EUSKARA ETA FEMINISMOA -Bidegurutzea elkargune-

Norbere gidoitik ateratzeko deia

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko aza. 7a, 20:41

'Generoa eta hizkuntzen elkargunea eraikitzen' hitzaldiak osatu du zikloko laugarren saioa, Amezketan, Itziar Gandariasekin; aldibereko zapalkuntzak eta erronkak izan ditu hizpide.

Norbere burua kokatzeko proposamenarekin ekin zion, asteartean, Itziar Gandariasek, Amezketan eskaini zuen hitzaldiari. Euskara eta Femnismoa: bidegurutzea elkargune zikloko laugarren saioa eskaini zuen Generoa eta hizkuntzen elkargunea eraikitzen eta, besteak beste, hizpide izan zituen Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan plazaratutako erronka nagusiak ere.

«Euskaldunok askotan esan behar izan dugu nor garen, baina garrantzitsua da norbere posizioa argi uztea, denok baitugu posizio bat munduan». Euskaldun berritzat bere burua aurkeztuz, bere genealogia errepasatu zuen, amonaren figurari fokua jarri, eta ama hizkuntza abandonatzera behartutako emakumeak gogora ekarriz.

Maria Reimondezen hausnarketei tira zien horretarako: «Emakume asko behartuta sentitu izan dira ama hizkuntza uztera. Hizkuntza hegemonikoaren eta generoaren arteko intersekzioa da, bi zapalkuntzek bat egin dutenekoa». Bide beretik Gloria Anzaldua feminista txikanoaren kontzeptu bat bere egin zuen Gandariasek: «Terrorismo linguistikoa aldarrikatzen du, eta euskal testuinguruan aplikagarria izan daiteke. Biolentzia egunero gertatzen da, hizkuntzarekin lotuta».

INTERSEKZIONALITATEA, AMETS BAT?

Zapalkuntzen pilatze horri begira, intersekzionalitate teorian sakonduz jarraitu zuen Itziar Gandariasek. Gaur egun asko entzun eta erabiltzen den terminoa izanagatik, ideia eta hitza bera aspalditik datoz: «Batzuentzako, azken hamarkadetan genero eta feminismo ikasketei egindako ekarpen interesgarrienetakoa izan da intersekzionalitatea. Beste batzuentzat, berriz, moda eta neologismoa besterik ez da; zerbait akritikoa». Iritzi truke horren aurrean, ordea, berak argi dauka, intersekzionalitateak zabaldu egin dituela teoria eta praktika feminista, eta genero kategoriak arreta guztia izatea galarazi duela, «beste ardatz batzuk ere gurutzatzen baitira generoarekin».

Amets bat. Gaur-gaurkoz, hori iruditzen zaio intersekzionalitatea Gandariasi. «Bidean gaude, eta bide hori egin nahi dugu, hori da garrantzitsuena». Baina tartean, hainbat hutsune ikusten ditu.

Adibidez, intersekionalitatea zapalkuntza teoria bezala ikustea: «Subjektu intersekzional estereotipatuak sortzea besterik ez dugu lortuko». Bestetik, erabilera desegoki horren haritik, Gandariasek elkarren artean zapalkuntzak neurtzen hasteko arrisku bat ere ikusten du: «Nor dago zapalduago? Uste dut bide hori ez doala inora, sistemak jarraitu egingo duelako bereak egiten».

1851n Sojourner Truthen diskurtso probokatzailetik hasi, Combahee River Collective taldearekin jarraitu, eta Angela Davis edo Patricia Hill Collinsen lanak aipatuz, Gandariasek gogora ekarri zuen, horiek guztiak irmoki interpelatu zituztela emakume zuri, heterosexual eta mendebaldekoen diskurtso hegemonikoak, pribilegio lekuei inongo kritikarik ez egin izanagatik. «Emakume eta feminismo esaten dugunean, nor sartzen dira hor?». Aldagaien arabera, patriarkatuak forma desberdinak hartzen ditu, eta desberdin zapaltzen.

Eta horixe azaltzera dator Lucas Plateroren definizioa ere: «Intersekzionalitateak erakusten digu pertsonok kokaleku bat dugula, eta kokaleku horrek gure bizitzako aukera eta gaitasunak baldintzatzen dituela». Ez baita gauza bera, oraindik ere, beltza edo zuria izatea.

Eta horri ere azalpena eman nahi dio intersekzionalitate edo elkarguneen teoriak: «Pribilegioen teoria ere bada, eta hau aztertzea gutxiago gustatzen zaigu, izan ere, besteek pribilegiatu garela esaten digutenean, gure zapalkuntza auzitan jartzen dela iruditzen zaigu».

Durangoko Salda Badago jardunaldiek Euskal Herriko mugimendu feministaren agendan utzitako erronka nabarmenetako batek hizpide horri egiten dio erreferentzia. «Mingarria da norbere pribilegioak onartzea, kontraesanak onartzea, baina bizitza kontraesanei heltzea da».

Horrela, beraz, kulpa sentitu beharrean, Itziar Gandariasek ardura hartzera deitu zuen, ariketa pertsonal eta kolektibo bat egitera, «asteburuan bizi izan ditugun deserosotasunekin zer egingo dugun ikusteko». Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako esperientzia abiapuntu hartuta, gerturatze politikak aipatu zituen gako moduan, eta desberdintasunak aukeratzat jo, norbere identitateak mugiarazteko.

Erlazionatuak

Danbatekoa

Erabiltzailearen aurpegia Eider Olazar Elduaien, Tolosaldeko Asanblada Feminista 2019 aza 07 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!