Ez da batere eroso aritu Altuna III.a gaurko partidan: "Banekien aurkari gogorra izango zela. Aurreneko sakea botean errestatu dit, eta gero gantxoa eman eta deskolokatu egin nau. Eskuinarekin berak min egin dit, aurrerago kolokatzen nintzelako. Azkenean asko zegoen jokoan, eta bera aurreratu denean ni sentsazio onak ez nituen. Esango nuke gozatzen nuenean ere aurrera egiten ez nuela asmatzen, asko zegoelako jokoan, eta bera ere ondo ikusten nuelako. Hasieran pare bat pilotatara ailegatu egin zait, aurrean utzi dudanean, eta deseroso egon naiz. Partida zaila izan da eta horrelakoak ere jokatu egin behar dira, eta egia esan, oso gustura nago".
Bigarren zatian atzera bota du uneoro Altunak: "Taktika aldatu egin dut. Bi aldiz sake-bueltan dejada utzi dut ez dut asmatu. Berak hanka ikaragarrik ditu eta iritsi egiten da. Bigarren zatian ikusten nuen, ematen nioenean berari kostatu egiten zitzaiola atzeagotik, eta horregatik irabazi diodala". 14-15 galtzen joan da amezketarra eta gero segidan 22 tantoetara iritsi da. 15na jartzea lortu duen tantoa garrantzitsua izan da: "Txokoan dejada utzi du, justu-justu iritsi naiz eta tanto egin diot. Beldurra nuen sakea hartuta 18ra joango zela, eta geratu egin dut, eta ondoren nik egin ditut tanto batzuk. Bigarren partean ez nuke esango asko sakatu dudala, baina behintzat ezkerrerago sakatzen nion. Ez da izan disfrutatu dudan partida bat, baina oso harro noa, ez nintzen ondo sentitzen eta horrelako partidak irabazteak asko esan nahi du".
Bigarren buruz buruko finala jokatuko du Altuna III.ak, 24 urte izanda. "Hasieran banaka kostatu egiten zitzaidan, baina banuen esperantza pixkanaka indartzen joaterakoan ondo ibiliko nintzela, baina inola ez nuen pentsatzen 24 urterekin bigarren finala jokatuko nuela kantxan guztian. Horrek erakusten didana da lana eginez gauzak lortzen direla eta horretan segituko dut". Finalean "partida zaila" izango duela dio, "baina ea ondo jokatu eta irabazten dudan".
Finalean zain izango du Erik Jaka, Amezketako Zazpi Iturri pilota elkartean elkarrekin hazitakoak eta lagun minak. "Txapelketa hasieran esan izan baligute, ez genuen sinistuko. Ametsetako finala da", esan du Altunak. "Berarengatik ere poz handia hartzen dut. Badakit zenbat lan egiten duen eta ondo merezita du, baina ez dut uste berarentzako ezustekoa denik, asko saiatzen delako eta bere buruan asko sinisten duelako. Badakit igandean guztiz mentalizatuta aterako dela irabazteko, eta badakit partida oso zaila izango dudala. Ni nirea egiten saiatuko naiz eta irabazten dudan".