Atzokoari jarraipena eman diote Talai dantzariek

Ataria 2020ko otsailaren 23a

Bigarren eguna zuten gaurkoa Amezketako talai dantzariek. Eguerdian, herrigunera iristean, omenaldi txiki bat egin diote duela gutxi hil den Ausitxeko Koldoren sendiari.

Atzo bisitatu gabe utzi zituzten inguruak alaitzen aritu dira, gaur goizean, talai dantzariak. Ajearekin edo gabe, indartsu astindu dituzte makilak hauek ere, eta eguerdirako erdigunera iritsi dira. Herri sarreran, dantzari izandako hainbat kide batu dira taldera, eta guztiek batera dantzatuz ekin diote bideari.

Urteroko geldialdia egin dute, aurten ere, Ausitxen. Gaur arte zain izaten zuten Koldo Saralegi, 25 urtez jarraian dantzari izandako herritarra. Duela gutxi hil zen, ordea, eta gaur, haren sendiak egin diete harrera, Koldok dantzari guztiei jartzen zien mokadu berberarekin.  Talai dantzariek, ordea, omenaldi xume bat egin nahi izan diote Koldori, eta bi makila eta bordatutako zapi bat oparitu dizkiete sendikoei. Ausitxeko ateetan familia argazkia atera, eta hamaiketakoa egitera eseri dira, Koldoren omenez.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!