Ikastaroak jaso edo eman nahi dituztenentzat azken eguna

Ataria 2020ko abenduaren 14a

Amezketako Udalak urtarriletik aurrera ikastaro sorta eskaintzen jarraitu nahi du, eta herritarren ideiak eta nahiak jaso nahi dituzte. Etzi, 19:00etan, Kultura Batzordeak bilera egingo du.

Zailtasunak zailtasun Amezketako Udalak abendua bitartean kultur ekitaldiak antolatu ditu, ahal izan duen moduan. Kultura Batzordeak, Gabonetatik aurrera ere lanean jarraituko duela aurreratu dute, eta herritarrei proposamen berria egin die.

Herritarren ideiak bildu nahi dituzte, eta bi galdera luzatu dituzte: "Zein ikastaro jasoko zenuke?" edo "zein ikastaro emango zenuke?". Alde batetik herrian zein ikastaro egotea nahiko luketen jakin nahi dute. Bestetik, herriko bizilagunei eman nahi diete aukera. Jakituria handiko jende asko dagoela azpimarratu dute udaletik, eta ea norbait ikastaroren bat ematera animatuko litzatekeen jakin nahi dute. Horretarako etxez etxe banatu duten orrian idatzi eta udaletxean entregatu beharko da, edo 606 79 55 36 telefono zenbakira idazteko aukera dago. Biharko da ideiak jakinarazteko azken eguna.

Behin ideia guztiak jasota, Kultura Batzordeak, etzi, hilak 16, bilera egingo du. 19:00etan elkartuko dira eta bertan aztertuko dituzte jasotako ideiak. Herritarrei bilerara joateko gonbidapena luzatu diete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!