"400 lanen artetik bigarren gelditzeak, poz handia eman dit"

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko abu. 20a, 08:43
Maite Gurrutxaga amezketarrak Lazarillo Saria irabazi zuen, 'Martin' lanarekin, 2015ean.

Maite Gurrutxaga oporretatik bueltan harrapatu du Tolosaldeko Ataria-k. Uztaila emankorra izan da amezketarrarentzat. Alde batetik, 'Hans eta igela' liburua argitaratu da bere ilustrazioekin, eta bestetik, Compostela Sarien XIII. Edizioko finalista izan da 'Bola' lanarekin.

Maite Gurrutxaga ilustratzaile eta sortzaileak “pozik” egoteko arrazoiak ditu. Mundu mailako Compostela Sarien lehiaketan finalista izan da. 400 lanetik gora aurkeztu dira, eta irabazlea Pietro Gottuso italiarra izan da Desde 1880 album ilustratuarekin, eta atzetik, amezketarraren Bola albuma izan da aipamen berezia jaso duena.

 

Mundu mailako sarietan podiuma lortu duzu. Gustura?

 

Pozik. Banekien aurten ere lan asko aurkeztuko zirela lehiaketara, eta zaila izango zela, baina hala eta guztiz ere bidaltzea erabaki nuen. Sorpresa izan da finalista izatearena.

 

Noiz jakin zenuen finalista izan zinela?

 

Ez espero izateko beste arrazoietako bat hori izan zen. Ia egunean bertan esan zidaten. Prentsaurrekoa egin behar zuten egunean. Aurretik zain zaude zerbait esango dizuten edo, eta ezer ez jakite horretan, neure buruari esana nion, listo. Eta ia prentsaurrekoa egitear zeudela deitu zidaten esanez finalista izan nintzela, eta asko gustatu zitzaiela nire lana. Telefonoz deitu zidaten, eta poz handia hartu nuen. Epaimahaiarekin hitz egiteko aukera izan nuen, eta oso pozik nago.

 

Zer esan nahi du zuretzat sari honek?

 

Lan pertsonal bat da, neronek eginiko lan bat hasieratik bukaeraraino, eta baloratua edo aitortua ikusi dut. Horrek poz handia ematen dit, eta argitaratua ikusteko edo izateko esperantza hori ematen dit. Zuk lana egiten duzunean zerorrentzako ari zara, eta zuretzat egiten duzu, eta ez dakizu oso ondo egiten ari zarena ulertzen den edo ez, edo iritsiko den jendearengana. Ulertzen dela, eta argitaragarria dela ikusteak poz handia ematen dit. Ilusioa pizten dit.

 

'Bola' albuma aurkeztu duzu lehiaketara. Espresuki eginiko lan bat izan da?

 

Ez. Pandemia garaiko lan bat da. Aspalditik bueltaka nerabilkien lan bat da. Ideia bat bueltaka nuen buruan. Pandemia garaian, etxean egon behar, eta ez nuenez lan asko, horri eltzea erabaki nuen. Gaiak, era berean, egoerarekin konektatzera eraman ninduen. Ezinegona edo antsietatearen gaia bada, beldurraren aurreko erreakzio bat. Garairako oso aproposa. Orduan egin nuen, bukatu nuen, eta ea zein lehiaketa zeuden begiratu nuen. Hauxe ikusi nuen, eta bidali egin nuen.

 

Zein lan mota da 'Bola'?

 

Album ilustratu bat da, eta mutua da. Hitzik gabea. Neska bati nola bola batek jarraitzen dion etengabe kontatzen da. Ez dio uzten lasai, ahalik eta, neskak bola horri zerbait egitea erabakitzen duen arte molestatzeari uzteko.

 

Mundu mailako saria da.

 

Bi album mutu izan dira sarituak. Ez da ohikoa. 400 lanen artetik bigarren gelditzeak poz handia eman dit. Lanaren kalitatea ikusten da. Egia da gustuen araberako ere badela, baina ilusio berezia egin zidan horrek.

 

Indarra emango du honelako sari batek lan berriak sortzen jarraitzeko, ezta?

 

Bai. Norberaren lanei irteera emateko izan daiteke, eta agian, beste ideiaren bat etortzen zaidanean ere lan horri heltzeko. Honek horrelako erantzuna izan badu, bada jarraituko dut bide horretatik eta ea zer gertatzen den.

 

Bestetik, Inazio Mujika Iraolaren 'Hans eta igela' liburua argitaratu da uztailean eta liburuko ilustrazioak zureak dira. Nolako lana izan da kasu honetan?

 

Urte hasieran jaso nuen lana izan zen. Testuarekin hasieratik konektatu nuen. Lan mota ezberdina da. Testu bat iristen zaizu, eta Erein argitaletxeak argitaratu du. Hor jada badago zeri heldu. Testua asko gustatu zitzaidan. Testu batzuk irakurri eta jada segituan jakiten duzu nola joan behar duen liburuak. Jende asko ikusten nuen, eta horregatik ikusten nuen orri osoa hartuko zuen irudia izan behar zuela. Horrela gertatu zitzaidan, eta erraza izan zen. Segituan murgildu nintzen istorioan. Orain arte akuarelarekin egin dut lan asko eta orain, gouache probatzeko gogoa nuen. Gouachekin egin dut lana, eta asko gustatu zait. Bola ere horrela egin dut.

 

Erraza suertatu zaizu, beraz, lan hori?

 

Gustagarria. Gustura egin dudan lana izan da. Beste asko ere zailak eginagatik, prozesua bera beti da interesgarria. Kasu honetan, teknika aldaketak ere gogoa piztu dit.

 

Aurrera begira zer duzu esku artean?


Urtero Galtzagorrik Marrazioak ikastaroa antolatzen du, eta ilustratzaileentzako ematen den astebeteko ikastaroa da. Juan Kruz Igerabide eta biok emango dugu aurten, eta beste tailerren bat edo beste ere baditut. Ikusi beharko da egiteko aukerarik dugun edo ez. Bestetik, neronen lan pertsonal bati heltzeko gogoarekin nago. Ideia batzuk baditut bueltaka. Ereingo liburu bat argitaratu da, baina bigarrengo bat ere argitaratuko da aurten Mujika Iraolaren testuekin, eta jarraipena izango duen bilduma bat da, eta hirugarrenari ere laster helduko diodala pentsatzen dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!