Estankoko eraikin zaharra bota eta etxe berriak egiteko proiektua aurkezteko bilera egingo dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 26a, 19:00

Estankoko eraikin zaharra bota eta etxe berriak egiteko proiektua martxan du Amezketako Udalak. Ostegunean, proiektuaren aurkezpena egingo dute, baina egoera dela eta aforo mugatua izango da, eta interesatuek izena eman beharko dute.

Amezketako Udalak garatua du Estankoko eraikin zaharra bota eta etxe berriak egiteko proiektua. Aurreratu dutenez, proiektu horrek, herrirako interesgarria izan daitekeen beste aukera bat ere zabaldu die: Fernando Amezketarraren plazan lur azpiko garajeak egitea eta plaza berritzea.

Guztia herritarrei aurkeztu nahi die udalak, eta aurkezpen bilera ostegunean izango da. Etxebizitzen eta garajeen proiektuaren aurkezpena kultur etxeko areto nagusian egingo dute, 18:00etan. Aurkezpen honetan etxebizitzen eta garajeen planoak eta prezioak erakutsiko dituzte. Ostean, udalak epe bat irekiko du garajeak erosteko interesa dutenek izena eman dezaten. "Dagoen eskaeraren arabera erabakiko da garajeak egingo diren edo ez", esan dute udaletik.

Bizi den osasun egoera dela eta, aurkezpenera pertsona kopuru mugatua sartu ahal izango da, eta osteguneko aurkezpenera joateko beharrezkoa izango da izena ematea 943 65 31 89 telefono zenbakira deituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!