Emakumeak komikigintzan, Euskal Herrian zein Europan

Aitor Arroyo Askarai 2020ko ira. 20a, 07:58
Maite Gurrutxaga euskal ilustratzaileen ordezkaria izan da europar mahai-inguruan. I. TERRADILLOS

Maite Gurrutxaga ilustratzaile amezketarra Bruselako Fete de la BD jaialdiko mahai-inguru batean aritu da nazioarteko lau artistarekin. Etxepare Euskal Institutua jardunaldien antolakuntzaren parte izan da.

Maite Gurrutxagak denbora darama haur, gazte eta helduentzako ilustrazioan. Bere hainbat lanek sariak eta aipamen bereziak eskuratu izanaz gain, Gurrutxagak badu ilustrazioaz gaindiko egitasmorik ere, besteak beste, hitzaldi eta mahai-inguruetan parte hartu izan du. Azkena, joan den astean izan zen, hain zuzen, Bruselako Fete de la BD jaialdian.

«Ezinbestekoa da esfera publikoan gure iritzia egotea; bestela, ikuspuntuaren erdia faltako litzateke»

Jaialdi horretan komikiarekin lotura duten tailerrak, hitzaldiak, aurkezpenak, mahai-inguruak eta erakusketak egiten dituzte. Urtero 100.000tik gora bisitari eta 250 egile baino gehiago elkartzen ditu belgikar hiriburuan; baina aurten, osasun neurriak tarteko, artista belgikarrak bakarrik izango dira bertan. Nazioarteko artista gonbidatuek online bidez eskainiko dituzte euren hitzaldi, tailer eta mahai-inguruak.

Jane Austen, harrotasuna eta aurrejuzkuak / Aiete K.E. / 2019. MAITE GURRUTXAGA

Hori horrela, mahai-inguru birtual batean hartu zuen parte sortzaile amezketarrak. Hainbat herrialdetako bost artista elkartu ziren, guztira, Zoom aplikazioa erabiliz: Kaisa Leka finlandiarra, Stepanka Jislova txekiarra, Maryse Dubuc quebectarra, Rachel Saleb israeldarra eta Gurrutxaga bera.

«Gai interesgarriak landu ditugu eta bakoitzak bere herrialdeko egoeraren inguruan hitz egiteko aukera izan du. Aberasgarriena besteen kontakizunak entzutea izan da», horrela hitz egin du ilustratzaile euskaldunak jardunaldiaren inguruan. Emakumeak komikigintzan: ikuspuntu europar bat (Women in Comics: A European perspective) izenpean bildu dira eta askotariko gaiak jorratu dituzte, horien artean, komikigintzaren esparruan emakumeek duten parte-hartzea, sorkuntza prozesuaren nolakotasunak eta zein diren gainditu behar izan dituzten erronkak.

Ilustratzaileen lana etxean egiten dela eta, askotan bakartia izaten dela aipatu du Gurrutxagak. Hori dela eta, esparru bereko kideekin komunikatzea eta esperientzia ezagutzea beti «interesgarria» omen da. Mahai-inguruan beste herrialdeetako egoera ezagutzeko aukera eduki dutela ere nabarmendu du artista euskaldunak, ilustrazioaren esparruaz gain, COVID-19ak eduki duen eraginaz eta egoera horretan lan egiteaz ere aritu direla zehaztu du.

Besteak beste, norberaren bizipenak eta inspirazio iturriak elkarbanatu dituzte; baita ideiak partekatu eta hainbat ondorio atera ere. Amezketako ilustratzaileak esan duenez, guztiek azaldu dute komikien bitartez barneko unibertsoa ateratzeko beharra, eta komikietan aurki daitekeen lan pertsonal eta autobiografikoen oparotasuna artistaren behar horri zor zaiolakoan dago.

Emakumeen komikigintza ezagutarazteari buruz ere aritu dira. Gurrutxagak «oso argi» du gaiarekiko ikuspuntua: «Emakumeok biztanleriaren erdia gara eta badugu zer esanik. Ezinbestekoa da esfera publikoan gure iritzia egotea; bestela, ikuspuntuaren erdia faltako litzateke».

Kanpotik barrura

Komiki egile izateaz gain, kontsumitzailea ere bada Maite Gurrutxaga. Komiki europarra asko gustatzen zaiola kontatu du, eta irakurri dituen lan gehienek jatorri hori omen dute. Komikiei buruz duen ezagutza beste egileen obrak irakurriz eskuratu du artista amezketarrak. Bestelako komikiak atsegin dituela ere nabarmendu du, baina Europan autore interesgarri asko daudela eta sormen handia dagoela uste du.

Euskal Herriko egoeraren inguruan ere aritu da. Gurrutxagaren ustez «kalitatezko lanak» argitaratzen dira hemen ere, baina irakurle heldua oraindik «ez da gerturatu» komikien mundura.

Eusko Jaurlaritzak urtero komikiak argitaratzeko bekak aurkezten dituela era aipatu du artistak. Zehazki, lau diru laguntza ematen ditu komikigintzarako eta, beste hiru, ilustraziorako. Gainera, bi modalitateetan beka bana 30 urtez azpikoentzat zuzentzen da.

Beka horien bitartez, azken urteetan «hainbat proiektu interesgarri» azaldu direlakoan dago ilustratzaile amezketarra: «Askotan, komikiak egiten hasi eta kaxoian geratzen dira, oso luzeak direlako edo finantzaziorik eduki gabe, jarraipenik gabe geratzen direlako; autore lanak izaten dira asko. Diru laguntzen bitartez lan horietako batzuk ezagutzeko aukera zabaldu da».

Hartu arnasa / Donostia Kultura / 2020. MAITE GURRUTXAGA

Egoerara moldatu beharra

Hitzaldietan zein mahai-inguruetan lehenago parte hartutakoa da Gurrutxaga, baina azken hau Internet bidez egiten duen lehena izan da. Esperientziari buruz galdetuta, «gogor samarra» izan dela aitortu du.

Hainbat proba egin behar izan dituztela kontatu du: estekak modu egokian funtzionatzen zutela, guztiek elkar ondo entzuten zutela eta abar. Bide beretik, mahai-ingurua egin aurreko egunetan egunero eduki dituzte hitzorduak proba horiek burutzeko. Prozesua berarentzat «nekagarria» izan omen da, baina testuingurua kontuan hartuta, neurri guztiak beharrezkotzat jotzen dituela ere nabarmendu du.

Izatez, ingelesez izan da mahai-ingurua, Gurrutxagak ordea, Idoia Noble itzultzailearekin egin du lan, erantzunak euskaraz eman behar zituela eta. Hasierako planteamendua bakoitza etxetik aritzea zen, baina, azkenean, itzultzaileak eta ilustratzaileak elkartzea erabaki zuten; Gurrutxaga horrela «seguruago» sentituko zela eta. Etxepare Euskal Institutuaren Donostiako egoitzan elkartu ziren biak, eta artista amezketarrak «azkenean, oso gustura» aritu zela esan du.

Txikiak batzearen indarra

Herrialde bakoitzak bere ezaugarriak dituen arren, guztietan emakume komikigileen egoera antzekoa dela ondorioztatu dutela ere aipatu du Gurrutxagak: «Orokorrean, komikiak argitaratzea zaila da herrialde guztietan; guztiok eduki ditugu zailtasunak publikatzeko garaian».

Laztana / Tupust kolektiboa / 2019. MAITE GURRUTXAGA

Etxeko errealitateari begira, berriz, euskara bezalako hizkuntza gutxitu batean lan egiteak egoera «are zailagoa» bihurtzen omen du. Azaldu duenez, frantsesez, kasurako, komiki asko argitaratzen omen dira eta, horrek, sektoreak indar handiagoa edukitzea eta merkatua zabalagoa izatea dakar.

«Orokorrean, komikiak argitaratzea zaila da herrialde guztietan; guztiok eduki ditugu zailtasunak publikatzerakoan»

Mahai-inguruan, ordea, egoera aztertzeaz eta trabak identifikatzeaz gain, konponbideak identifikatzen ere aritu dira. Jislovak proposatutako ekimena ekarri du gogora Gurrutxagak. Artista txekiarraren ustetan, ilustratzaile zein komikigile txikien arteko saretze prozesu bat antolatu behar da; horrela, batzuek besteen lanaren berri izango lukete eta publiko zabalago batera iritsiko lirateke.

Amezketako ilustratzaileari ideia «oso interesgarria» iruditu zaio, eta sareak abantaila gehiago izango lituzkela ere azaldu du: «Istorio propioak sortzen eta proiektuak burutzen egiten dugun ahalegina oso handia da. Pena da edizio txikiak egin eta jende kopuru urri batengana bakarrik iristea. Sarearen bitartez obrak beste hizkuntza batzuetara itzultzeko aukera ere edukiko genuke».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!