EUSKARA ETA FEMINISMOA -Bidegurutzea elkargune-

Danbatekoa

Erabiltzailearen aurpegia Eider Olazar Elduaien, Tolosaldeko Asanblada Feminista 2019ko aza. 7a, 19:00

Feminismoak ez zaitu inoiz epel utziko. Barruak mugituta etorri gara asteburuan izan ditugun Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetatik. Emakume arrazializatuek argi esan digute: «Zuek, emakume zuriak, gu zapaltzen ari zarete. Eta zuenganako neurriak hartu beharrean gaude. Esaterako, espazio ez-mistoak, emakume zuririk egongo ez den espazioak».

Eta Landakok dar-dar egin zuen. Eskerrak ostirala zela, eta aurretik asteburu osoa genuela gaiaz patxadaz hitz egin, eta hausnartzeko. Baita Itziar Gandarias Goikoetxearen hitzaldian eta ondorenean ere.
Itziarrek esan digu, bakoitzak kokaleku bat dugula, zapalkuntza ezberdinak gurutzatzen diren kokalekua, eta bertatik, idatzitako gidoi horretatik, irteteko aukerak badaudela. Horretarako, ezinbestekoa da elkarri gure diskriminazioen berri ematea, gero elkarrekin borroka egiteko. Eta, gainera, abantaila dugula euskaldunok, posizio ez hegemoniko bat izateak laguntzen duelako beste diskriminazioak sentitzen. Hortaz, euskara aukera da.
Ezinbestean burua gure antolakuntza espaziora doakit, Tolosaldeko Asanblada Feministara. Nola ari gara? Gure «etxera» gonbidatu bai, baina etxeko sentitzen al gara guztiak? Eta euskarak zer eragin dauka horretan, euskara ulertzen ez duena taldearen parte al da? Euskaraz bizi gara gu, eta, beraz, xuxurlari lanak egiten ditugu bolondreski, euskara ulertzen ez duenari momentuan itzuliz; oharretan ideia nagusiak bi hizkuntzetan jartzen ditugu. Baina, nahikoa ote? Bidea nola egin hausnartu beharrean gaude, baina helburua argi izanda: euskara erdigunera ekartzeko apustu argia egin du mugimendu feministak, hori aurrera eramateko tresnak behar dira orain. Gu ari gara, baina politikak aldatzea ezinbestekoa da; gobernu nagusietan dagoen EAJ-PNVk zergatik ez die euskara doakoa, eta ordutegi malguekin eskaintzen herritar guztiei, esaterako? Emakumeen jabekuntza eskoletan bihar bertan has gaitezke horretan.
Hausnartzen eta ideiak geureganatzen joateko hurrengo hitzordua, datorren asteko mahai ingurua izango da. Ziur honek ere ez gaituela epel utziko. Zer da ba, bestela, feminismoa?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!