"Indar gehiago zuen Talaiak etortzeak, neskak edo mutilak ziren begiratu gabe"

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko ots. 14a, 11:59

Larunbatean eta igandean ateratzen dira Amezketako Talai dantzariak, astelehena larunbatarekin ordezkatuta. Ttiri Gorostidi izan zen, duela 25 urte, Talai dantzari moduan atera zen lehen emakumea. Urte gutxira bide bera hartu zuen Uxue Iñurrita herritarrak.

Talai dantzariak izan ziren Ttiri Gorostidi eta Uxue Iñurrita amezketarrak. Emakumeak izanagatik naturaltasun osoz sartu ziren mutilen tradizioa zuen Talaien festan.

Talaien lehenengo zein oroitzapen duzue?

Ttiri Gorostidi: Txikitatik nik behintzat betidanik ezagutu ditut Talaiak Amezketan.

Uxue Iñurrita: Aitak oso maiteak zituen Talaiak, eta bera izan zen behin galdu eta berriz berreskuratze lanetan ibili zena. Beti beraien atzetik ibiltzen zen, eta urte batean bideokamera bat erosi zuen, eta Bedaio aldean eta beraien atzetik nola ibili ginen gogoan dut. Zortzi bat urte izango nituen, eta hori da nire lehen oroitzapena.

Gizonek egin eta ospatzen zuten festa bat zen Talaiena.

T.G.: Nik beti ezagutu ditut taldeetan emakumeak poltsarekin, eta ni neroni ere horrela hasi nintzen.

U. I.: Soinu jotzailea bera ere askotan emakumezkoa izaten zen, eta poltsarekin ere emakumeak ibiltzen ziren. Baina garai hartan dantza gizonezkoentzako izaten zen.

Baina dantzan hasi zen lehenengoa zara Ttiri?

T. G.: Bai, ni naiz lehenengoa. Hasieran poltsarekin hasi ginen beste lagun bat eta ni. Ez naiz oso garbi oroitzen nola hasi ginen, baina pentsatzen dut 'egin ezazu dantza' bat esanez hasi ginela. Gero mutilak falta zirela uste dut dantza egiteko, eta jende faltarekin animatzen al ginen dantzarako galdetu, eta gu aurrera joan ginela.

Naturaltasun osoz sartu zineten taldean?

T. G.: Bai, bai. Hor ez da inongo arazorik egon, ez neskak ginelako ezta bestelakorik ere. Beti onartuak izan gara osotasunean, eta inongo arazorik gabe eman zen.

Zure kasua nolakoa izan zen, Uxue?

U.I.: Herri ekimenean ibiltzen ginen garai hartan, hamasei-hamazazpi urterekin, eta Talai dantzak egokitzen zirenean nahi zuenak parte hartzen zuen. Ez zen emakumezko edo gizonezko bereizketarik egiten; apuntatzen zenak dantza egiten zuen.

Tradizio horri, beraz, ez zaio lotu gizonena soilik den dantza izaerarik?

U.I.: Agian indar gehiago zeukan tradizioa mantentzeak. Urte askoan egon zen gerra garaian-eta egin gabe, eta nik uste dut indar gehiago zuela herrian Talaiak etortzeak, neskak edo mutilak ziren begiratu gabe.

T. G.: Inoiz ez dut ikusi aurpegi txarrik.

Erakartzen zuen festa zen?

U.I.: Bai. Ibiltzen zirenek eragin positiboa ematen zuten. Giro ona egoten zen, eta parranda puntu horrekin nik gogoan dudan oroitzapena da, gogoarekin joan ginela lehen urtean.

T. G.: Ez dut esango zain egoten ginenik, baina nik uste dut barrutik edukitzen genuela horrelako poz bat; parranda zen, gaztea... dena lotzen zuen, eta oso ondo pasatzen genuen.

Gogoan duzue dantza egindako lehen urtea?

U.I.: Nik dudan oroitzapena da Amezketako baserri asko Talaiengatik ezagutu ditudala. Espero ez nuen baserrietatik, espero ez nuen bideetatik ibili ginela eta baserriak, etxeak eta jendea ezagutu nituela. Bestetik, jendeak zein emoziorekin itxaroten zuen gure etorrera; prest egoten ziren beren ardo botilarekin, gailetekin edo kafea prestatuta, eta zer-nolako pozarekin bizitzen zuten Talaien etorrera.

T. G.: Nik uste dut baserritarrak oso zain egoten zirela. Beti zeuden zain, beti zeuden gogotsu, eta prest guri zerbait eskaintzeko.

Zuek gustura hartzen zenuten jatekoa eta edatekoa?

T. G.: Bai, noski baietz. Dena.

U. I.: Oso gustura. Nahi gabe ere bidetxoa egiten genuen, San Martindik abiatu eta Bedaiora jaisten ginen eta... nekatu ere egiten ginen. Gustura hartzen zen bai jatekoa eta baita edatekoa ere.

T. G.: Hasieran, gainera, guztia oinez egiten zen. Gerora furgoneta edota kamioneta batekin hasi ginen. Bitan banatzen ziren, eta esaterako, Larretan, Bartolo aitona ateratzen zen. Talaiak izugarri gustatzen zitzaizkion, asko maite zituen.

U. I.: Nik uste dut denok dugula gogoan Larretara iristen ginenekoa.

Zenbat urte egin behar da atzera? Noiz hasi zineten?

T. G.: 25 bat urte atzera; urte asko. Eta lau edo bost urte egingo nituen.

U. I.: Ni handik hiru edo lau urtera hasiko nintzen. Hamasei-hamazazpi bat urte izango nituen, eta hiru-lau urtez atera nintzen.

Aspertu egin zineten?

T. G.: Ez dakit aspertzea izan zen, baliteke. Jendea atzetik ere bazetorren. Agian inauteriak izan, eta parrandak ez zuen dena lotzen.

U. I.: Ikasketengatik izan zela esango nuke. Arrasatera joan nintzen ikastera, eta agian astelehena ez zen jai izango hemen bezala.

Tolosako inauterien ajerik izaten zen?

T. G.: Bai, urtero. Damutzen ginen goizean, baina hala ere berdin zion. Ateratzen ginen momentutik dena ahazten zen, eta agian gauean berriz ere parrandara joaten ginen. Ondo pasatzen genuen!

U. I.: Indarra genuen garai hartan, eta denerako ematen zigun.

Ondo pasatzea zen helburua, edo dantza fin-fin egitea?

T. G.: Biak. Parrandatik zetozen batzuk, eta gu ere bai. Baserri batzuetan esan egiten zuten gainera: 'Hemen txukun egin behar diagu, e!'. Eta saiatzen ginen ahalik eta txukunen egiten.

U. I.: Festa baserritik baserrira izaten zen. Trikitia jotzen zuten eta guk makilak astintzen genituen. Gainera, baserri batzuetan, eguna ondo hasteko, kafea anis pixka batekin ematen ziguten. Eta ez genuen asko behar izaten aurreko egunekoarekin batzeko. Animatuta ibiltzen ginen hasieratik, baina egia da, dantza egin behar zenean serio egiten genuela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!