«Pieza bakarrak egiten ikusten dut neure burua, benetan sinesten dut horretan»

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 9a, 19:57
Amagoia Etxeberria, erdian, gorriz

Cristobal Balentziaga diseinatzailea du erreferente Amagoia Etxeberria amezketar diseinatzaileak, baina beste asko ere jarraitzen ditu. Goi-mailako joskintzan dabil, eta urte eta erdi darama Hernaniko estudioan. Duela aste batzuk, bere bilduma berria Balentziaga museoan aurkeztu zuen.

'Izan' bilduma aurkeztu berri duzu. Zer egiten du berezi?

Izanbilduma orain dela sei hilabete hasi zen jaiotzen, eta data bat zuen: urriak 18. Kutxa Kultur ekimenari esker atera zen desfile hau. Eguna eta ordua bagenekizkien, baina tokia ez. Ia azken unera arte ez genekien non aurkeztu behar genuen, eta Balentziagan izango zela jakitean, presioa igo zen. Goi-mailako joskintzan eginda dago. Eskuz margotuta daude pieza guztiak. Nire oinarri edo balorerik handiena da, ez ditut bi pieza berdin egiten; bakarrak dira. Etapa honetan eboluzio bat izan dudala ikusten da, eta material nahasketa egin dut. Material arraroak sartu ditut. Ohikoak ez direnak.

Esaterako, zer nolako ehun edo materialak erabili dituzu?

Sekretu bat dela aitortu behar dut. Baina esan dezaket urrea nahastu dudala, eta erronka bat izan dela. Teknika azterketa dago, eta ehun guztiek ez dute berdin asimilatzen. Horretan, ikerketa lan garrantzitsua egin dut. Emaitza polita da, eta uste dut ona dela. Moldeak hautsi nahi nituen, eta sekretua da. Baloreen bila nabil, ematen ditudan pauso guzti-guztietan.

Non izan duzu zure inspirazio iturria edo nondik sortu da 'Izan' bilduma?

Bai andregaia eta baita festa biltzen dituen bilduma bat sortu nahi izan dut, baina definitu gabea. Festa baterako, ezkontzetarako edo okasio berezietarako balioko duena izatea nahi nuen. Ez nuen mugarik nahi. Hautsi egin nahi izan dut, eta andregai batek ez du zertan orain arteko andregai baten parametroetan joan behar.

Estandar baten barruan andregai bat beti zuriz irudikatu izan da. Gaur egun gizartea asko aldatu da, eta asko zabaldu da.

Marfil asko sartu dut, eta beltza ere sartu dut. Garai batean erabiltzen zen beltz hori berreskuratu dut. Izenak dioen moduan izan egin behar dugu, eta bakoitza izan behar dugu. Borobildutako kolekzioa da.

Urrea aipatu duzu eta ikusi egiten da gainera. Zergatik urrea?

Urrea material nobletzat dut. Ez da aldatzen eta urteetan irauten du. Purua da. Ez dago nahasketarik hor.

Prozesu luze bat izango da bilduma bat sortzearena. Zein pauso eman behar dira?

Asko marrazten dut. Bozetoak egiten ditut. Kolore azterketa bat egiten dut, eta bozetoak atzera eta aurrera erabiltzen ditut. Lapitzarekin marrazkiak ehunean irudikatzen ditut, eta gero margotzen hasten naiz. Horrek ez du esan nahi hasitako hori aurrera eramaten dudanik, batzuetan, utzi egiten dut eta berriro hasten naiz beste zati batekin. Sormen prozesua irekita daukat une oro. Ez naiz «hau da eta hau egin behar dut» esaten duten horietakoa. Askotan, bide horrek, agian, beste maila edo sormen batera eramaten nau. Asko borrokatutako lana da.

Eskuz margotzen dituzu.

Denak dira eskuz margotutakoak, pieza guzti-guztiak. Batzuetan dena, hau da, goitik hasi eta beheraino daude pintatuta, eta beste batzuetan, zati batzuk. Ez daude bi marrazki berdin. Hori mantendu egin nahi dut gainera. Goi- mailako joskintzan gauzak horrela egiten dira, edo brodatuta. Nire espezialitatea margotu egiten ditudala da.

Goi-mailako joskintza aipatzen duzu, eta hori da zure filosofia: 'slow fashion'-a. Gaur egungo gizartea horretaz kontziente da? Geroz eta balio handiagoa ematen zaio edo kontrako egoera batean gaude?

Zorionez boladan jartzen hasi da. Horrek esan nahi du, boladan dagoena jarraitu egingo duela jendeak. Baina garrantzitsuena jendeak kontzientzia izatea da. Arropa edo ehun munduak gehien kutsatzen duen industrietako bat da. Asko kontsumitzen baldin badugu, asko kutsatuko dugu. Harro nago esatearekin, nik askoz pieza gutxiago egiten ditudanez, gutxiago kutsatzen dudala. Egiteko moduak ere balore asko ditu, hau da, prozesuak berak. Kontzientzia horrekin, nondik lortu dudan oihala, nola josi dudan... Prozesu osoa aztertu behar da. Nik josi dut, ez dut kanpoko eskulanik kontratatu, eta hori dena gehiketa bat da. Hori dena balore gehiketa bat da. Ez da bakarrik emaitza, bidea nola egin dugun garrantzitsua da. Ondo egiteak balorea ematen dio.

Amagoia Etxeberria markak balorea islatzen du. Zure izena darama, baina markaren bueltan zenbat pertsonek egiten du lan? Zenbat esku behar dira 'Izan' bilduma desfilean ikusi bitarte?

Desfile batek izugarrizko egitura eskatzen du. Ikaragarria da ikusten ez den lana zenbatekoa den. Balentziagako desfilea Kutxa Kulturrek antolatu zuen eta horren atzean jende pilabat zegoen. Zuzendaritzatik hasi, eta argiak, soinua, pantailak, modeloak, makillajea, catering-a, gonbidapenak, eta abar luzea bitarte. Gonbidapenak ere oso zainduak izan ziren, jende zehatza gonbidatu zen eta horren atzean ere lanketa handia egon zen. Izugarrizko lana egin zuten balizko bezeroak bilatzen. Dena zegoen kontuan hartuta. Egunean bertan hamabi orduko lan saioa eskatu zuen...

Guztia desfile bat minutu batzuetan ikusi ahal izateko, ezta?

Bai. Baina atzean izugarrizko lana dago, eta lana mugitzen du gainera, sektore honek. Hori ere kontuan izan behar dugu, hau da, modak lana mugitzen duela. Guztiok ekipo handi bat osatzen dugula azpimarratu behar da.

Non eta Balentziaga museoan. Zer sentitu zenuen desfilea bertan izango zela jakitean?

Inaugurazioan izan nintzen eta orduan neure golkorako pentsatu nuen: «Egunen batean hemen desfilatzea handia izango litzateke, baina hori amets handiegia litzateke». Aukera iristean, aurreneko gauza, loa gutxitzen hasi zitzaidan. Izugarrizko zirrara eragin zidan, eta erantzukizun handiagoa sentitu nuen nik. Muga eta eskakizuna altxa egiten dituzu, eta horrela izan behar du gainera.

Emaitzarekin gustura?

Oso gustura. Oso sentimendu fuerteak dira, eta oso sakona da. Nik gainera, hurrengo egunera arte, ez nuen desfilea ikusi.

Eta ikusteko aukera izan zenuenean?

Izugarria da. «Hori da nire lana», pentsatzen dut orduan. Eta gogoratzen hasten naiz flashmoduan, «hau honela jarri nuen eta beste hura, eta horrekin gustura geratu ez banintzen ere, ondo geratu da...». Kanpotik ikusten ez diren gauza asko ikusten dira orduan.

Soineko bat prestatzen ari zarenean jantziko duen pertsona buruan daukazu?

Bai. Neurrira egiten dut. Pertsona bat daukat aurrean, bezero bat, nortasun batekin. Enkarguak horrela egiten ditut. Nire lana emozioek osatzen eta definitzen dutela uste dut.

Eta zure lanek zein emozio sortzen dituzte. Zein erantzun jasotzen duzu?

Norbaiti soineko bat egitea dagoen gauzarik politena da, hau nirea dela esatea, alegia. Bezeroak gainera, bere parte ere badela sentitzen du, eta dagoeneko berea da. Berak ere erabakietan parte hartzen baitu. Soineko bat neurrira egiten dudanean lehenengo gauza pertsona ezagutu behar izaten dut. Ez fisikoki bakarrik, baizik eta, bera nolakoa den eta zer gustatzen zaion jakin behar dut. Gero hasiko naiz bozetoak egiten. Pertsona da aurrena.

Egoera zehatz baterako jantzi zehatz bat eskatu izan dizute?

Bai, bai. Noski. Ezkontzak, festak edota aktoreak janzteko aukerak ere izan ditut, eta azkenengo hau beste esperientzia bat da.

Alfonbra gorrian ikusi ditugu Amagoia Etxeberriaren jantziak.

Publizitaterik hoberenetakoa da hori. Berak zu aukeratu bazaitu, gauza asko transmititzen ditu horrek. Aktoreek diseinatzaile askoren artean aukeratu dezakete, eta aukeratze horrekin norberaren lana goratu egiten dute.

Zure lanarekin bat egiten duelako.

Bai, eta ez hori bakarrik, gustatu bakarrik ez; nik uste dut sentitu egin dutela, ulertu egiten dutela. Eta prozesua ezagutzen dutenean, oraindik eta gehiago sentitzen dute. Kontzienteago dira soinean daramatenaz.

Nola iristen zara mundu lehiakor horretako estilista horietara?

Errazena eta bide zuzenena aktoreak berak aukeratzea da. Orduan, listo, dena egina dago.

Gertuko pertsonetako bat duzu Sara Zozaya abeslaria.

Bai. Balentziagako nire desfilean jo zuen. Itxiera egin zuen, eta zuzenekoa oso-oso ederra geratu zen, egia esan.

Nola sortu zen zuen arteko harremana eta nola ondu da zuen arteko hartu-emana?

Modu bitxian ezagutu ginen. Beka eman zidatenean Kutxan, aurkezpen moduan desfile bat egin genuen Kutxa Kulturren, Tabakaleran. Sara Zozaya ere bekarekin dago bertan, bere kantuak jarri zizkigutenean, Sara Zozaya entzun nuenean, entzun eta segituan, hau izan behar da nire kanta pentsatu nuen, Berrizkanta, alegia.

Desfilerako abestia utzi zidan, eta eskerrak emateko idatzi nion ostean, eta aukera luzatu nion: «Egunen batean kontzertu edota diskoko argazkiren baterako edo zerbait behar baduzu jar zaitez nirekin harremanetan». Astebetera geratu ginen, kafe bat hartuz elkar ezagutu ginen, eta jarraian nire jantziak probatzeko proba egin genuen. Fittingproba horretan alderik misteriotsuena aukeratu zuen, nire alde ilun horretaz orduan jabetu nintzen.

Zeure burua gehiago ezagutzeko balio izan dizu?

Bai, hori da. Askotan gauzak egiten ari gara, eta kolekzio bat sortzen ari gara, eta bilduma hori zure lanaren irudikapena da... Bere aukeraketa orduan oso kuriosoa izan zen.

Moda eta musika beti elkarrekin joan dira, eta sinergia horiek oso garrantzitsuak dira. Bi pertsona ondo elkar ulertzen badira, elkarlan oso ona aterako da hortik. Aberasgarria izan da, eta harreman oso polita daukagu orain. Bere kontzertuetan nire hainbat arropa jantzi izan ditu ordudanik.

Nola lagundu dizu Kutxa Kultur ekimenak zure ibilbidean?

Donostiako Tabakaleran dago Kutxa Kultur, eta arlo askotan daude lanean, baina duela hiru urte hasi ziren modarekin, sektore honi bultzada bat emateko asmoz. Hemengo diseinatzaileen lana azaleratzeko, alde batetik, eta bestetik, gehiago ikasten laguntzeko. Ikastaroak jasotzen ditugu. Ez da bakarrik gure lana erakusteko, baizik eta, guk aurrera begira bilakaera bat izateko. Ni urte luzez ari naiz moda munduan, baina ikasten jarraitu beharra dago. Gauzak mugitu eta aldatu egiten dira, eta enpresa arloa ez da ahaztu behar, negozio honetan. Ez da soilik lana ondo egitea, ondo erakutsi behar dago, eta saltzen jakin beharra dago. Aukera eskaini zidaten eta oso pozik nago. Behin ere ez da pentsatu behar dagoneko nahikoa ikasi duzula, beti ikasten jarraitu beharra dago.

Irakasle lanak ere egiten dituzu.

Bai, astean zehar, arratsaldetan. Donostian batetik, eta bestetik, hemen gertu, Anoetan. Maila oso ezberdinetako jendea elkartzen da bertan. Lehenik erreminta guztiak erakusten dizkiet, eta gero josteko makinari beldurra kentzen hasten gara. Eta poliki-poliki patroigintza sartzen hasten gara.

Artista ere bazara. Margolaria zara.

Tolosako Matxin Labaien margolariarekin ikasi nuen, eta oso-oso harro nago. Txikitatik aita eta amari margotzen ikasi nahi nuela esaten nien, eta Amezketan ez zegoenez, eskolatik atera eta Tolosara eramaten ninduten. Bederatzi urterekin jada olioarekin margotzen nuen. Nire ihesbidea zen, eta izugarrizko ilusioa egiten zidan.

Noiz elkartu zenituen joskintza eta pintura?

Bada, behin pintura kontrolpean izan nuenean eta joskintza barruan sartuta nuenean. 2000-2002 artean hasi nintzen batzen. Urteak pasa dira, ez nuen segituan jaiotza hori egin.

Gerora begira, non ikusten duzu zeure burua?

Pieza bakarrak egiten ikusten dut neure burua. Benetan sinesten dut horretan, horrela izan behar du. Eta ordu gehiago dedikatu nahi dizkiot margotzeari; gehiago margotzea gustatuko litzaidake.

Erlazionatuak

"Hau amets handiegia da"

Naiara Roldan de Aranguiz 2019 aza 18 Amezketa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!