; gaurkoa 200. saioa izango da, eta modu berezian ospatuko du Gurea antzokian bertso saioa antolatuta.

Ataria Irratiko ahotsetako bat da Imanol Artola Arretxe (Amezketa, 1989) felix-ena. Bertsoa eta Artola lotuta doaz, 2016ko urtarrilean egin zuen lehen bertso saioaren ostean iritsiko da 200.na. Amasa-Villabonako Gurea antzokian jarriko du irrati estudioa, gaur, 19:00etan, eta bertako mikrofonoen aurrean Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Julio Soto bertsolariak eseriko dira.

200 saio. Erraz esaten da, baina zenbat lan, ezta?

Bai, esan erraz egiten da, baina nik neronek ere oraindik ez dakit nolatan iritsi garen hainbestera. Lan handia da. Asteroko lana, eta «Hik daukek hik lanerako kapazidadea» esan izan dit lagun handia dudan eta bertso munduan dabilen Mikel Artolak. Nik beste lore batzuk bota izan dizkiot, eta agian, bakoitza ez da konturatzen bereez, eta dudan konstantziarako gaitasunaz. Egia da, jada bost urte direla, eta bost urtetan astero-astero lana egin beharra. Erraz esaten da bai, baina egin ez da hain erraz egiten.

Hasi zinenean pentsatzen zenuen, gaur, oraindik saio hau egiten ariko zinela?

Ez nuen ezer planteatzen. Ez nekien nola hasi behar nuen ere. Hastapen haietan astez-astez egitea zen. Eta uste dut 75 edo 80. programan esan niola neure buruari kontatzen hasi behar nuela, eta irratsaio hasiera guztietan esaten hasi behar nuela, 100 gertu ikusten nuelako. 100era iristean Abaltzisketako elkartean ospatu genuen zuzeneko irratsaioarekin, eta 200era iritsiko nintzenik ez zitzaidan iruditzen.

Baina sorrera non du saioak? Nolatan hasi zinen?

Harituzen estrategiaren barruan kokatu behar da. Harituzek hiru lan ildo hartzen ditu: transmisioa, sustapena eta hedapena. Lehen biak gauzatzen ditu Harituzek, baina hirugarren hanka falta zen, hedapena. Antolatzen diren saioei, bertsolaritzari oro har edo eskualdeko bertsolariei hedapen bat ematea.

2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan kokatu behar dugu, eta Oihana Iguaranek Illunbe lehen aldiz zapaldu zuenekoan. Hori da testuingurua, eta justu txapelketa horretan Jon Miranda kazetariak sekulako lana egin zuen txapelketari jarraipena egiten, eta hor esan zen, orain beste batek jarraitu behar du.

(H)ari naizela irratsaioa grabatzen. E. MAIZ

Eta zu parean tokatu zinen.

Hernani utzi eta Amezketara bizitzera etorri berria nintzen, eta doktoretza tesian erabat jartzekotan nintzen, langabezian. Euskadi irratian ere tertulia informal batzuetan aritua nintzen, antzerkia betidanik gustatu izan, Gipuzkoako Txapelketan gai jartzailetan jada hasita… Jada norbait behar dugu zen egoera, eta ni momentu hartan libre nengoen. Egia da irratia betidanik gustatu izan zaidala. DBHn Alegiako eskolan Txintxarri irratian han ibili nintzen saltsan lau urtez, eta proposatu zidatenean gustura hartu nuen, baina ardura ere horrelakoa zen.

Jexux Muruarekin bilera pare bat egin. Felix Irazustabarrenarekin, eta gero Iñaxio Usarralderekin. Usarralde gai jartzaile taldean zegoen eta Egin irratian bertso irratsaioa egiten zuen, eta Mikel Artolarekin ere hitz egin nuen. Ez dakit zenbat kafe ordaindu nituen. Saioak zein egitura izan behar zuen, eta eskaleta bat baino gehiago eginda, eta jendeari pasa eta abar… hastea erabaki genuen. 2016ko urtarrilaren 17an izan zen, ez zait ahazten data. Ingurukoei «esadazue balio dudala» esateko eskatzen nien. Nik neure buruarengan ez nuen fede gehiegi. Baina besteek niregan fedea nola zeukaten, nik haien fedearengan nuen fedea.

Eta esan zizuten?

Bai. Baina nik neure burua entzuten dudan bakoitzean zuzentzeko akats pila bat topatzen ditut. Zeinekin konparatzen duzun ere aldea dago, eta hortik bizi direnekin alderatzearekin mesede txikia egiten diot neure buruari. Jendeak hala ere laudorio dezente bota izan dizkit, beraz, pentsatuko dut alde batetik entzuleak baditudala eta bestetik, bada hain gaizki ere ez dugula egiten. 

Bost urtetan bilakaera izango zenuen?

Irratsaioak nahikoa antzekoak izaten saiatzen naiz. Aldaketak egon dira, baina ez nuke esango hainbesterako izan denik. Batzuek emandako aholkuen bidez joan naiz estiloa aldatzen. Hasieran, esaterako, euskara batuan aurkezten nuen. Tolosaldetik eta Tolosalderako egiten den irratsaio bat dela esan zidaten, eta jota ahoskatu beharrik ez nuela. Aldatzen joan naiz, eta momentu batean, agian, nire etxeko sofaraino joan nintzen, baina orain tarteko bide bat topatzen ari naizela sentitzen dut. Irratsaioan hasiera-hasieratik dagoen marka hitanoa izango da; elkarrizketatu guztiei egiten diet.

Baina erraz hartu zenuen saioa egiten hasteko erabakia?

Kosta zitzaidan. Dezente kostata hartu nuen erabakia. Horrek ez du esan nahi lehenengo aldiz proposatu zidatenean 'ez' garbi bat esan nuenik. Nik uste dut 'bai, baino', izan zela. Itxaron. Segurtasun gehiago behar nuen. Eta azkenean ba ibiliz eta eroriz ikasten dela oinez konturatzen zara, eta segurtasuna mikrofonoaren aurrean jarritakoan hartuko nuela. Lehen irratsaio mordo batean, ez dakit, 10, 15 edo 20 saiotan Iñigo Terradillos aritzen zen teknikari lanetan. Nire lan bakarra elkarrizketatuari galderak egitea zen hasieran, eta gero pixkana joan ginen aldatzen.

Nola gogoratzen dituzu lehenengo saio haiek?

Eskuetako dardararekin. Gogoan dut lehenengoa Felix Irazustabarrenari nola egin nion, eta orria eskuan hartu eta paperak egiten zuen dardara. Berarekin egin nituen Mintzolan bilera bat edo beste, nondik lagundu zezakeen, irratsaioa nondik nora joan zitekeen,… eta lasaitasuna eman behar zidan pertsona zen, baina aldi berean bertsolaritzaz hainbeste dakien pertsona bat da, eta niretzat autoritate bat ere bada. Urduritasuna, eta segurtasun eza ikaragarriarekin gogoratzen ditut lehen saioak. Ez dakit entzuleei ere hori transmititzen nien edo ez. Perfekzio zalea naiz, eta nire segurtasun eza hortik dator.

Gonbidatu asko pasa dira zure saiotik. Bada markatu zaituenik?

Bat baino gehiago dira. Bertso mundutik aparteago daudenetatik Juan Kruz Igerabide. Emozionatuta egon nintzen egun hartan. Txikitatik asko gustatu izan zait, eta bere poesiak eta abar… eta niretzat berezia izan zen. Eta bestea, bertsolaritzarekin guztiz lotuta dagoena, eta ziurrenik oholtza gehienetarikoak zapalduko dituena beste alor batean, Luis Gurrutxuga. Kameralaria eta Hitzetik Hortzeran hantxe egoten dena. Bestelako ikuspegi bat eman zidan.

Buruhausteak sortzen dizkizu saioak?

Sortzen dizkit. Asko. Denetarik. Momentu honetan dudan kezkarik handiena, orain saio gutxi daudenez, materiala izango ote dudan da. Material gehiegi dudanean, berriz, dena jarri ezina izaten da. Beraz, orain tokatzen da lehen jarri ez ditudan bertsoaldiak jartzea, baina kosta egiten zait erabaki hori hartzea. Bestetik, pandemia egoera honetan, gonbidatuak estudiora ekarri bai edo ez. Irratsaio dezente daramatzat jada inor estudiora ekarri gabe, eta irratsaioak lehen zuena galtzen ari ote den... Inork ez dit esan hori, baina nik nire baitan askotan izaten dudan kezka da. Zein iraupen izan behar duen,… kezka asko. Etengabe daude galderak buruan. Generoaren kontua ere hor dago. Orain gutxi arte emakumeak oholtzan gutxi egon dira, eta ez ditut kontatu, baina gonbidatuen artean ziurrenik gizonezko askoz gehiago izan dira. Bertsolaritzaren errealitatearen isla ere izango da hori, baina saiatzen naiz horretan ere. Orain hiru-lau bertsolari izango dira gehien entzuten direnak: Oihana Iguaran, Haritz Mujika, Unai Mendizabal... eta beste batzuk gutxiago entzungo dira. Etengabe oreka baten bila, eta kezka asko dira eta kezkekin jarraituko dut. Saio bakoitzak 8-10 ordu kentzen dizkidala astero kalkulatzen dut.

Zure eguneroko lanaz gain, beste lan handi bat hartzen duzu, beraz.

Bai. Asteazkenetan ematen bada, saiatzen naiz ostegun, ostiral eta asteburu horretan guztiz grabatuta ez badago ere, bertsoen hautaketa, bertsoak garbituta jarri eta ahal bada grabatu ere astelehena baino lehen egiten. Baina, errealitatean, 200 saioetatik %80 astearteetan eta asteazkenetan grabatuko nituen, hau da, azken momentuan beti.

Saioa osatzeko zer duzu nahiago, bertso bazkari bat edo txapelketa baten jarraipena?

Askoz ere errazagoa da bertsoaldiak eginda badatoz txapelketa edo oholtza gaineko edozein saio. Eta beste norbaitek grabatu eta bere balorazioa eman badit, askoz ere hobeto gainera. Esaterako, txapelketetan, ni ez naiz ausartzen zein bertsoaldi bai eta zein ez aukeratzen. Epaileen puntuazioak hartzen ditut. Aldiz, bertso bazkari edo afariek gauza asko dituzte zail. Testuinguru hartan funtzionatzen duenak, gero irratian funtzionatuko duen ez dakizu. Horrelakoetan askotan entzulearekin sartzen dira, eta orduan zentsura lana tokatzen da.

200 saio. Zer eman edo kentzen dizu '(H)ari Naizela'k?

Kendu denbora, eta lasaitasuna ere bai, askotan. Eman, berriz, buruhausteak gehien bat, baina gero badago beste zerbait bost urtetan jarraitzera eraman nauena. Bertso munduari begiratzeko beste modu bat dela esango nuke. Gai jartzaile banaiz, baina irratsaio hau egingo ez banu, orain entzuten ditudan bertsoen erdiak edo gutxiago entzungo nituzke. Bada bertsolaritzaren aktualitatea jarraitzeko bide bat. Bertso munduan konektatzeko eta bertso munduan burua azaltzeko moduak dira ematen dizkidanak, eta batez ere, gonbidatuei egiten dizkiedan elkarrizketak.

Beste 200 bai?

Oraintxe ezetz esango nizuke. Denbora asko kentzen dit, eta ikasturtero neure buruari planteatzen diot: «Beste urtebete bai?». Eta konturatzen ari naiz jada ematen didanarekin konparatuz zenbat eskatzen didan, eta ez zait iruditzen beste 200 izango direnik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!