Larrondon ganadua larreratu nahi duenak izena eman behar du

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 15a, 10:00

Amezketako Udalak irekia du Larrondon ganadua larreratzeko izen ematea. Behiak, ahuntzak, ardiak, behorrak eta zaldiak eramateko aukera izango da, eta izena abenduaren 30a baino lehen eman beharko da. 

Amezketako Udalak udaberrian eta udazkenean ganadua Larrondon larreratzeko izen ematea ireki du. Ganaduzaleei luzatu diete deialdia, eta gogorarazi nahiz eta udazkenean larreratu ganadua, izena orain eman behar dutela. Horrela egin ezean, Amezketako Udalak jarraipen zehatza egingo du, eta hartu beharreko neurriak hartuko ditu.

Izen ematea udaletxean bertan egin beharko da hilaren 30a, asteazkena, baino lehen. Ohartarazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiak horrela eskatzen duela, eskatzaileek diru laguntzak kobratzeko eskubidea gal ez dezaten. Izen ematean, ardi edo ahuntz bakoitzeko euro bat ordaindu beharko da, eta behi edo behor bakoitzeko, aldiz, 10 euro.

Behiak, ahuntzak eta ardiak 2021ko maiatzaren 1etik 2022ko martxoaren 31ra bitartean larreratuko dira. Behorren eta zaldien kasuan, berriz, urriaren 12an, Pilarika egunean, irekiko da, eta 2022ko martxoaren 31n, amaituko da.

Bukatzeko bi ohar zehatz egin dizkiete udaletik ganaduzaleei. Batetik, Larrondora ganadurik ez botatzeko Enirio-Aralarko larreetara bota aurretik, hau da, zuzenean Enirio-Aralarko larreetara botatzeko. Eta bestetik, landatuta dagoen landare gaztea eta eginda dauden itxiturak errespetatzeko eskatu dute, landareengan kalterik sortu ez dadin.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!