"Zaleei oso eskertuta nago, asko laguntzen eta animatzen nautelako"

Imanol Garcia Landa 2019ko aza. 13a, 11:59

Gustura aritu da Altuna III.a Lau eta Erdiko txapelketan, eta orain borobildu egin nahi du Amezketara txapela berri bat eramanez.

Elkarrizketa saio luzea egitea egokitu zitzaion Jokin Altunari (Amezketa, 1996) aurreko ostiralean. Lau eta Erdi Txapelketako finala jokatuko du igandean, Ezkurdiaren aurka, Iruñeko Nafarroa Arenan, eta ia prentsa guztiari egun berean kasu egin ondoren, azken egunak lasaiago igarotzeko aukera izango du.

Zer moduz arratsalde pasa prentsakoekin?

Gustura. Beti hobea da elkarrizketak egitea, ez egitea baino. Azkenean finalean gauden seinale da. Horrelakoak egiten ere pixkana ikasten ari gara. Garrantzitsua izaten da ez gehiegi asetzea, finalera begira lasai egoteko. Garrantzitsua baita azken egunetan finalera begira egotea, lasaituta, zentratuta egun horretarako ondo egoten.

Laugarren finala duzu segidan. Bengoetxearen aurka lehenengoa galdu eta bigarrena irabazi, eta iazkoa Ezkurdiaren aurka galdu. Orain irabaztea tokatzen da, beraz.

Hori da nahi duguna, gero zer tokatuko den behin ere ez da jakiten. Egindakoari ez diot asko begiratzen. Laugarren finala dut jarraian, eta hori positiboa da. Orain aurretik ditudan hamar egunak bizitu, pribilegiatua naizelako hamar egun hauek bizitzeko aukera izateagatik ere. Eta ahal dudan ondoen prestatu, gero final on bat egiteko.

Nola dituzu gogoan aurreko hiru finalak?

Guztiak ezberdinak izan dira. Aurrenak nahiko ezustean harrapatu zidan. Bigarrengoan bai ala bai iritsi nahi nuen finalera, txapeldun atera nahi nuen. Eta ondo atera zen. Iazko txapelketa oso zaila izan zen niretzako. Positiboa ere izan zen; lesionatuta egon nintzen eta kasik entrenatu gabe atera nintzen. Nire pena da ez nuela gozatu txapelketa horretan.

Txapelketan zehar oso indartsu ikusi zaitugu fisikoki.

Gustura aurkitu naiz. Partida gogorrak izan direla uste dut, batez ere Jaka eta Lasoren aurka. Alde horretatik gustura nago, baina oraindik ez da bukatu txapelketa eta balorazio positiborik ez dut atera nahi.

Nola ikusi duzu Ezkurdia txapelketan?

Ondo ikusi dut, oso indartsu. Aurkari oso arriskutsua da, beti irabazi behar zaion pilotaria da.

Finalerdiak ikusita, pixka bat faboritoagoa zara?

Nik gehienbat nire buruari begiratzen diot. Bera oso ondo ikusi dut txapelketan, eta egia da partida batzuetan larriago ibili dela, baina eskarmentu handiko pilotaria da, horrelako partidetan dena ematen duena, eta seguru partida oso zaila izango dudala.

Azkenean Jaka ez da finalera pasa. Pena pixka bat eman dizu?

Pixka bat bai, Erikek ere merezi zuelako hor egotea. Baina aurkari handi bat topatu zuen eta nik uste dut partida ederra egin zuela. Bukaera arte biek aukerak izan zituzten eta Josebak azkenean irabazi zuen, berak gehiago merezi izango zuelako. Erikek lan handia egin du txapelketa honetan, eta hemendik aurrera seguru kontrario gogorra izango dela beti.

Uste duzu txapelketan zehar maila berean aritu zarela?

Esango nuke gauza batzuetan, sakean eta errestoan, partida aurrera joan ahala pixka bat gora egin dudala. Halere, partida guztietan gauza denak egin behar izan ditut ondo, eta finalean ere gauza asko ondo egin beharko ditut irabazi nahi badut.

Nafarroa Arena ez dela frontoirik onena jokatzeko esan izan duzu.

Ez dut frontoiaren aitzakiarik jarri nahi. Kontua gehiago da finalerdia irabazitakoan normalean bi aste izaten ditugula finala prestatzeko, eta lehen astean ezin izan dugu joan. Pilotariek hamabost egun nahi izaten ditugu partida ondo prestatzeko, eta pena hori da. Gehiago gustatzen zaigu ezagutzen dugun frontoi batean jokatzea. Baina han jokatu behar da eta badakit berak irabazten badit ez dela izango frontoiarengatik.

Prestaketa berezirik egiten ari zara finalerako?

Txapelketa guztian aste bat izan dugu partida prestatzeko, eta finalerako bi aste ditugu. Lehen aste honetan lan indartsuagoa egiten ari gara eta gero bigarren astea teknikoagoa izango da, hainbeste karga sartu gabe. Garrantzitsuena ondo iristea da egun horretara.

Hainbat final jokatu dituzu, irabazi ere bai. Buru aldetik prestatzen zara?

Nik uste dut orain finala duzulako ez duzula erotu behar. Prestaketa ez da egin behar bakarrik finala duzunean, urte guztiko lana da, eta ez bakarrik entrenatzea. Gustatzen zait pilota partida asko ikustea, aurkariak zertan ari diren hobetzen ikustea. Pilotarako bizi naiz, ikaragarri gustatzen zait, eta niretzat garrantzitsua da gauza horiek urtean zehar ikustea, ez bakarrik txapelketa batean sartuta zaudenean. Ez naiz ari prestatzen psikologikoki sekulako azterketak eginez. Badakit zein diren bere armak, nireak zein diren ere berak badaki, eta borroka horretan gailentzen denak irabaziko du.

Finaletan dena ematera joaten zaren horietakoa zara. Ez zara partidatik ateratzen.

Orain arte egia da final guztietan borrokan egon naizela, batzuetan hobeto eta beste batzuetan okerrago. Helburua ere hori da, final honetan ere bukaeraraino borrokatzea. Ea irabazten dudan, ederra izango litzateke-eta txapela irabaztea.

Nola egin daiteke burua hotz izateko. Hori ere entrenatu daiteke?

Ez dakit. Nik behintzat nire buruari argi esaten diot: gusturago etortzen naiz etxera galdutakoan ere dena eman dudanean, hustu naizenean, aurkariak errez irabazi didanean baino. Markagailuan atzetik noan une horietan ere, besteak markagailuan alde handia duela baino hurrengo pausoa sakea errekuperatzea dela pentsatzen dut eta gero saketik mina ematen hastea.

Aurtengoan ere herritik eta eskualdetik joango dira zaleak. Ze garrantzia du horrek?

Asko entzuten ditut, giroa jartzen dute. Amezketako asko izaten dira, eta herritik kanpo ere laguntzen didan jende asko izaten da. Oso eskertuta nago, asko laguntzen didatelako, asko animatzen nautelako, eta ea denon artean lortzen dugun txapela etxera ekartzea.

Zure kuadrillakoekin ere aritu gara solasean eta kazetari lanetan jarri ditugu. Honakoa beraien galdera: finaleko eguna nola biziko duzu?

Goiz esnatuko naiz, gosaldu, bizarra moztu, kotxea hartu eta Tolosara joango naiz gasolina botatzera. Etxera bueltatuko naiz, lasai egon, eta gero txandala jantzi eta frontoira joango naiz 20 minutuko aktibazio moduko bat egitera. Izerdi pixka bat bota, etxera joan, dutxatu, bazkaldu, ordu erdi bat geratuko zait atseden hartzeko eta ordu biak aldera Iruñera abiatuko naiz. Finala bukatu eta gero Zalbide sagardotegira joango gara. Egun oso polita izaten da, eta ilusioz gainezka egongo gara ahal dela irabaziz ospatzeko. Ez badut irabazten ere, ospatu egin beharko da, azkenean niretzako egun handi bat delako, Amezketa bezalako herri batentzat ere, eta ea denon artean egun polita pasatzen dugun.

Erlazionatuak

Finalera joateko autobusa

Tolosaldeko Ataria 2019 aza 13 Amezketa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!