(H)ari Naizela, Imanol Artola felixek gidatutako bertsolaritzaren inguruko saioa da. 2016ko urtarrilaren 17an egin zuen lehen irratsaioa eta ordutik, asteazkenero Ataria Irratian entzuteko aukera izaten da. Martxoaren 3an 200. saioa egingo du eta hau ospatzeko bertso saio berezia antolatu da. Uhinak izango da saioaren tematika.
Irratsaio hau, Ataria Irratiaren, Harituz Tolosaldeko bertsozaleen topagunearen eta Xenpelar dokumentazio zentroaren hitzarmen baten fruitu da eta bertso saio berezia ere elkarlan horretatik sortutako ekimena izango da. Villabonako Gurea zineman izango da saioa, gaur, 19:00etan.
Ikusleentzako informazioa
Saioa 19:00etan hasiko da eta ateak 18:30ean zabalduko dira. Sarrerak zenbakituak dira eta bakoitzak bere eserlekuan eseri beharko du. Esan bezala, ateak 18:30ean zabalduko dituzte eta 18:50etarako bakoitza bete tokian eserita egotea komeni da. Saiora sartzerakoan, ateratzerakoan eta bertsolariak kantuan ari diren bitartean, osasun neurri eta betebehar guztiak betetzea beharrezkoa izango da.
Segurtasun neurriak zorrotz bete behar dira eta ondorioz, honako betebeharrak izango ditu ikusle bakoitzak:
- Gurea zinemaren kanpoan zain daudenek ilara mantendu beharko dute eta pertsonen arteko distantzia errespetatu beharko da.
- Sartzerakoan eskuak garbitu beharko dira atarian egongo den gelarekin.
- Bakoitzak bere eserlekuan eseri beharko du eta maskara jarrita eduki beharko da saio guztian zehar.
- Saioa amaitutakoan ilaran eta pertsonen arteko distantzia errespetatuz atera beharko da. Behin saioa bukatuta eta jende pilaketak ekiditeko Gurea kanpoan ez geratzea eskatzen da.
- Arduraz eta lasaitasunez jokatzeko eskatu nahi du Atariak.