«Orain, janaria prestatu eta etxean hartzen ditut»

Koldo Saralegik (Amezketa, 1953) ondo baino hobeto ezagutzen ditu talaiak. 25 urtez jarraian ibili zen dantzari eta, ondoren, furgoneta jendez beteta ibiltzeaz gain, makina bat aldiz, dantza ere egina da. Gaur egun, Ausitxe etxean egoten da talai dantzariak noiz iritsiko, mahaia bete jan eta edan, prest dituela.

Zein da talaien zure lehenengo oroitzapena?

Mutil kozkorretan, gu baino zaharragoak ezagutu nituen, baina behin-edo izan zen. Ezagutu nituela besterik ez. Desagertu egin ziren.

Berreskuratu zirenean, tartean zinen.

1976. urtean berreskuratu genituen. Nik 22 urte nituen, eta soldadu nengoen, Donostian. Nire anaia ere bazen, bi urte gutxiagorekin eta, beste batzuk, bi gehiagorekin. Inguru horretako jendea elkartu ginen.

Berreskuratzeko gogoa edo beharra sentitu zenuten?

Ziurrenik bai, dirua biltzeko izango zen, batik bat. Beti izaten zen, harentzako edo bestearentzako dirua bildu beharra. Elkartea ere orduan egin genuen, eta ez naiz gogoratzen zergatik hasi ginen, baina horrelako zerbait izango zen.

Zenbateko taldea elkartu zineten?

Ez dakit seguru. Dozenaren bat edo ibiliko ginen. Lehenengo urtean, gogoratzen naiz, denok dena egin genuela. Baserri guztietara joan ginen, ibilbide osoa eginez.

Oinez?

Bai. Asto batek lagunduta ibili ginen. Guztiok amezketarrak ginen, baita musikariak ere. Eta neskak ere, baserritar jantzita, laguntzera joan ziren.

Dantza, mutilek bakarrik?

Bai. Hasieran bai, eta urte dezentetan ere horrela izan da.

Lehen urte hartan, atera aurretik, guztia prestatu behar izango zenuten, ezta?

Taldean bagenituen, pare bat, lehen ibilitakoak, eta zerbait gogoratzen zutenak. Haiek lagunduta, eta guk zerbait asmatuta, horrela atera zen. Eta, bigarren edo hirugarren urtetik aurrera, bi talde ateratzen hasi ginen.

Zergatik?

Talde batentzat gehiegi zen, bi egunetan dena egitea. Batzuk herri erdia, eta besteek beste erdia egiten hasi ginen, bestela, oso luzea egiten zen. Bi taldetan banatu, eta bi ibilbide ezberdin egiten genituen. Handik aurrera, dena bina. Soinu jotzaileak ere bina behar izaten ziren, eta orduan kanpoko bat ekartzera behartu ginen. Eta, gogoan dut lehenengoan Maltzeta trikitilari ezaguna ekarri genuela, eta lehen ere ibilia zela esan zigula. Gerora, neska eta mutil, baina denak herrikoak ibili izan gara.



Nola gogoratzen duzu lehen urte hura?

Igandean eta astelehenean ateratzen ginen lehen. Gogoratzen naiz, lehen urtean, igandean soldadu nengoela, eta ez nuela etortzerik izan. Eta, astelehenerako, berriz, Donostiatik nolabait iritsi nintzen, goizeko zortziak alderako, Amezketara. Ez dakit, 05:30ak aldera-edo abiatu izango nintzen. Eta goiko baserri batean harrapatu nituen. Eta, handik aurrera, bigarren eguneko ibilbide osoa egin nuen.

Festa giroan ibiliko zineten.

Dena zen festa. Dantza, bertsoa, kanta eta parranda. Dena, inauterietan bezala. Aurreneko egunerako zain-zain egon ginen, noiz iritsiko. Gustura.

Jana eta edana ere ez zen faltako.

Gehiegi [barreak]. Gehienetan edo askotan ematen zuten, jatekoa eta edatekoa. Eta guk, emandako guztia, barrura. Jendea eskuzabala zen.

Zain egoten zen jendea?

Lehen urtean asko harrapatu genituen jakin gabe, astelehenean, batik bat. Izan genituen bi aldiz egin beharreko baserriak. Esaterako, aitona soroan zela eta ez zuela ikusi, eta ea berriz egingo al genuen, faborez. Eta horrela ibili ginen.

Gogoarekin hartu zintuzteten, beraz.

Bai, bai. Oso gustura. Eta guk ere gustura egiten genuen. Hiru aldiz egin behar bazen ere. Beste bat tokatu zitzaigun, Bedaion ia. Txistularia zen, eta bera ere garai bateko talaiekin ibilitakoa omen zen. Hura, berriz, gaixo. Dantza egin genuen, eta musika ezagutu omen zuen, baina pasatu egin zitzaion. Guk dantza bukatu. Eta, jaikita zegoela, eta berriz joan eta egin genion dantza. Horrelaxe ibiltzen ginen.

Arropa ere prestatu beharko zenuten.

Erraza zen. Normalean, etxean egoten dira. Alkandora zuria, zapi handi bat bizkarretik, txapela, galtza urdinak, gerriko beltza eta abarkak.

Aurrekoak ere horrela janzten ziren?

Horrela bai, baina ikusita dauzkat irudiak galtza zuriekin ere. Txapela ere ezberdina izaten zuten, borla batekin. Txapela gorria zela esango nuke.

Aurrekoengandik jaso duzue zerbait?

25. urteurrenean omenaldi moduko bategin genuen aurretik ibili zirenentzat, eta baita guretzat ere. Aurretik ibilitako helduak dezente etorri ziren. Plazan dantza egin genuen, eta oso diferente egiten zuten dantza. Batera hasi ginen guztiok, eta bakoitza alde ezberdinera zihoan [barreak]: «Hori ez dek horrela!». Baina bakoitza bere erara ibili zen.

Zenbat urtez ibili zara talai moduan?

Asko, 30 urtetik gora. Aurreneko 25 urteak jarraian egin nituen, hori ziur dakit. Eta, gero ere, furgonetarekin nenbilenean, jantzita joaten nintzen eta, baten bat falta zela eta, neronek egiten nuen dantza. Beste batzuetan, baten bat kendu, eta neroni jarri ere bai. Gustura ibiltzen nintzen.

Belaunaldi askorekin ibili zara, beraz. Erraza izan da jende berria sartzea?

Bai. Beti osatu izan ditugu bi talde, normalean behintzat. Eta orain askoz gehiago ibiltzen dira, beraz, ez dago arazorik. Zortziko bi talde izaten dira. Urtero ezberdinak ikusten ditut eta, nik uste dut, belaunaldi guztiek badakitela. Orain oso gazteak ateratzen dira.

Hainbeste urte eta gero anekdota mordoa izango dituzu.

Bai. Istripuak, min hartutakoak, makilekin behatza apurtutakoak, ... Makila handiak dira, eta indarra ere halakoa izaten da. Abaltzisketakoekin alderatuta, oso ezberdin egiten dugu hemen.

Orain zain egoten zara etxean.

Bai, etxean egoten naiz eltzeak egosten. Lehen ez, baina, orain, janaria prestatu, eta etxean hartzen ditut. Ia bazkaltzeko orduan iristen dira. Aurretik dantza egiten dute, eta jan eta gero ere bai. Gehiagotan ere ematen diete. Emale onak daude.

Herrian festa izanagatik, Tolosara joaten zineten?

Bai, obligazioa izaten zen. Normalean, astelehenetan herrian bazkaldu, eta gero joaten ginen Tolosara. Batzuetan, aurrena, sagardotegira ere bai. Hori egitera ere iritsi ginen. Gero kaleetan dantza egiten genuen, aurreneko urteetan, behin «beti berdina egiten duzue» esan ziguten arte; orduan utzi genion dantza egiteari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!