Partida azkarra izan dela esan du lizartzarrak: "Sekulako erritmoarekin hasi gara. Ez agian oso fin, baina bai erritmo handian eta aurreneko tantoak oso gogorrak joan dira. Oso pareko joan gara, berak tanto batzuk egin ditu segidan, nik beste batzuk, baina gero uste dut gorputzari hobeto eman diodala buelta". Elezkano eseri denean zuzi-zuri ikusi duela esan du Jakak: "Ni ez nengoen ederki, baina nire buruari esaten nion sufritu egin behar nuela. Bigarren zatian sakearekin asko asmatu dut, berak ez zekien non kokatu, eta hortik joan da partida".
Tanto gogorren ondoren, sakea norberak izatea asko laguntzen duela azaldu du Lizartzarrak: "Tanto gogorrak direnean eta zure aldera erortzen denean, ondoren sakea izateak asko ematen du. Eta uste dut tanto gogorrenetan lortu dudala nik tanto egitea eta gero hortik etorri da sakeko abantaila hori izatea". 17 tanto egin ditu jarraian lizartzarrak. "Buruz Burukoan berebiziko garrantzia izaten du sakeak eta uste dut nik asko asmatu dudala sakearekin".
Bihar jokatuko da beste finalerdia, Jokin Altunaren eta Darioren artean. Eskualdeko bi pilotari finalean izateko lehen pausoa eman da gaur, eta ea bihar amezketarrak irabazterik duen. "Edozein dela ere aurkaria, finala oso gogorra izango da", esan du Jakak. "Jokinekin dudan laguntasunagatik, biontzat oso berezia izango zen profesionaletan final bat elkarren aurka jokatzea. 8 eta 6 urte genuenetik ezagutzen gara elkar, ordu asko sartu ditugu elkarrekin pilotan, eta nik uste dut elkar hobetzeko balio izan duela, eta ordu horiei esker uste dut hemen nagoela. Bera iristen bada, ordu horietaz ere uste dut gogoratuko dela".